kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Errautsen distira / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2002

Oroimena mintzo denean Oier Guillan / Gara, 2002-05-18

Oroimenak osatzen du pertsona, nor bere historiaz jabetzea ezartzen baitu; historia hori bizitzaren une bakoitzean interpretatzen da ostean, zentzu bat emanez eta unez uneko interpretazioak sor ditzakeen gatazkak gainditzera behartuz. Pertsonen oroimenetik eratortzen dira herri baten oroimena, historia propioa, haren interpretazioa eta interpretazio horretatik eratorritako gatazkak. Oroimenaren hariak batez ere nor bere buruarekin ezartzen du aurrez aurre, denboraren lausoak dakartzan argi-itzalen artetik. Oroimen kolektiboak pertsonak aurrez aurre ezartzen ditu, gertakari historikoen lekuko zuzenez gain haien ondorengoak ere hari berean bizi direlarik.

Euskal Herriaren oroimen kolektiboan 1936ko Gerra Zibilak itzal luzea du; gizartean oraindik sakonki erroturik kausitzen ahal da haren eragina. Horixe da Xabier Mendiguren Elizegik Errautsen distira bere azken emaitza honetan darabilen ardatza. Gerrak eragindako.saminaren itzalak eta diktadura bortitz eta luzearen ondorioak egungo gatazka, gabezia eta gizarte egituretan pisu handia dute. Pertsonengana joz gero, oihu isil bortitzetan topatzen ahal da arranguraren ildoa; gatazka asko hitz eginez soilik konpondu ez arren, nabarmen arintzen du ekintza horrek haien zama. Edozein diktadura isiltasunaren inperioa bilakatzen denez, egun etxe bakoitzeko sukaldean bilatu behar lirateke garai haietako orbain sendatu gabeak.

Errautsen distira galtzaileen isiltasunean sakontzeko saioa da, eleberri labur eta ipuin luzearen artean koka daitezkeen lau narrazioen bidez gauzatua. Laurek ahozko kontakizunak dauzkate oinarrian: egungo gizartean murgilduriko pertsonaiak gerra garaiko azken lekukoengana joaz saiatzen dira gainditu gabeko aferen ondoeza arintzen. Lehen bi narrazioak dira laburrenak eta, gaiari dagokionez, autorea motz gelditzen dela senti lezake irakurleak, gaiaren atarian bederen.

“Zapero, gogoan zaitugu” hirugarrenean jasotzen da agian liburuaren xedea hobekien. Bertan errepasatu egiten da gazte baten ibilbideari hiru hamarkadatan zehar. Hasieran 36ko gudariekiko miresmena agertuko da isiltasunetik erauzirik protagonistaren egonezinerako, izan ere, lagun baten aitonarengan aurkitzen baitu erreferentzia nagusia. Ostean, galtzaileen errautsetatik lubaki propioak eraikitzeko beharra agertuko zaio. Azkenik, protagonistak ikerketa lan bat burutuko du, gerrari dagokionez hasieran uste zuen baino errealitate konplexuagoa kausituz: herri xehearen sufrimendua, hilketen oihartzuna, oraino oroimenean erroturik bizirauten duen arrangura, isiltasunetik berreskuratu gabeko gertakizunak…

Horrekin guztiarekin batera, urteetan zehar protagonistaren inguruko jendeak beren idealak zein bidetatik garatu dituen agerian geldituko da ironia puntu batez; gizartea eta pertsonak aldatu arren, iragana orainaren oinarrian indarrez bizi dela kausituko du. Azken ataleko protagonistaren sentimenduetan iraganeko ahaideek pairatutakoek ondorengoen bizitzak zein neurritan baldintzatu ditzaketen gelditzen da agerian.

Mendigurenek berak liburuaren atarian aipatzen duenez, gutxi idatzi dugu euskaldunok 36ko gerrari buruz. Liburuak urrats bat eskaintzen du hutsune hori betetzeko bidean, agian ez guztiz asetzeko modukoa, baina bai burutzear dagoen erronkaren tamaina agerian uzten duena.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak