kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Mea culpa / Uxue Apaolaza / Elkar, 2011

Egiantzekotasunarekin jolasean Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-06-12

Orain arte, laburrean aritu izan da Uxue Apaolaza, oso ondo gainera. Duela sei urte argitaratu zuen Umeek gezurra esaten dutenetik aurreneko liburua. Ipuin laburrez osatuta dago, oso laburrak batzuk, eta ale onak gordetzen ditu, Bueltak bikaina tarteko —Kattalin Minerrek ipuin horren maila handiko azterketa egin zuen Desira desordenatuak liburu kolektiboan—. Tonu gordineko ipuinak dira, eta zenbait egile berritan nagusitzen ari zen onberatasunarekin hautsi zuen liburuak, besteak beste. Horrez gainera, eguneroko zutabe laburra idatzi zuen garai batean Berria egunkariko Jira atalean, eta Ttakun (h)errenka atalean aritzen da orain Argia astekarian, hiru astean behin. Igartza bekaren laguntzaz argitaratu du Mea culpa nobela aurten, orain arteko lanik luzeena, eta irakurle honengan behintzat interesa piztu du laburrean gustura irakurritakoa luzean nola moldatzen den ikusteak.

Lurren istorioa kontatzen du liburuak; bizileku duen Madril utzi eta Landetara joango da idatzi behar duen nobela bukatzera. Gaztetako gorrotoak eta gutxiagotasun konplexuak direla eta, sasoi bateko adiskide zenbait hiltzea bururatuko zaio, Facebook-en haietako baten kontua beretzat hartuz. Landetan Elisa ezagutuko du, hirurogeita hamar urtetik gora senarra hil zaion emakume lesbiana, eta elkarren bakardadea arinduko dute nolabait. Lehendik ere bere ipuin edo artikuluetan azaldu izan diren gaiei buruz hausnartzeko baliatu du Apaolazak liburua: bakardadea, bizitzaren alde iluna, Euskal Herriko gatazka politikoa, baina, bereziki, erruduntasuna da liburuko gai nagusia, bereziki gaztetan ezker abertzale ingurukoa izateak protagonistari sortzen dion errudun sentipena. Euskal literaturan topiko izatera ere iritsi da ezker abertzaleko kide ohi damutuaren irudia, baina egileak ez du iraganaz damututako pertsonaia onbera eta sinpatikoa sortu, ezta etika irakaspenak emango dizkigun protagonista ere; izan ere, Lur ez da pertsonaia oso etikoa, bere gaztetako ni-az damutuko da, ezker abertzalea babesten zuen ni hartaz, baina ez da errudun sentituko adiskide ohiak hiltzeko orduan.

Liburuaren egiantzekotasuna izan da irakurri ahala zalantza gehien sortu didana. Onartu behar dut irakurtzen hasi aurretik ere aurreiritziak nituela hilketen sinesgarritasunarekin, baina aldez aurretik sinesgarriak egiten ez zaizkidan hilketa horiek guztiz errealak izan diren ETAren eta Espainiako estatuaren indarkeriaren ondoan jartzeak zer pentsa handia eman dit niri behintzat; Euskal Herriko egoera politikoa ere ez da oso egiantzekoa, kanpoko bati azalduz gero. Batzuetan ez zait sinesgarri egin pertsonaia nagusiaren etika: batetik, lotsa sentitzen du ETAren biktimekiko noizbait ezker abertzalearen inguruan egon delako, baina, aldi berean, ez du inolako arazo etikorik bere hilketak gauzatzeko. Dena dela, liburuaren amaieran buelta ematen dio kontuari eta azkenean egiantzekotasunarekin egiten duen jokoa izan daiteke liburuko alde interesgarrietako bat, guztiz konbentzitu ez nauen arren. Horrez gainera, errealitatearen eta fikzioren arteko jokoa dago hainbat mailatan; kasu honetan, erakargarriagoa da narrazioaren barruan gertatzen den jokoa protagonistaren eta hezur-haragizko egilearen arteko antzekotasunek sortzen dutena baino. Bestalde, egileak erabili duen estilo nahasi eta aldrebestua ondo egokitzen zaio sortu duen pertsonaiari. Zenbait pasartetan aurrera egitea kostatu zait eta, nire iritziz, epilogoak ez dio mesederik egiten liburuari —esplizituegia da—, baina, hala ere, nobela interesgarria iruditu zait.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak