kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Bulkada / Jon Benito / Susa, 2010

Ezagutzen ez duguna, galdu duguna Igor Estankona / Argia, 2010-12-12

Jon Benito liburu sano borobil eta trinkoarekin estreinatu zen orain dela hamar urte (Aingurak erreketan, Susa, 2001). Bulkada narratibo hau ere elegantzia berberarekin idatzia dago. Obsesioak jotako pintoreak bezala margotzen dizkigu, zehatz, gure belaunaldiaren amodioak. Eutsi egiten die Jon Benitok malkoei eta estridentziari. Hitz egiten digu, baina ez dizkizu hitzak aurpegira botatzen.

Hain maite duen Baskoniaren partidu perfektu bati so imajinatu dut zarauztarra, jokaldi on batek sortzen duen plazera sortzen baitu bere arbelak: kalkulatua dago poemen erritmoa, istorioen pisua. Ehun eta hamaika orrialdeko kontakizun honetan, “nor naiz ni?” galdetzen dio bere buruari. Hasieran markoa erakusten digu: familia, sorlekua, herria eta kultura disekzionatzen ditu, kontuak garbitzeko, kronista batek baino sakonago, eta poeta batek baino hobeki. Bizipenak azaltzeko ahalegin hori ez da metafisikoa, baizik eta zatikien bidezkoa, detaile sutsuekin egina: “Udaberriaren azkeneko izkina hautsia. / Hondarribiko aireportua. / Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren / senideen kontra oldartu zen Ertzaintza”.

Edertasun handiz, gogorraren ederrez, Benito barneratu egiten da, apurka, ulertzen ez denaren uretan, ulertzen ez diotenaren azalpenetan, betiko aldatu diren gauzetan: familiari eta sorlekuari kantatu ondoren —apur bat prebisibleak eta bigunak poemetako batzuk—, maitasunaren bi alderdiak esploratzen ditu samur eta hunkibera, eta Barruranzko bidaia hasten du, hirugarren pertsonaren babesean: “Utzi zuen etxea, utzi zuen dena, / ikusteko munduan bere baitan zena”. Bidaia hori modu klasikoan bukatzen da, Kavafisek Hiria (1910) poemara ekarri zuen sentsazio zahar horrekin: “Leku berririk ez duzu edirenen, ez duzu edirenen beste itsasorik ./ Hiriak jarraituko dizu. Kale berberetatik zara / ibiliko. Eta auzune berberetan zara zahartuko; / eta etxe berberetan urdinduko”. Bidaiatik itzultzen da Jon Benito gero, lur hartzen du emeki, eta Koordenada berriak azken zatiari ekiten dio.

Liburuko poema laburrenak ez doaz beharbada jokoa eta artifizioa baino harago, baina arnas luzeko poemak gogoangarriak begitandu zaizkit. Jon Benitoren etorkizunak lehenaldi sakonetatik datoz, eta hausnarketa barrukoenak luze eta suabe eskaintzen dizkigu. Purgatorio gozoa da Bulkada, hondamendi isila, esaten dena idatzita dagoena baino askoz gehiago den liburua.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak