kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ordu bietan Frontoian / Jokin Ansorena / Alberdania, 2010

Maitasun eta istorio gurutzatuak Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2010-12-26

Tolosako kultur teknikari Jokin Ansorena Minerrek idatzi du Ordu bietan Frontoian. Egileari buruzko bi datuok liburuaren gaineko informazioa ematen digute: batetik, narrazioa Bedaiopen gertatzen da, Tolosarekin hainbat antzekotasun duen herri batean, eta, bestetik, Andres izeneko pertsonaia nagusia kultur teknikaria da Bedaiopen bertan. Ez da idazlearen lehen lana; nahi duenak Susaren webgunean irakur dezake 1981ean Ustela Sailean Alex Azkue izenpean argitaratu zuen Poemak liburua.

Andres bera da liburuko narratzaile nagusia; laneko kontuak eta Teresarekin hasten ari den maitasun istorioa kontatzen dizkigu, tonu umoretsuan lehenak, maitemintzen ari denaren ikuspegitik bigarrenak. Horrez gainera, bestelako maitasun istorioen berri ere izango dugu: Manuela eta Raimundo, Anizeto eta Magdalena, Daniela eta Marioren artekoak, hau da, hainbeste urteren ondoren gaztetako maitasun istorio bat jarraitzeko aukera duten edadetuak, harremana hasi berri duten kazetari erretiratua eta bere biloba izan zitekeen emakumea, Argentinatik Bedaiopera harreman bat ahazteko doan neska eta han ezagutuko duen gazteria teknikaria. Denek dute loturaren bat Andresekin eta, zuzenean edo zeharka, haren lanarekin ere.

Andresen ahotik narratzen zaigu nobela, baina, tarteka, bestelako ahotsak ere entzungo ditugu: Danielaren berri hirugarren pertsonan ematen zaigu, eta bestelako testuak ere tartekatu ditu idazleak: Kultur Batzordeko akta bat, posta elektronikoak, txostenen bat, Manuelari egindako elkarrizketa bat, Raimundoren memoriak.

Liburuko hainbat zatitako tonuan nagusitzen den umorea da nobela honetan gehien nabarmenduko nukeena. Lan girokoa da liburuaren tonu umoretsuari gehien laguntzen dion pertsonaia, Satis kultur zinegotzia. Politikan gora egiteko asmoa duen ergelaren erretratu ona egin du idazleak. Gainerako pertsonaiak ere ondo perfilatuta eskaintzen zaizkigu.

Liburuaren egituraketak ez nau guztiz konbentzitu. Tartekatutako testuek mantsotu egiten dute nobela arina izan nahi duena. Gainera, nire ustez, liburuak hobeto funtzionatuko luke kontatzen den guztia Andresen ahotsetik kontatu izan balitz. Izan ere, ez diot funtzio garbirik ikusi Danielari buruzko zatiak beste narratzaile batek kontatzeari eta letra mota ere aldatzeari. Zergatik bere istorioa eta ez beste edozeinena? Halaber, ulertzen dut narrazio nagusiari tartekatzen zaizkion beste testu batzuk formatu horretan eskaini izana, hala nola Raimundo eta Manuelaren kontakizunak, baina Kultur Batzordearen aktaren hogeita bat orrialdeek ez diote ia informaziorik gehitzen kontakizun nagusiari, eta, gainera, nire iritziz, bertan ageri den umore irreala ez dator bat nobelaren tonu errealistarekin.

Horrez gainera, maitasun istorioak ez zaizkit oso sinesgarriak egin. Batzuk bitxiegiak dira, eta azkarregi egiten dute aurrera; gainera, bitxitasun horretan nahiko topiko begitandu zaizkit. Nobelan dena errazegi gertatzen da, eta sortzen diren gatazkak ere erraz konpontzen dira, esaterako, Xoxotek aita eta ama nor diren jakiten duenean. Daniela eta Marioren arteko harremana da horren salbuespen, baina, bestela, patuak batutakoak ematen dute bikote guztiek. Teresak berak esaten du une batean bazekiela bere bulegoaren atea zeharkatuko zuena garrantzitsu izango zela bere bizitzan, Andres aurrenekoz ikusi zuen aldia gogoratzean.

Lehenago esan dudan bezala, nobelak Andresen ahotik hitz egiten duenean funtzionatzen du ondoen nire ustez, eta, zati horietan, nobelaren zatirik handienean, istorioak kontatzen badakiela erakusten du idazleak, istorioak berak konbentzitu ez banau ere.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak