kritiken hemeroteka

8.531 kritika

« | »

Azukre xehea gatz larria / Mikel Hernandez Abaitua / Alberdania, 2010

Hemen okerreko belaunaldikook Beñat Sarasola / Berria, 2010-10-14

Ez dira oso ohikoak gurean kronika liburu eta biografiak. Are gutxiago literaturan. Esate baterako, nik dakidala, ez da existitzen Gabriel Arestiri buruzko biografia sendorik, benetan gauza harrigarria dena. Joxe Azurmendiren Azken egunak Gandiagarekin berriki saritua joera hau haustera etorri da nolabait, eta berdina esan daiteke Mikel Hernandez Abaituaren Azukre xehea gatz larria liburuari buruz.

Hernandez Abaituak bere belaunaldiaren giro literario eta politikoaren testigantza ematen digu berrogei urte osatzen dituen aldian (1969-2009). Hots, bere hezkuntza literario-kultural sentimentala gorpuzten denetik, Ramon Saizarbitoriaren lehenengo eleberrigintza aztertzen duen tesia aurkeztu eta argitaratzen duen bitarteko aldia. Tartean, hamaika gora behera, batez ere literario eta politikoak.

Bere lehenengo urrats literarioak ematen ditu EUTGko euskal filologiako ikasketa jada desagertu eta, zenbaitzuontzat, kasik mitikoetan, 70eko hamarkadaren amaieran. Han ezagutuko ditu gerora Susa aldizkaria sortuko duten zenbait lagun, zeintzuen artean Josu Landa agertzen baita bultzatzaile nagusi eta aktiboen gisa. Hala, 80eko hamarkadako literatur aldizkarien garaia (Ustela, Pott, Oh! Euzkadi eta abar) ederki azaltzen da islatua liburuan, bizitasunez. Hasierako talde horretatik apurka aldentzen joaten delarik, halako bakarkako bide bati heltzen dio, nagusiki bigarren hezkuntzako irakaskuntzara osorik emana. Bide hau Ramon Saizarbitoria eta Iñaki Aldekoarekin elkartzen hasten denean amaitzen da nolabait, 90eko hamarkadaren erdialdean. Halaxe kontatzen dizkigu bere liburu eta artikulu kritikoen publikazioen detaileak zein kongresu eta enparauetako gorabeherak.

Beste ildoa, esan bezala, politikoa da. Bere belaunaldiko beste askori —eta baita aurrerakoei ere— irakurtzen ahal zaien gisara, ia obsesiboki bizi ditu euskal politikagintzaren gertaera sarritan aski dramatikoen inguruko gora beherak. Bere ETAren indarkeriaren aurkako jarrera publikoaren ondorioz zenbaitekin hautsi izana mugarri izan zitzaiola agerikoa da. Zentzu horretan, Euskal Herriaren historia politiko mingarriaren adierazpen hurbila da, halaber, liburua. Bizipen gertuko eta maiz aski desatsegin horiek eragiten dute, nire irudiko, bere kontsiderazio eta irakurketa politiko orokor gehienak ez izatea, ikuspuntu analitiko batetik bederen, bereziki argigarriak. Edonola ere, saiakera politikoa ez denez, seguruenik ez da hori liburuari eskatu behar zaiona.

Kronikak irudikatzen duen giro politiko itogarriak testuaren tonu orokorra zipriztintzen du, nahiz eta autoreari elkarrizketa batean entzun diodan liburu alaia egin nahi izan duela. Dudarik gabe, liburua irakurraldi gutxitan bukatzeko modukoa da, kontatzen dituenak zein kontatzeko modua —egin kontu, esaterako, nola borobiltzen dituen kapitulu gehienak— oso atsegingarriak direlako. Haatik, ziur aski, liburua bukatzean ez zaio inori suziriak botatzen hasteko gogo handirik ipiniko. Adibidez, amaiera ere bertsua da, egungo literatura eta kultura postmodernoaz kritiko azaltzen denean, halako tonu malenkoniatsu batekin. Tonu hau, hori bai, aldikako komentario erdi-xalo erdi-egiati baina komikoekin hausten da —euskal kritikari baten kolonia usaiaren ingurukoak kasu—.

Liburuaren eraikuntzari dagokionez, hainbat errepikapen saihesgarri aipatzen ahal dira, agian sortu direnak liburuaren eraketa moduaren kariaz —aurrez idatzitako zenbait testuetatik abiatuta ondu baita—. Gainontzean, liburu aski gomendagarria, baita garai hura zuzenean bizi ez dutenentzat ere.

Azken kritikak

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak