« Ezagutzen ez duguna, galdu duguna | Oroitzapenen kronika »
Hilobiko isiltasuna / Arnaldur Indridason (Julen Gabiria) / Alberdania-Erein, 2010
Dohakabeak Ander Arana / Diario de Noticias, 2010-12-15
Eskandinaviako nobela beltza modan dago. Ikusi besterik ez dago Henning Mankell, Stieg Larsson, Jo Nesbø, Camilla Läckberg edo Arnaldur Indridason islandiarra direla genero beltzean gaur egun arrakastarik handiena duten egileak, eta gero eta irakurle —eta are jarraitzaile— gehiago dituztela. Hotzetik datozen idazle horiek oso urrun ikusi ditugu oraintsu arte gurean, baina, zorionez, gero eta etxekotuagorik ditugu. Eta horiekin batera, jakina, Europako iparraldeko herrialdeak ere, orain dela gutxi arte hain urrun eta arrotz ikusten genituenak. Ez dakigu zehazki zeri zor zaion idazle eskandinaviarren azken aldiko arrakasta hori, baina zerikusirik izango du, beharbada, herrialde horiek, gure uste okerrean hain zibilizatuak zirenak, Europar Batasunean mila biztanleko delitu-tasa handienak izateak edo emakumeen bostenak genero-indarkeria inoiz bizi izanak, eleberri honetako ama izengabeak lez. Bitxia da, baina nobela honetako azken orrialdera iritsi arte, azken orrialdeko azken lerroetara iritsi arte, ez dugu jakingo pertsonaia horrek izena nola duen, nahiz eta bera izan istorioaren ardatz eta bizkarrezurretako bat, eta ez da kasualitatea. Bera da izenik ez duen bakarra, seguruena ataka berean egon diren eta dauden emakume guztiak irudikatu nahi izan dituelako Indridasonek haren bitartez; izenaren kontu hau ez da, ez, huskeria bat, zeren Arnaldur Indridasonen liburuetan izenek berebiziko garrantzia baitute, hainbesterainokoa non, euskarazko itzulpenean ez, baina beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan itzultzaileak ohar bat jarri duen irakurlea izenen garrantziaz ohartarazteko.
Eleberri honetako beste bizkarrezurretako bat Erlendur inspektorea da. Bigarren Mundu Gerran gertatutako hilketa bat argitu beharko du Sigurdur Oli eta Elínborg lankide finen laguntzarekin, eta Reykjavikeko aldirietako muino hartan bizi zen familia haren bizipen latzen korapiloa askatzen den bitartean, bere bizipenen korapiloa gero eta estuago sentituko du sama estutzen. Izan ere, Erlendur iraganari iltzatuta bizi da: txikitan anaia galdu zuen elur-ekaitz batean desagertuta, eta oraindik ez du trauma hura gainditu. Emaztea eta seme-alabak abandonatu zituen, eta orain Eva Lind alabarekiko harremana berreraikitzen saiatzen ari da, baina auskalo ez ote den berandu izango.
Iaz Mankellen Aurpegirik gabeko hiltzaileak euskaraz irakurtzeko aukera izan ostean (Erlendurrek Wallander ekarriko dio gogora irakurleari, ezinbestean, behin baino gehiagotan), orain Indridasonen hau oparitu digu Alberdaniak eta Ereinek lankidetzan sortu duten Batera sailak, zeinak nazioartean ospe frogatua duten lanak euskaraz emateko asmoa baitu, inguruko hizkuntzetako itzulpenekin batera edo, ahal dela, lehenago. Hilobiko isiltasuna Julen Gabiria bizkaitarrak euskaratu du. Lehendik ere bazuen literatura itzultzeko eskarmentua (Peter Pan, Literatura Unibertsala, 2004), eta honako hau irakurtzean, irakurlea nekez konturatuko da itzulpena ingeleseko bertsiotik abiatuta egiteak jatorrizkotik zertxobait aldentzera eraman duela zenbait pasartetan, baina horrek ez duenez emaitza ezertan ere itsusten, utz ditzagun txikikeria horiek alde batera, irakurleak ez duelako zertan ibili hizkuntza bateko eta besteko bertsioak konparatzen.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi