kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Ordu bietan Frontoian / Jokin Ansorena / Alberdania, 2010

Maitasun guztiak Iban Balerdi / Gara, 2011-02-11

Izenburu kurioso honekin, irakurtzen hasi baino lehen zaila zen erreferentzia zeri egiten zion jakitea. Pilotalekua izan zitekeen, jolasteko ez ezik, elkartzeko toki bezala ere aski arrunta baita. Jokin Ansorena donostiarrak, ordea, Tolosako Udaleko kultur teknikari moduan egiten du lan, eta honek beste Frontoi bat ere esan nahi du herria edo bailara ezagutzen dutenentzat behintzat. Datu honekin batera, beste batzuk ere Tolosako herriarekin lotzen dute kontakizuna, nahiz eta liburuko herriak Bedaiope izena jaso. Gainera, liburuko narratzaile eta pertsonaia nagusia Andres G. Ruiz izeneko Bedaiopeko kultur teknikaria da. Espazioa nahikoa zehatza baldin bada, denbora guztiz da konkretua, 2008ko udazken-negu partean kokatzen delako. Badirudi beraz, kasik denbora errealean idatzia izan zela.

Maitasun istorioek osatzen dute liburuaren muina, elkarrekin lotzen diren maitasun istorio erabat desberdinek. Izan daitezkeen guztiak sartzen saiatu dela dirudi autorea, maitasunak inolako mugarik ez duela argi eta garbi utzi nahian. Bikotekidea topatzeko adin zail samarrean dauden Andres eta Teresa, laurogeiak beteta dituzten Raimundo eta Manuela, amodio gaztearen adibide diren Daniela eta Mario, beraien artean berrogeita hamar urteko tartea duten Magdalena eta Anizeto, etabar. Edadearenaz gain, jatorri ezberdineko bikoteen muga ere hausten ahalegindu da idazlea, poloniar, kubatar eta argentinarrak euskaldunekin nahastuz. Nahasketa atsegina bezain zaila, batez ere egoera desberdinen garapenari dagokionez, batzuk azkarregi egiten baitute aurrera.

Harreman hauek guztiak kontatzeko Andresena bada ere ahots nagusia, beste hainbat zeharkako modu ere erabiltzen dira, gutunak, e-postak eta memoriaren bideoaren kontakizuna, besteak beste. Hari nagusitik behar bezala desberdintzeko bestelako letra motak erabili ditu, eta alde horretatik ez dago zailtasun handirik. Ariketa interesgarria iruditu zait, zenbaitetan baita bizigarria ere, Kultur Batzordearen aktarenari luzeegi iritzi arren.

Aipatutako akta horretan eta liburu guztian oro har, ez da politikarien irudi onegirik eskaintzen. Umorea baliatzen du horretarako eta Satis kultur zinegotzia da horren erakusle argiena, bera baita pertsonaiarik nagien eta parodiatuena. Irribarrea ateraraztea zein zaila den kontuan hartuz, baloratzeko modukoa da beharrezko tonua lortzeko erakusten duen trebetasuna, tarte dibertigarriak sortzeraino.

Amodio istorioez aparte, beste zenbait gaik ere badute garrantzia Ansorenaren nobelan. Esaterako, jan-edanak, askotan baitira hizpide, eta otorduren batera doazen bakoitzean bertan jan behar dutena ere zehatz-mehatz aipatzen da osagarri guztiekin. Frankismo garaiko gertaerek osatzen dute beste erpinetako bat. Orduko gertaerek eta egun oraindik ezkutuan dirauten ondorioek.

Orokorrean kontu eta pertsonaia asko sartzeko iaiotasuna erakutsi du donostiarrak, istorioak bata bestearekin txirikordatzen badakiela eta menperatzen duen inguru bati buruz ari dela. Dena den ni irakurtzen ari nintzela gutxi gorabehera hirurehungarren orrialdean bukatuko zelakoan nengoen, gauzak bideratuta ziruditelako onerako edo txarrerako. Hortik aurrerakoa arraro samarra iruditu zait, pertsonaia berri eta guzti. Amaieran istorioak behera egiten du, aurrez gustura irakurtzen den kontakizun honetan.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak