kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Isilik kantatzeko / Antton Kazabon / Ibaizabal, 2010

Irudiari hitza jarriz Xabier Etxaniz Erle / Argia, 2011-04-17

Poesia liburu baten aurrean gaude, baina hori bakarrik esatea ez litzateke zuzena izango. Antton Kazabonek 44 poema bildu ditu liburu honetan, baina orriak pasatzen hasi ahala bada irakurlea harritzen duen elementu bat, argazkiena. Euskal Herriko bazter ugaritan ateratako koloretako argazkiak ageri baitira poema bakoitzaren ondoan, poemei laguntzen, poemekin liburua osatzen. Liburuaren atzeko azalean ageri den bezala “paisaiei begira jarri da argazkilaria. Une batez, argazkilariari barruko sentipenak eta emozioak piztu zaizkio, eta argazki bakoitzaren alboan idatzi ditu sentimendu horiek”.

Alde estetiko edo formaletik, beraz, bitxia eta erakargarria da obra hau; paper sendoa, koloretako argazkiak, paisaia ederrak… eta horien ondoan poemak, estilo, tonu eta tematika ezberdinetakoak, argazkiek iradokitzen dutenarekin lotuak, Joxerra Garziak hitzaurre argi eta interesgarriak adierazi bezala.

Azken kontu horrek ere, hitzaurrearenak, berezi egiten baitu liburua; izan ere liburuetan, obra literarioetan, hitzaurreak gero eta arrotzagoak zaizkigun garai honetan, Garziak ederki azaltzen baititu liburu honen berezitasuna, liburu honen balioa eta poemetan idazleak erakutsitako abilezia eta aberastasuna.

Irudia eta hitza dira, beraz, liburu honetako elementu nagusiak. Eta hemen irudia islatzea zaila zaigunez, hona hemen hitzaren adibide pare bat, arestian aipaturiko estilo eta tematika aberatsaren adierazgarri: “Hango Hemengo. / Zure etorrian / noa. / Nire joanean / zatoz. / Orain ni hangoa ere banaiz / zu hemengoa ere bazara. / Biok hango / Hemengo” (29. orrialdea). Eta haikuen iturrietatik edandako Taupadaz taupada poema: “Taupadaz / taupada / maitasun huts” (47. orrialdea). Lehen poema horren kasuan neska bat ikus dezakegu argazkian, atzetik sorbalda zati bat eta burua, arroken kontra jo duen uhinari begira; bigarrenean, berriz, taupadaz taupada ari den horretan, Kontxako hondartza ageri zaigu ezkerraldeko argazkiak.

Kazabonek gazte nahiz helduentzako poemak eskaini dizkigu liburu honetan; askotan komentatu izan den zehaztu gabeko muga horretan koka liteke obra hau, eta hori nabari da poemak egiterakoan erabilitako estiloan, sinbolismoan, metaforetan, jolasetan… baita gaietan ere. Maitasuna, lurrarekiko atxikimendua, gure ingurua, askotariko gaiak baitaude liburu interesgarri honetan.

Zalantzarik gabe, hainbestetan aipatu izan dugun bezala, idazle honen bide berriak eraikitzeko eta irekitzeko asmoaren beste adibide argia.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak