kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Bitsa eskuetan / Miren Agur Meabe / Susa, 2010

Ametsetakoa da maitasuna? Ainara Maia / Gara, 2010-10-29

2010eko urriaren 17an, igandearekin ireki dut Meaberen koaderno poetikoa, Bitsa eskuetan. Eta odolaren odolez, obulu hilak isuriz, itxi dut 2010eko urriaren 22an, 19:30etan, ostiralarekin.

Txistuka, min itzela du poetak eskuetan, eta nik neure bihotzean, baina oraindik poesiak gutxienez maite gaituela dirudi. Emakume-poeta bat da eta bere hitzak neure ere sentitu ditut. Bi urteko negarraren itsasoan ia urtu naiz, baina bihotzak taupaka segitzen dit hau idatz dezadan, denok zauritzen baitugu noizbait norbait, inor inondik inora bezala. Ametsetakoa izan zen maitasunezko bitsa eskuetan, eta zauria bihotzean, berriz, benetakoa.

La vie en rose ikusten nuen dena maitearen besoetan, eta orain, neure besozabal harramaskatuetan la vie en rouge ikusten dut, eta edaten hasi nintzen neure bakardadean ahazteko, oroitzeko, bakardadearengatik topa egiteko eta noranahiko emakume kaierduna bilakatu maite galduari idazteko. Nik ere nire telefono-zenbakia ez, baina MAITE ZAITUT idatzi nion bere auto granatearen kristaletan, eta haserretu zen. Doala pikutara denboraz kanpo bada ere! Emakume txapelduna naiz, barka, deskribagaitza. Batzuetan olerkari ameslari, bestetan xorino kanthari. Andre mamitsua nauzu, euskal poesiaren arrosa. Miren Agur bezalaxe.

Oraintxe urriaren 22a da, arratseko 20:00ak, eta urriaren 25erako, astelehenerako erdituko naiz hitz hauez beste. Bitsa eskuetan agurtu nau Miren Agur Meabek, eta sinetsarazi nahi izan dit posible dela oraindik zentimetroren bat haztea, panpinekin berbetan segitzea eta ahaztea; berbalagun bat topatzea zail dago egunotan eta garestiegia da maitasuna, ez baitauka salneurririk. Eta nik soilik beso batzuk nahi ditut, mundutik kontsolatzeko.

Baina gaztetxoa naiz, Miren Agur baino gazteagoa bai bederen, eta batzuentzat 13 urte omen ditut, baina 31 gehi 3 urte maitemindu ditut. Laburra da bizitza, eta haragiari kosk egin nahi diot, neska handi-handia egiteko. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina hauxe poesia hutsa da, ez gehiago, ez gutxiago, eta maitasunezko plazerez asebete nahiko nuke biharko ilargi betean lagun minaren begirada samurrean. Baina ametsetakoa da hori, maitasuna. Maite ez ninduelako nahi ninduen, eta adi-adi esan zidan ez zela deustaz damu, eta orduan gabetasunez bihotzak buruari erotasuna eskaini zion. Nik ez nion gauza askorik eskatzen! Soilik besarkada bat tzatzatza dantzatuz batera.

Plazerez gose, txistuka, bitsa eskuetan eta zauriak bihotzean tantaz tanta odolusten ari naiz, eta min itzela dut eskuetan nik ere. Zapitxo intimoetan gastatzen dugu emakume minduok hileroko soldata, eta amodioa gela huts batean argia piztea dela esan didalako poetak, itzali ditut begiak. Emakume independentea izan nahi dut, baina hala ere hark nahi duena nahi izango dut. Baina ni neu, ez gutxiago, ez gehiago.

Ilargiaren argitan ez nazazu utzi, ene maite. Ilargiaren argitan amaren beharra duen alaba bat naiz oraindik, ni neu ama izan arte behar hori izango baitut nik ere, eta hildakoekin hitz egitea osasungarria omen delako nire argazkia eta eskutitza sartu nion duela ia zortzi urte aitari hilkutxan. Eta oraintxe Gorramendiko haizeak eramanak ditu haren eta hilkutxa osoaren errautsak. Urteotan izan naiz zaharrago, tristeago, gizenago, maiteminduago, obariotik obariora iragandako marka bat. Jakin dut nik ere bizitzen, nola edo hala, aitak hiltzen jakin zuen bezalaxe: Zoriontsu izan, Ainarita! Eta oroitu asko maite zaituztedala, baina orain utzi behar zaituztet, aurtengo negua goizago etorri baitzait niri…

Eta gaur, 2010eko urriaren 25ean, astelehenarekin, egosten utzi dut eltzean maitasuna. Su txikian eta begiak erne, erre ez dadin.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak