kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Sakoneta / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2011

Aurreiritzien sakonetan Leire Zubeldia / Gara, 2011-04-24

“Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari ostia pare bat!”. Hasiera paregabea iruditu zait: batetik, bat egiten dudalako protagonistaren sumintasunarekin; eta bestetik, “Euskadi sakona” esapideak bete-betean kokatzen duelako irakurlea eleberrian jorratu nahi den gaian. Aurreiritziekin egiten du jolas Xabier Mendiguren Elizegik bere azken nobelan. Mota guztietako topikoak sartzen dira jokoan: herri edo eskualde baten gainekoak, baserrian bakarturik bizi direnei lotutakoak, preso politiko ohien inguruan sortutakoak, kazetariei buruzkoak, herri mugimenduei dagozkienak, gazteekiko eraikitakoa, edota Ertzainen irudiarekin erlazionatutakoak.

Istorioa “Euskadi sakonean” dagoen Sasiondo herrian kokatzen da. Segituan atzematen du irakurleak (Gipuzkoakoek gehienbat) fikziozko izen hori Goierriko zein herriri dagokion. Izan ere, pistak ez dira makalak: Sasiondon AHT eraikitzeko lanak egiten hasi dira. Lehenengo pausoa, desjabetutako lur ustiapen eta eraikinak hustea da. Hor hasten dira arazoak, Marmitte izeneko gizon heldu batek, bere bizilekua den Sakoneta baserria uzteari uko egin eta egoiliarra bertatik botatzeko asmoz bertaratzen diren teknikariak tiroka hartzen dituenean. Segituan zabaltzen da gertakariaren berria. Ez da gutxiagorako: denek gogoratzen dute Sasiondoko baserri batean bi ertzain hilik suertatu ziren ezbehar hura. Gainera, Marmittek ETAko kide izatea egotzita espetxean 18 urte igaro izana, erregai bikaina da sua oraindik eta gehiago berotzeko. Jakin-minak erreta hurbiltzen dira Sakonetara (Euskadi Sakoneko Sasiondo herrian, mendi arteko sakonune batean galduta dagoen baserria) bertako zein kanpoko hedabideetako kazetariak eta AHTren aurka dauden gazte ekologistak. Ertzainei iskin egitea lortu eta Marmitteren baserri ondora iristea lortzen dute, Poliziari ingurua husteko lana zailduz. Inprobisatutako kanpaleku horren bueltan sortzen diren harremanak dira istorioari ukitu bizizalea, komikoa, ironikoa, eta maiz, absurdua ematen diotenak.

Bukaerak berriz, ezustean harrapatu nau. Aitortu behar dut, irakurle honi behintzat ez zaiola batere argi geratu istorioaren amaiera. Agian zalantzarekin, interpretazio ezberdinekin jolas egin nahi izan du egileak. Agian, norberaren aurreiritziak agerian uztea zen bere asmoa. Ni ordea, amaiera argi baten beharrean geratu naiz.

24 ordu eskasean gertatzen da guztia. Bi orri eta erdiko atal laburretan banatzen du egileak kontakizun osoa. Atal horietariko bakoitzaren hasieran, bertan kontatzen denaren eguna eta ordua zehazten ditu. Honek, denboran saltoak egiteko aukera ematen dio egileari, kontakizunean komeni zaion eran aurrera eginez, eta agertoki ezberdinetan gertatzen dena elkar lotuz. Aldi berean, irakurleak ez du galbiderik. “Noiz” jakinda, badaki “nor” eta “non” ari den hizketan. Baliabide eraginkorra da beraz kontakizunean kokatzeko eta behin haria hartuz gero, ordulariari begiratu beharrik gabe pasatzen dira orriak. Behin eta berriz entzuten dugun ideia absurduraino eramanez, istorio dibertigarria sortu du idazle eta editore beasaindarrak. Eta bai, nik ere gustura emango nizkioke “Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari ostia pare bat!”.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak