kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zazpi orduak / Miren Agur Meabe / Elkar, 2010

Zazpi hitzetan Leire Zubeldia / Gara, 2010-12-24

Ortzadarraren koloreak, bekatuak, arteak, Bilboko kaleak… Zazpi ez da berdin zazpi bakarrik. Zazpi zenbakiak balio asko ditu, eta hain zuzen ere, balio kuantitatibotik haratago, zazpiaren zentzu metaforikoari heldu dio Miren Agur Meabe idazle eta olerkariak Zazpi orduak narrazio liburuan.

Eta zer dira zazpi orduak? Egileak berak argitzen dio irakurleari liburuaren lehen orrietan idatzitako hitzaurrean: “Zazpiari bizitzaren zenbakia ere deitu izan zaio. Zazpi orduak denbora berezi bat dira, bizitzaren metafora. Bakoitzaren bizitza bere zazpi orduak dira. Eta ordu horiek igarotzeko behar den tretxua edo ekipajea hitza da”. Aitzinsolasean, Meabek liburua irakurtzeko zein betaurreko jarri behar duen esaten dio irakurleari. Gibel solasean berriz zazpi galdera eta zazpi erantzun argitzen ditu. Azkenik, zazpi zenbakiarekin jolas egiten jarraitzeko gonbita luzatzen du. Horra ba irakurle honen jolasa: Zazpi orduak zazpi hitzetan:

Narrazioa: definiziorik sinpleenari helduta, Zazpi orduak narrazio liburu bat da. Baina ez da ohiko narrazio liburua: elkarri harilkatutako ipuinek eta koplek osatzen dute. Liburuaren orrietan, ipuin horietako istorioa baino zerbait gehiago kontatzen du egileak. Esandakoek ez ezik, esan gabekoek ere hunkituko dute irakurlea. Ildo honetatik, karga poetiko handia somatzen da kontaketan.

Matrioska: ipuinak eta koplak ez daude elkarren segidan horrela egokitu delako. Idazleak egitura bat eman die. Matrioska panpinean bezala, bada istorio nagusi bat, liburu osoan zehar luzatzen dena eta irakurketaren denbora errealean gertatzen dena; bertatik irteten dira ipuin eta kopla guztiak. Istorio nagusi horretan Doltza ipuin kontalaria da protagonista. Bere gurdiarekin herrixka batera iristen da, eta bertan egiten du geldialdia, bizitzan bizitako, ikasitako eta entzundako ipuinak kontatu eta koplak kantatzeko. Tartean badira ordea soilik irakurleari kontatzen zaizkion ipuinak: Doltzaren bizitzari buruzkoak dira batzuetan, eta noiz edo noiz, lotan amestutakoak.

Metafora: Doltzak herrixkaraino egindako bideak, maiz errepikatzen den ibaiaren irudiak… Ipuin eta kopla bakoitzean, uneoro aurkituko du irakurleak bizitzaren metafora.

Hitza: Doltzak ez du hitza ez den beste ondasunik. Hitza du bidairako ekipaje bakarra. Eta ez da gutxi: hitzak salbatu du, eta hitzari esker heldu da gaurdaino. Hitza jakituria da, altxorra, eta altxor hori eskaintzen die bera entzutera inguratzen diren entzuleei, eta guri, irakurleei. Hitzari egindako gorazarrea da.

Fantasia: istorioetako pertsonaiak ez dira pertsonaia arruntak, fantasiazkoak dira. Mundu magiko bat islatzen dute, eta mundu horretan, keinu ugari egiten zaizkio gure tradizioari, mitologiari eta ahozkotasunari.

Edertasuna: istorioei emandako egiturari esker, liburuak osotasuna lortzen du zentzu eta mezu orokorrago bat ematea ahalbidetuz. Baina ipuinek eta koplek berezkoa dute edertasuna. Zinez ederrak dira.

Zoragarria.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak