« Oroitzapenen kronika | Zazpi hitzetan »
Hiri gorritik / Asier Serrano / Elkar, 2010
Lubakiko hiria Beñat Sarasola / Berria, 2010-12-19
Lubaki Banda, oroz gain, mugimendu poetikoa izan zen; poesia izan zen bere espresamolde behinena. Errezitaldi poetikoak antolatzen zituzten, beren lehenengo argitalpenak poesiazkoak izan ziren —Xabier Aldai, Bala zeru urdina; Harkaitz Cano, Kea behelainopean bezala—, eta horretan salbuespena izan zen Canoren Beluna jazz nobela ere aski lirikoa da. Egiteko dagoen lan kritikoa da lubakitarrek osatu zuten poetika berreraikitzea. Dudarik gabe, beren artean alde esanguratsuak badaude ere, esango nuke hastapeneko testu horiek guztiek bazituztela halako ezaugarri estetiko-literario komunak. Poetika horrek, gainera, ondorengo proposamen poetiko ugari zipriztindu ditu, eta batez ere, bere belaunaldiaren plazaratze poetikoa ondo du irudikatzen, salbuespenak salbuespen —adibidez, Igor Estankona—. Asier Serranoren (Eibar, 1975) Hiri gorritik, bada, poetika horren adierazle ona dugu: irudi poetikoen indarra, porrotaren estetika, distopia, ingurune hitsa —hiri dekadentea—, eta abar.
Literaturaren historiaren ohiko logikari jarraiki, Lubaki Banda mila zatitan multiplikatu zen, eta kide bakoitzak bere ildoa —ez derrigorrez literarioa— goldatzeari ekin zion. Serranok, ostera, garai hartako imaginarioa baztertu bainoago, landu eta sakondu egiten du bere poesian. Eta besteren batek aipatu legez, Hiri gorritik da giro poetiko hori hobekien ehuntzean duen Serranoren lana; hots, Bada hiri gorri bat eta Picassoren Zaldia gainditzen dituen lana.
Agerikoa da liburua bere osotasunetik eraikia dagoela; alegia, ez dela idatzi poema solteen pilaketa medio. Berrogeita bederatzi poema aurkitzen ditugu bertan, denak izenburu gabeak, 1etik 49ra numeratuak. Serrano ondo moldatzen da poema egituratuetan, sintaxi finkoa duten perpausen segidetan, eta bereziki gustuko du kolpekada indartsu batez poemari akabera ematea. Soneto ingelesen forman (4-4-4-2) azkeneko bikoak poema ondo ixteko balio duen gisara, eibartarraren azkeneko lerroek funtzio antzekoa betetzen dute, nahiz eta lerro askea darabilen beti: ?”Eta zaindu zaitez laztana / zoriona lurralde ezezagunegia da zuretzat?”, ?”Eta ixten ari da, bihotza, / gure ezpainen arteko zirkulua ixten ari da?”. Arestian aipatu iruditeria horretan, Serranok joera berezia du, akaso, irudi makurrekiko. Halako ukitu kasik gotiko bat antzematen zaio zenbaitetan: katedralak, gargola, zaldiak, kanpandorreak, kateak, brontzea… Lubakiaren dorpean jasotako hiria da Serranoren lur eremua (22.-a), baina poema gehienak maitasunari idatzitakoak dira; batere platonikoa ez den maitasun bati izkiriatutakoak, hori bai. Putak, maitale itoak, bortxatzaileak… Hiri gorrian ez da amodiorik egiten, larrua jotzen da.
Berritasun erradikalak bilatzen dituenak agian ez du topatuko ezer apartekorik Hiri gorritik-en. Ene aburuz, poema eta lerro batzuk kaskar samarrak direla ere esan daiteke; baina dudarik gabe, gurean garrantzia eta itzal luzea izan duen poemagintza era baten emaitza nabarmena da. Esan nahi baita, euskal poesiaren garai bat eta modu bat ulertzeko liburu apartekoa. Eta, esan bezala, Serrano poetaren emaitzarik borobilena, bidenabar.
Idazleak berak aitortu du azken boladan, literaturari dagokionez, sasoi onean aurkitzen dela, bere literaturgintzarekin adiskidetu izan balitz bezala. Badakigu sarritan egokiena izaten dela idazleek beren lanei buruz diotenari kasu zipitzik ez egitea. Kasu honetan, ordea, Serranori arrazoia ematea ez da konplimenduzko ekintza. Hiri gorritik-ek eta Erlojugilea nobela laudatuak bere ibilbideko puntu gorenak markatzen dituzte.
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Iraitz Urkulo
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Silueta
Harkaitz Cano
Ibon Egaña
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres