« Txatartegirako koitaduok | Maitasun eta istorio gurutzatuak »
Autopsiarako frogak / Koldo Izagirre / Susa, 2010
Mahai gainean kolpea Aritz Galarraga / Deia, 2010-12-24
Euskaraz aritzea nekosoa, astuna, aspergarria da azkenerako, euskaldunak beti behar du galdera bat eta bakarra erantzun: zuk zergatik egiten duzu euskaraz? Euskara menostua, ez erakargarria, koofiziala, legez kanpokoa, basagoititarrek defendatua. Euskara potakar higuingarria, muki eta adur nahaste likina. Badakit, ez da gure ondare: atzo bertan estimutako ikasle yankee batek, katalanaz, zergatik tematzen diren, gaztelania izaki, frantsesa. Ez ginen, noski, euskaraz ari, halamoduzko ingelesean ni, txukunean ustez hura. Waloia bestela, telebistan, zeinen zatarra den flamenkoa, ez duela italiarraren musika, espainiarrarena, ez baitu Belgikatik lekora balio. Zorte txarra waloiak, Belgikan bizitzea egokitu! Akigarria, errepikakorra, zama da azkenerako hizkuntzaren gainean aritzea. Baina ondo dator tarteka inork mahai gainean ematea kolpea, gauzei izena jartzea, begien aurrean duguna ez ikustea ez baita lanetan zailena.
Koldo Izagirrek, nork bestela, eman du orain mahai gainean kolpea, Autopsiarako frogak, euskararen gaineko saioa, akidurari gaina hartzen dion lana, liburu beltza, bai, ere bai, baina ezagun ditudanengandik, El llibre negre de Catalunya, El libro negro del euskera, diferentea. Zertan? Erraza oso, idazle bat dago atzean hemen, idazle baten liburua da hau, idazle batek egin zezakeena, ez hizkuntzalari, ez historialari, ez, eskerrak, hizkuntzaren militante batek osatua. Koldo Izagirre nabaritzen dugu gogoeton atzean, bere sena, bere hatsa. Hark tiratako hariak korapilatzen dira orriotan, hark gidatzen gaitu, salto batetik bestera, jolas makur deserosoan.
Ezen, mahai gainean kolpea, eta zuzen euskaldun jatorron kontzientziara. Eraztunarekin hasten da hasi, kanpotik etorri zaizkigunekin, “Escribir en vasco, sin previo permiso, es ya un desacato a la unidad de España” zelebre horretatik, hizkuntza gatazka sozialaren parte, hizkuntza arazoek arazo sozialen alderdi linguistikoa osatzen dutela azpimarratzera. Baina meritu erdia luke hor geratuko balitz, liburu beltza eta kargatua egingo balu. Geziak halako parabola eginez jotzen baitu jaurti duenaren dianan, inor gutxi uzten du eroso aulkian saiakera honek. Esaterako, apropiazioz euskararen salbatzaile beharko luketen horiek: “Abertzaletasun historikoak beharrezkoagoak izan ditu maketoak, euskara baino” eta “hainbesteraino alienatu gaituzte non guk geuk zapaltzen dugun euskara, euskaldunok, txaloaren laido bila”. Hobe genuke ahantziko ez bagenu, orain normalidade danborrak entzuten diren honetan, Txirritaren erran hura: erdara ez zen bakarrik kapaz, euskarak lagundu dio. Tarteka, esanak umorez beztituz gainera, biluzirik salatuz erregea, CesarVidal handiaz, euskarak zuhaitz esateko hitz baten falta duela nabarmendu zuenean, zera dioenean: “Euskarak ‘arbola’ hartu behar izan badio gaztelaniari, zer ez ote dio hartu behar izan gaztelaniak latinari? Mila deabruren gorria, gaztelania osoa da latina”. Tarteka, esanez hori guztiori hizkera efektiboki punkian.
Jakitunak ez, jakintsuak esan bezala, ez dakit liburukoak egin behar diren, kostuak eta ondorioak eta abar, baina liburuko asko eta asko egin behar direla ziur euskara salbu nahi bada. Hala ere, liburuko tonu ez baikorrak, gure hizkuntzan artseniko aztarnak igartzerainokoak, liburuan bertan duela ifrentzua iruditzen zait. Liburuak planteatzen duen euskararen heriotza programatuari erantzuna liburuak berak ematen dio: azken karlistadan jada, “Ama euskararen heriotza” iragartzen zuten. Baina bai, euskara ZIUtik aterako bada, behar bezain ezkor jokatu beharra dugu. Has gintezke Autopsiarako frogak honen ale bana liburutegian, edo, hobe esan, patrikan erabiltzen.
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi