kritiken hemeroteka

8.027 kritika

Azken kritikak

« | »

Tartariarren basamortua / Dino Buzzati (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2010

Basamortua ikur Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-05-17

Dino Buzzati (1906-1972) idazlearen Tartariarren basamortua alegiatzat jo daiteke, tragedia moral baten inguruan eraikia eta harrapatuta duen errealitate kaotiko eta ulergaitza ulertu gura duen banako baten biran antolatua. Kritikariek Poeren, surrealisten eta Kafkaren eraginak aipatzen dituzte liburu honetaz jardutean, baina Buzzati kazetariak originaltasuna jadetsi zuen estiloaren aldetik, baita entretenimendua garatzeko girotze eta iradokitze efektu bikain-bikainak ere.

Bastiani gotorlekuan bizi diren soldaduak inoiz ere heltzen ez den etsai baten zain daude. Garai hartako italiarrak ere, Mussoliniren hizkera belikosoa lagun eta akuilu, Bigarren Mundu Gerrara joateko prestatzen ari ziren. Bastianikoek bizi-eragile zuten arrisku iragarri halako bat; diktadura italiarrak ere kanpoko etsaia ekartzen zuen etengabe berbabidera eta gomutara herria buruzagiaren ingurura elkartzeko. Ondorioa, bakarra: herrien eta gizakien arima pobretze halako bat, basamortua —urruneko etsaiaren antzera— ameskeriaz betetzera jotzen dutelako gizakumeek. Mussolinik gerra kolonial eroa piztu zuen Etiopian. Eta gerra hartantxe izan zen, hain suertez, Dino Buzzati erreportari. Nola ez dugu guk buruan erabiliko, bada, hara bidalitako soldadu italiarrek eleberrikoen antzera sentituko zirela?: etsai antzematen zaila, paisaia arrotz eta nahasgarri batean egon beharra militar moduan aurrera egin ahal izateko… Nolatan ez pentsatu, bada, Buzzati errealitatetik hartutako elementuak erabiliko zituela basamortu tartariar hura moldatzeko?

Bastiani gotorlekua, espazio eta denbora aldetik lauso kokaturik eta erreferentzia historiko eta geografiko ezagunetatik nahita urrunduta dagoela, paraje irreal moduan agertzen da: ezin esan fantasiazkoa denik; bai, ordea, gandutua, enigmatikoa eta urruna gertatzen dela. Denbora aldetik, bestalde, eleberriak XIX. mendean kokatua dirudi (zaldiz eta gurdiz dabiltza pertsonaiak, kataloxak eta artilleria piezak aipatzen dira, besterik ez…), baina ezerk ez du bestelako lorratzik iradokitzen: denbora gandutua eta zehazgaitza da. Gotorlekuaren antzera: Alpetan legokeela ematen du zenbaitetan (biztanle gehienak italiarrak dira, nahiz eta deitura espainiar eta alemanak ere agertu: diktaduren beste ikur bat?), klimaren eta landareen gaineko aipuek horretan laguntzen dutelako; baina, bestetan, gotorlekuaren inguruak deskribatzerakoan, basamortu afrikar bat edo ekialdetarra irudika liteke. Eta hori guzti hori sano osagai minimalisten bitartez eratu zuen Dino Buzzatik. Eleberri bat nola idatzi ikasi nahi duenak, zenbait kritikariren aburuz, honako hau langai eta eredu ezinago egokia du, batez ere sentimenduak azaltzeari dagokionez. Eta guztiarekin ere, Buzzati eleberrigile baino, ipuingile hobea ei da batzuen iritzian.

“Ametsetan beti izaten da zerbait zentzurik ez duena edo nahasia; bati ez zaio inoiz dena joaten gezurrezkoa delako, berehalaxe esnatu beharko delako sentsazio lausoa. Ametsetan gauzak inoiz ez dira garbiak eta materialak, gizon ezezagunen ilarak hurbiltzen ari ziren jende-gabeko ordoki hura bezala”. Inoiz heltzen ez den etsaiaren gaia baliabide ikaragarria da oso, arerioak zuhurregia dirudielako, inoiz edo behin, sasi agerpenen bat izan eta alarma aizuna eragiteraino (XIV. kapitulua). Noiz azalduko da benetan etsaia? Behinola gazte izandako ofizial gaztea adinean aurrera eginiko gotorlekuko komandante izateraino heldu den unean. Noiz eta ohean gaixo datzanean. Ipartarrak, benetan, XXVII. kapituluan ailegatzen dira-eta: “(…) gizon eta konboi inurritegi bat zetorren Gotorlekurantz”. Baina Drogok, protagonistak, ez du gehiago ikusiko: “Konortea galdurik, parapetoaren gainera erori zen, txotxongilo baten modura”. Zer jazo zen gero? Nolakoa izan zen gudaldi handia? Ezin jakin, eleberrian argitzen ez delako: errefortzuak bidali zituztela diosku idazleak, baina borrokarik gertatu ote zen ala den-dena haluzinazio edo indar erakuste hutsa izen zen ez da inon argitzen. Ala den-dena hipnosi kolektibo antzeko bat besterik ez zen izan, urte batzuk lehenago Cocteauk Thomas l’Imposteur lanean kontatu legetxe?

Kafkaren Gazteluaren antzera, eleberri hau irakaspen eduki handikoa da, baina ez du literatura pedagogiko edo filosofikoaren zama agerikoa: kontatze teknika arin eta erakargarriak darabiltza, eta oso itxiera literario (are zinematografikoa ere) batez hornituta dago. Liburuak itzartzeko beharraz, erne bizitzeko premiaz dihardu, bizitzak egunero aurkez jartzen dizkigun aukerez: murgil zaitez bizitzan, albotik igarotzen zaigun guztia ez delako ostera ere itzuliko.

Harrigarri gerta daitezke Josu Zabaletak itzulpenean darabiltzan zenbait alderdi: jatorrizkoaren puntuazio berezia gordetzea, morfosintaxizko aukera ohiz kanpokoren bat edo beste eta deskuidutxo ia oharkaberen bat; dena dela, itzultzaileak, betiko legez, ikurtzat duen maila eskaintzen du: itzulpen atsegin eta bizkortasunez betea.

Liburua beharbada ez da oso egoki gertatuko depresioaren barrutietatik dabiltzanontzat; izan ere, ez baitago “ezer lur arrotz eta ezagunean, ostatu bateko ohe estu batean, zaharturik eta itsuturik, munduan inor utzi gabe hiltzea baino zailagorik”. Baina hori egia bada, zer adierazi gura du, benetan, akabuko azken esakune hermetiko honek: “Gero, ilunpean, inork ikusten ez badu ere, irribarre egiten du”?

Azken kritikak

Landura
Jose Luis Otamendi

Jon Martin-Etxebeste

Amaren heriotzak libreago egin ninduen
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Feminismoa denon kontua da
Bell Hooks

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Bar Gloria
Nerea Ibarzabal Salegi

Jon Martin-Etxebeste

Ekaitza eta beste 34 ipuin
Kate Chopin

Amaia Alvarez Uria

Desertuan behatxuloa
Anjel Lertxundi

Ibon Egaña

Araka ditzagun gure bazterrak
Askoren artean

Jon Martin-Etxebeste

Kandelikara
Harkaitz Cano

Peru Iparragirre

Zoonomia
Nerea Arrien

Paloma Rodriguez-Miñambres

Itzalen distira
Arrate Egaña

Hasier Rekondo

Ene anaia femeninoa
Marina Tsvetaieva

Amets Iriarte

Zoonomia
Nerea Arrien

Maddi Galdos Areta

Ekaitza eta beste 34 ipuin
Kate Chopin

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haragi hosto
Juan Ramon Makuso

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2022(e)ko iraila

2022(e)ko uztaila

2022(e)ko ekaina

2022(e)ko maiatza

2022(e)ko apirila

2022(e)ko martxoa

2022(e)ko otsaila

2022(e)ko urtarrila

2021(e)ko abendua

2021(e)ko azaroa

2021(e)ko urria

2021(e)ko iraila

Hedabideak