kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Artemio Cruzen heriotza / Carlos Fuentes (Zuriñe Goti Artabe) / Ibaizabal, 2002

Idazmakinatik irakurmakinara Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-04-27

Koldo Mitxelena zenak behinola iragarri zuen. Batzuek, halere, ez zuten sinetsi, baina bizitzan gauza guztiak legez, azkenean, jaio dira berriak. Jaio da, bai, itzultzaile belaunaldi berria. Hona hemen horren erakusgarri ederra: Zuriñe Goti Artabe bizkaitarra. Honako hau, gezurra dirudien arren, euskaratu duen lehenengo lana da. Gaztetasunak ematen dituen ausardia eta kemena lagun, narrazio eta itzulpen ezaugarri berezi-bereziak dituen nobela mardul kixotesko bati ekin dio. Eta, ezin ukatu, ederto jarri dio erramua paperezko eraikin honen teilatuari. Batuaz emanda dago nobela, baina han-hemenka bizkaieraren ukitu freskoak topatuko ditu irakurle esploratzaileak. Besterik ez aipatzearren, Bera deritzon pertsonaia izendatzeko aukeraturiko izenordea.

Eleberriak, teknika aldetik, garairako puntuazio berritzaile-berritzailea zerabilen. Itzultzaileak erantsi-kendu batzuk egin behar izan ditu euskaraz testua egosten errazago bihurtzearren. Jakina, jatorrizkoa parean izan barik, nekez jakingo du irakurleak norenak diren puntuazio baliabideok. Baina, aitortu beharra dago, jatorrizkoa baino gaitzago ez da gertatzen euskal bertsioa. Badakigu jakin jatorrizko eleberriak darabilen teknika dela eta nekez joango zaiona barneratuz irakurleari. Baina, azkenean, Zuriñek sarreran dioen moduan, puzzlearen piezek obra osoa eratuko digute.

Zer esan daiteke Carlos Fuentesen gainean? Mexikon jaio zen mundura 1928. urtean. Zuzenbidea eta ekonomia ikasitakoa. Diplomatikoa. Politikaria… Eta, batez ere, idazlea. Narratzaile oparoa. Kontalari mamitsua. Pertsona konprometitua. Abertzalea, nazionalista bere modura. Irakasle hainbat unibertsitatetan. Doktore Honoris Causa. Sari asko jasotakoa, Cervantes Saria barne. Kazetari grinatsua. Idazlanak hainbat hizkuntzara itzuliak ditu eta, ezbairik gabe, euskal irakurleak eskerrak eman behar dizkio Literatura Unibertsala bildumari horrelako lan gogoangarria euskaraz plazaratzearren.

Eleberrian indar handi moduko bat nabaritzen da, asmo iraultzaile halako bat, nazio baten jatorria azaldu eta ulertzeko guraria, herria eta populua esplikatzeko asmoa. Carlos Fuentesek bere egiten du Pablo Nerudaren esana: “idazle latinoamerikarrak herria lepoan hartuta daroa”. Idazleak ahotsik ez dutenen ordez idatzi behar du. Hizkuntza eta irudimena ditu tresnatzat. Tresna izugarriak, irudimenik, hizkuntzarik ez duen gizarteak hondamendi hutsa baino ezagutuko ez duelako. Ezein eleberrik zeregin bikuna ei du Fuentesen iritziz: errealitatearen berri ematea eta errealitate berri bat sortzea. Horrela, Artemio Cruzek (inondik deitura sinbolikoa inon sinbolikorik bada) Mexiko berri bat eratuko digu benetakoaren berri eman ahala.

Eleberri honek, Fuentsen gainerako lanen antzera, herri globala tokian tokiko herrien aurrez aurre jartzen du. Zein bere alde on eta txarren jabe. Egitura gorabehera, ezin uka daiteke zinema eta literatura ederto batean uztartzen direla mexikar honen obretan. Beharbada, teknika itxuraz zail horren atzean, pelikula moduan ikusi beharreko zertzelada espresionista moduko batzuk baino ez daude. Zeren berri eman eta Fuentsek herri indigena, kolonial, barroko eta iraultzaile bat jartzen digu modernitatearen atean, joka, atzean azteken hondakinak, ondarea eta ondra dakartzala. Eta azteken atzean, segizioan, toltekak, maia-kitxeak, totonakak, olmekak… Hiru mila urte historia eta istorio. Eta espainiar zapaltzaile eta ustezko (?) zibilizaziogileak. Eta gringo nonahikoak.

Historia eta istorioa, bi-biak, testu dira. Azkenean, toki eta garai batzuei gagozkiela, istorioen testuak gaina hartzen dio historiaren testuari, herriaren gogoan historia literatura eginda baizik geratzen ez dela. Gainera, idazle batzuetan entseguaren eta fikzioaren arteko muga lausoa da, nahasia, ia mugarik ez egoterainokoa. Carlos Fuentes izan daiteke horren adibide argienetako bat. Eleberri batzuk soziologia, kultura tratatu bihurtzen dira. Hona hemen bat. Horra hor zergatik esan dugun Zuriñek lantegi eskerga hartu duela.

Egileak behin baino gehiagotan esan du nobela dela bide bakarra jazoeren muinean sakontzeko, lehenaldia errealagoa dela poesiaren ukitua erantsiz gero. Herriek ez omen lukete historiarik izango idazleok irudimena eta poesia erantsiko ez balizkiote. Joandakoa oroimen hutsa da, baina gurari bihurtzen ere da, zelanbait. Nobelak, bestalde, herriaren, populuaren sentipenak azaltzeko bidea ematen du, historiak, giza zientzia den aldetik, egiterik ez duena.

Banakoaren patuak herriaren destinoarekin egiten du topo, topeka dihardute elkarren aurka, elkar ulertzen, maitatzen, gorrotatzen… Hori dena eleberriak baino ezin du egin, Carlos Fuentesek dioskunez. Hori guztia eman digu Zuriñek euskaraz. Nobela argal, anemikoak ez ei zaizkio gustatzen egileari. Aldean, potoloak, aberatsak, maitagarriak, jatunak… gurago ditu. Artemio Cruzena halakoxea da, eta, jakina, itzultzaileak, ondorioz, lagungarriren bat eman behar izan digu —inoiz ere behar beste eskertuko ez diogun arren— janari goxo bezain pisu horrek kalte egin ez diezagun. On egin dagizuela!

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak