kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Zu zara orain txoria / Mikel Etxaburu / Elkar, 2011

Txoria kantuan kaiolari Beñat Sarasola / Berria, 2011-04-10

Mikel Etxaburu “kartzelaren sozializazioaren” politikak harrapatu zuen 2008an, eta bi urtez egon zen espetxean. Amaieran ikus dezakegunez (Alcala-Meco, 2010), han idatzi zituen Zu zara txoria liburuko poemak. Haatik, idazleak berak aitortu du, liburuaren argitalpenaren ondorengo aurkezpen eta elkarrizketetan, idaztearena ez da kontu berria beretzat. Liburua irakurrita laster asko antzematen den gauza da, behinik-behin, euskal poesiaren irakurle badela. Han-hemenka, besteak beste, Joseba Sarrionandia (Izuen gordelekuak) edo Bernardo Atxagaren (Harea, desertua) oihartzuna entzun baitaitezke. Beste zenbait poeten erreferentzia zehatzak ere aurkitzen ahal dira: Rumi, Paul Eluard…

Era berean, liburuaren izenburuarekin zuzenki lotua dagoen poeman, Txoria dator esatera-n, Mikel Laboaren txoriaren ideiatik aski jasotzen duela esango nuke. Poemaren labur eta ederrak merezi du hona osoki ekartzeak: “Egunero dator txoria / ziegako leihora, / zu zara orain txoria esatera / niri jaten eman, / kantuan entzun, / niri kontuak kontatzera / ziegako leihora / egunero dator txoria / gogoraraztera / zu zara orain txoria esatera”. Jakina, liburua goitik-behera dago kartzelako bizipenek zipriztindua, eta, hala, gure arteko beste zenbaiten (Jokin Urain, Xabier Izaga, Jon Etxeandia, Mikel Antza, Sarrionandia bera eta abar) idazki batzuekin erka daiteke nolabait.

Hiru zatitan banatua dago: Ez-lekuak, Leku pribatuak eta Leku posibleak. Lehenengoan da kartzelaren presentzia nabarmenena, eta hor azaltzen zaizkigu, beraz, hango bizitza petralaren gora-beherak; errekuentoak, funtzionarioak eta enparauak. Bigarrenean geografia pribatuago bat zaigu ageri, eta amodiozko poematzat har daitezkeenek osatzen dute. Esan gabe doa kartzelaren esperientziak sakonki kolpekatutakoak direla horiek ere, eta, horrenbestez, urrun daudela maitasunezko poema xalo izatetik, zati hori abiarazten duen aipuetako bat gorabehera: Não seriam cartas de amor se ñao fossem / Ridículas (Alvaro de Campos). Azkenik, hirugarren zatiak kanpora begiratzen du gehiago, utopiaren ideia bidaide. Akaso, azkeneko hori egin zait zatirik irregularrena; beharbada, utopiaren ingurukoak apur bat nekagarriak egin zaizkidalako eta zabalena ere badelako, baina, halaz ere, badira egon ale ederrak —desafio, eskerrak badakigun igeri egiten, belak—. Zati horretan bereziki nabarmena da, orobat, itsasoarekin lotutako iruditeria (marea, marinelak, itsasontziak, klaraboiak), poesian dagoeneko aski erabili izan dena, baina oraindik ere emankorra izan daitekeena, liburuko zenbait poema lekuko.

Aldrebeskeriak saihesten ditu Etxaburuk, poema itxura batean sinple eta zuzenak dira, apaingarri astunik gabekoak. Poemaren barne erritmoa lantzen du gehiago, errepikapen eta forma egituratu jarraien bitartez. Esango nuke Zu zara orain txoria-ko ugari errezitatzeko aski poema egokiak direla, kadentzia egokiz onduak direlako. Agian inori astunegia irudi dakioke errepikarako joera, eta neroni ere zenbaitetan (adibidez, esan eta erantzun) halaxe egin zait, baina emaitzarik onenetan (adibidez, funtzionario izan nahi nuke) Jose Luis Otamendiren poemaren arnasa eta erritmoa menderatzeko gaitasuna ekarri dit gogora.

Azpimarratzeko moduko poema liburua ekarri digu Etxaburuk. Harkaitz Canok hitzaurrean adierazten duen legez, askatasunaren eta ezaskatasunaren artean idatzitako liburua dugu. Akaso, poesia da, hain justu, tarte horretan dagoena. Edonola ere, espero dezagun hurrengoan amaierako Alcala-Meco hori irakurri beharrean, Ondarroa, Taiwan edo Bergen irakurtzea.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak