kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Zubi bat Drinaren gainean / Ivo Andritx (Karlos Zabala) / Alberdania-Elkar, 2010

Zubia itzultzea Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-06-14

Literaturan mota guztietako protagonistak daude, maitagarriak batzuk, gorrotagarriak bestetzuk; den-denak gogoangarriak dira, ordea, ia pertsona biziak baino tartainagoak zaizkigunez gero. Haien artetik gailen agertzen zaigu, Aresti parafraseatuta, haragizkoa ez den harrizko zubi hau, bizitasuna badariolako Drina ibaiko zubiari. Ez da txundigarria, beraz, Ivo Andritxek zubia pertsonaia nagusitzat hartu izana; Nietzscheren arabera, gizakia bera gainditu beharreko zerbait baita, zubia delako eta ez helmuga.

Zubiarena oso metafora erabilia da itzulpengintzaz jardutean. Itzultzailea kulturen eta literaturen arteko zubia da, idazleen eta irakurleen arteko zurubia. Drina ibaiko zubiak Vixegraden Serbia eta Bosnia elkartzen eta banatzen ditu batera, bi erkidego, bi gizalde, bi kultura, bi erlijio elkarrengana itzultzen ditu, ulergarri egiten. Lau mende historia eta istorio biltzen dituen eleberri honek ederto erakusten du zubiak eraikitzea —itzultzea— nolako lan luze eta neketsua den, bai eta eraistea erraz-erraza gertatzen dela ere. Zer hobea zubia baino herrien eta kulturen joanen albiste emateko? Honako zubi honen inguruan benetako gertaerak eta kontaera asmatuak, tradizioak eta asmazioak ehuntzen dira. Karlos Zabala itzultzaile zubigileak zubiaren ehundegian euskarazko jantzia harilkatzen du, Balkanetatik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Balkanetara joateko hitzezko pasabidea. Bosnia, Euskal Herriaren antzera zubi lurra da (lur zubia), hizkuntzen, kulturen eta erkidegoen arteko zubi oinazetua.

Orririk orri, lau mendeko aldi luzean, gaur egun legetxe, herritarrak, jatorri eta etnia guztietakoak, berrehun metroko zubira elkartzen dira eguneroko gauzak bideratzera, hau da, bizitzera. Dena dela, euskal esaera zahar batek zubien aurrean zuhur jokatzeko aholkatzen digu: “Ahuntz duguneko, zubi”. Alegia, zubiraino bertaraino heldu aurretik, ezin dela hura zeharkatu.

Eleberri honetako zubia zenbateraino den inportantea jakiteko, darabilgun buruan mingain gaiztoen arabera Nobel Saria eman ziotela, hain suertez, eleberri honengatik; besteak beste, osagai kultuak eta herrikoiak trebe ere trebe josita doazelako. XVI. mendean hasi eta Lehen Mundu Gerraraino heldu zen aldi luze hartan argi egin nahi izan zuen historiari herri jakinduria gaineratuta, 361. orrian dioskunez, “Giza belaunaldi bakoitzak bere irudipenak dauzka zibilizaziori dagokionez: batzuek uste dute suspertzen lagundu dutela, eta beste batzuek, aldiz, haren gainbeheraren lekukoak izan direla. Izan ere, zibilizazioa beti dago sugar bizian, beti su motelean, eta beti ari da itzaltzen, zer lekutatik eta zer angelutatik begiratzen zaion”. Horixe: nondik begiratzen diogun zubiari.

Irakurtzen dugun ahala, goganbehar moduko bat piztuko zaigu: ez ote gaude Mila eta bat gau moduko baten aurrean? Edo matrioska halako baten barrenean: dramatikotasuna, krudelkeria eta giza gaiztakeriaren alderdirik beltz eta latzena maitasunaren, gozotasunaren eta giza baliorik ederrenen elkarren barruko bidaide agertzen dira. Orain erlijioak bizikide amultsuak dira; segituan, etsai amorratu. Gogoangarriak, konparazio batera, musulmanek harri eta zur eginda kristauak elkar hiltzen ari direla ikusten dituzteneko istorioak. Herrien, hizkuntzen, erlijioen eta gizakien bizikidetza eta kontrakarra txanpon beraren bi aldeak besterik ez ditugu ibaialde bietan.

Karlos Zabalak zeharkatu behar izan duen zubiak berrehun metro barik, bostehun orri luze eta nekezko izan ditu; eta zeharkaldia behar bezala bururatzeko, hainbat oztopo gainditu behar izan ditu: ohiko itzulpen arazoez gain, leku eta pertsona izenak euskaraz egoki ordaintzeko arauak nahiz irakurlearentzako mapa, glosario eta ohar multzo lagungarriak ere prestatu behar beharrekoa izan delako. Irakurleok ez diogu inoiz merezi bezalako pagurik emango, beti izango gatzaizkio-eta zordun. Idazleak eta itzultzaileak, biok biotara —denbora eta leku muga gaindituta—, euskal irakurlearentzat bostehun orriko eta lau mendeko zubi luze horren gaineko ibilaldia arin gertatzea jadetsi dute. Eta ez da eskuratze makala. Ea trilogia osatzen duten beste bi lanak ere laster batean geure egiten ditugun.

Lehen Mundu Gerra artekoa besterik narratu ez arren, neurri batean idazleak XX. mende amaieran zubi haren inguruan izandako jazoera latzen igarle ederra izan zen. Zubiko kapijatik artean ere munduari begira balego legetxe.

Esaera zahar batek dioenez, ez da zubi baten gainean gaizki esaka jardun behar ibaia guztiz zeharkatu artean; beste esakune batek gaineratzen duenez, zubia harriz egina bada ere, zelan jakin segurua ote den? Bertrand Russellek argi adierazi zuen: bizitzan zailena da ikastea zein zubi zehartu behar dugun eta zein erre.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak