kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Inoiz izan ez garenotan / Karlos Linazasoro / Erein, 2002

Izarrei begira Igor Estankona / Gara, 2002-04-27

Hirurogei orrialde batzuetan ez dira nahiko eta beste batzuetan benetan oinarrizkoa denari buruz idazteko nahikoa eta lar bihur daitezke. Ikustekoa da Karlos Linazasorok zeinen eder idazten duen konstanteei buruz. Bizitza, kosmosa, dena laburtzen da maiz irribarre soil batean. Lurretik bertatik idatzita dagoen liburua izan arren, beti hegan egiteko gogoz amaitzen dira poemak.

Ezer arretaz irakurri barik bista gainetik pasatuko bagenu, bi gauza nabarmenduko genituzke batez ere: batetik, poemen luzera eta trinkotasun ezohikoa; bestetik, maitasunari buruzko erreferentzia argiak. Lana irakurriz gero, aipatutako sentsazio biak areagotu egiten dira, baina baita ñabartu ere.Poemen luzera eta trinkotasunaren gainean esan beharra dago teknika-ikasgai bat dela hamabost lerro baino gehiago duen bakoitza. Adreilu itxurako poema mehatxagarriok ireki egiten dira eta abegikor bihurtu. Erritmo landua dute eta erraz irakurtzen dira. Erraz baino gehiago, berez. Gutxitan ikasi dut, euskaraz zein beste hizkuntza batean, komaren hain erabilera absolutua. Komek agintzen dute Inoiz izan ez garenotan honetan. Puntu faltan arnasa hartzeko bitarte txiki bat uzten dute eta horrek irakurketa malgutzen du. Batzuetan poema bukatu eta elementu guztiak nahastu direla ematen du, pasta koloretsu bat sortuz. Batzuetan poesian ez da puntu bat jartrtzea beste erremediorik izaten, baina liburu honek frogatzen du badaudela beste modu batzuk erritmoa eta hitzen hierarkia gordetzeko. Horretarako, noski, poemaren ikuspuntu orokor bat eduki behar da. Ikuspuntu hori, poemaren haria, maitasunaren jostorratzekin lantzen da askotan.

Honexek garamatza lehen aipatutako beste zutabera: maitasunari buruzko etengabeko erreferentzietara. Aipamen xamurrak eta artezak dira, barru-barrutik ateratzen den sentipen ia material bat adierazteraino. Liburuan sakonago murgildu ahala, ordea, erreferentziak lausotu eta unibertsalagoak bihurtzen dira. Maitasuna azalpen askoz indartsuago bat dela geratzen da orduan agerian eta denboraren hesia erortzen da. Liburuak bigarrenez irakurtzeko ohitura banu, ziur ez nukeela hainbeste gozatuko. Irakurri eta ikasi egiten da era berean. Hasieran hitzen berehalako esanahia harrapatu nahian ibili naiz. Gero, errepikapenei esker zein etengabe aberastuz doan hiztegiari esker, zaldiaren gainean eseri eta zertxobait abandonatu dut neure burua. Irakurlearen erabakiaren pentzuan ez dagoen zer edo zer dela otu zait. Galdera eta distantzia handiei buruz dabilela konturatzen zara.

Lehen esandakoak ez du eragozten “itsas labarra” Karlos Linazasororen hiztegian itsas labarra izaterik. Kokapen hutsa izan daiteke, baina baita pertsonalitatearen itsas labarra ere. Anbiguotasun neurtu hori da zentzumenak kilikatzeko balio duena. Asko dira naturari buruzko aipamenak. Poetak ez dio beldurrik txiki sentitzeari, antza eta gustura dabil erraldoien artean. Besoak luzatu eta erreferentziatzat izarrak jartzen dituenaren poesiak ez du mugarik. Bakoitzak behar duen intimitateari uko egin gabe, arazorik gabe onartzen du munduak gurera sartzeko duen eskubidea.

Maitasuna elkarrizketa bat da, bikotekideen artekoa, baina eguraldi aldaketa batek edo abesti batek baldintzatu dezake. Heriotza barruko ariketa da, baina hobeto adierazten da izarrei begira.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak