« Ametsetakoa da maitasuna? | Ez denik ez dela »
Eskarmentuaren paperak / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2009
Anjel Lertxundi irakurlea Aritz Galarraga / Deia, 2010-10-30
Esango dut: Espainiako Saiakera Sari Nazionalik gabe, nekez legoke testu hau hemen; hark kitzikatuta dator beste hau. Hori dute sariek on (edo ez hain, kasuan kasu): ahaztuxe zegoena ekartzen dutela atzera, lehen lerrora. Baina kitatuta zorrak, kito, egin ditut sariarekikoak. Aspaldi handian sinetsita nago sariek literaturaz gain (edo literatura baino) beste zera lurtarrago batzuk saritzen dituztela. Eta sinetsita nago liburua bera dela, nahiz sarri ahazten dugun, gauzarik garrantzitsuena.
Eskarmentuaren paperak, beraz, Anjel Lertxundiren gaur arteko azkena zer den: testu motzak, hausnarketak, han-hemen bildutako aipuak, ohar eta albo-markak, glosak. Idazki laburrak, finean. Idazlearen hitzetan lasterbideak, lapur bideak ere deituak. Ohiko dietarioa izan gabe, dietario pertsonal eta besterengarri batean bilduak. Fragmentariotasunak batzen ditu denak, horiek biltzeko moduak, antolamenduak, irakurketari emandako erritmoak egiten ditu liburu. Erreferentziak balio balu, bizilagunen artean Miguel Sanchez Ostizek maisuki egiten dituenen antzekoa
duzu.
Saiakerak, laugarren genero horrek, ez du iturri ezagunik ez eta ere muga garbirik. Baina eskuarki, lotzen dugu akademiarekin, nolabaiteko altuerarekin; lotu ohi zaio gai bati, luze eta zabal, zuku guztia jaso arte. Hemen, ordea, etxe aurreko txori horien antzera, salto batetik bestera, halaxe dabil irakurketa. Flamenkoen antzera astintzen ditu makila guztiak, ipuin laburretik hasi pentsamenduraino. Gaiak, adibidez, literaturak bere dituen hirurak dira, bizitza, maitasuna, heriotza. Bizitza norberarena eta besteena. Heriotza besteena eta norberarena. Eta, idazlearen maitasun nagusi, literatura, hizkuntza, gure jendarte petrala. Zati soltez josia, irakur daiteke dena jarraian, hasi eta buka, gailu narratiboago bat bailitzan, puskak elkartzen baititu unean uneko gaiak edo hari fin batek. Kasu honetan ere generoa ez baita literaturaren forma bakarrik, bai baita mundua espresatzeko modua ere.
Txekhovek bereizten omen zituen problema jakin baten aurkezpena eta problema horren beraren soluzioa. Anjel Lertxundik argi dauka estreinakoa egitea dagokiola idazleari: “Galderak formulatzea, ohikoak ez diren ikuspuntuak saiatzea, ibili gabeko bideetan ausartzea. Soluzioak ematea ez da idazle baten egitekoa, bere lana ez da erlijioaren edo soziologiaren esparrukoa”. Irudipena daukat hori berori dela saiakera honek egiten duena, gozo, baina gazi, dosika, galderak pausatzen dituela, irakurlea kitzikatzen, laburrean luze direla, isatsez bederen, testu hauetako bat eta bakoitza. Eta, beste zita batekin borobiltzeko, hori denori Axularrek zioen gisaz: “Ez zail, baizik erraz. Ez itxi, baizik zabal. Ez pisu, baizik arin eta atsegin”.
Azken batean, irakurle baten liburua da *Eskarmentuaren paperak, Anjel Lertxundi irakurlearen liburua, irakurle erne, zorrotz, eskarmentudunarena, Anjel Lertxundiz, haren lan eta hausnarketez, formazioaz, ibilbideaz eta esperientziez mintzatuko zaiguna. Baina nago ez dela beste liburu bat gehiago, ez beste saiakera liburu bat. Argitaratzen hasi eta berrogei urtera atera du, eta aurrekoak ere badira erreferentzia, memoriak uzten duenerainokoak. Hartara, esan genezake, Anjel Lertxundiren hirurogeita bi urteak daudela hemen, edo urte horiek utzi dutena, destilazioa. Bizitza oso bat, alegia. Bizitza oso horren liburua da, hartara, eskuartean dudan hau. Idazlea kontziente, Senekak Luziliori esandakoa gogoratu digu: “Zerbait ikasi orduko, nik bildutako oparia zuri eskaini ahal izatea”. Besteak beste, konpainiarik gabe (noble edo ez hain), ondasun baten jabetza ez baita sekula atsegina.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres