kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Fahrenheit 451 / Ray Bradbury (Nagore Tolosa) / Txalaparta, 2010

Zoriontsu gara? Iker Zaldua / Gara, 2010-10-15

Ray Bradburyk berak esana da liburu hau zientzia fikzioaren apalategian kokatu behar dela; neurri batean, ez du arrazoirik falta, izan ere, soilik esparru horretan uler daitezkeen elementu eta izakiak agertzen dira orririk orri, esaterako ehiza-zakur mekanikoa.

Dena den, gaia bera guztiz errealista iruditzen zait. Guy Montang pertsonaiaren ahotik egungo mendebaldeko gizarteari zaplazteko aparta emateko idatzi zuela Fahrenheit 451 esango nuke. Gizartearen axolagabekeria gaitzesten du, ez pentsatzeko antolatuta dagoen gizarte-egitura errefusatu, irriño faltsuaren erreinua kritikatu, zoriontasunez jantzitako gizarte goibela azalarazi.

Montang liburuak erretzeaz arduratzen den suhiltzailea da, izan ere, idazle estatubatuarrak sortutako mundu horretan hori da suhiltzaileen lana, sua hiltzea baino sua piztea, alegia, pentsamendurako beta, parada, eman dezakeen oro sutan urtzea. Erretako liburua gogoetaren metafora da, pentsamenduarena, zalantza egiteko eskubidearena eta goibeltasuna ezkutatzen duen balizko zoriontasunaren aurkako mehatxua.

Bradburyk eleberri hau abiatu eta berehala luzatzen du zenbaitetan iritzi-artikulu itxura duen liburu honetako titulua, “Zoriontsua zara?”. Clarisse sortzen du horretarako, familia antisistema bateko kidea. Erantzunak baino karga gehiago du galderak berak, izan ere, Zer da zoriontsu izatea? Hedabideek behin eta berriz hala dela azpimarratzen duten hori? Biderketa taulako zenbakien arteko eragiketa perfektu hori? Agian, zoriontasuna ez da eragiketa matematiko baten emaitza, baliteke hori baino korapilatsuagoa izatea edo hori baino anitz sinpleagoa.

Hori da eleberri bete honetan aurkituko dugun oihana; eta bidea egiteko literaturako baliabideak bikain erabiltzen ditu Bradburyk, zenbaitetan egoera jakin batez trufaka aritzeko, beste zenbaitetan irakurleak ertzean xehetasunik ahaztu ez dezan eta, behar denean, astuntasuna saihestu eta erritmoa bizkortzeko, komeni zaionean mantso eta egoki ikusten duenean bizi.

Bere eskutik eramango gaitu, gizarte zoriontsu horretako jende zoriontsua aurkeztuko digu eta harekin bat egiten ez dutenak nola kerosenora kondenatuak diren azalduko digu. Horrela, Beatty ezagutuko dugu, su-piztaile burua; beste aldean, berriz, Faber ezagutuko dugu, zirko handi horren aurka borroka egiteko kemenik ez duen agure jakintsu bezain bakartia.

Topo egingo dugu arestian aipatutako ehiza-zakurrarekin, topo egingo dugu pentsamendua ekiditeko etxe barruan, hormetan irudikatuta, hitz eta pitz aritzen diren senitartekoekin; ikusiko dugu fikzioa eleberriaren dekorazio modura, baina, egiaz, galdera handiari entzungor egiten dion bizimodua dugu ikusgai, errealitate gordina, alegia, gurea behinik behin.

Beraz, har genezake Txalapartak argitaratutako liburu hau eta koka dezakegu fikzioaren apalategian. Hori, ordea, nire ustez, hormetako familia garrasika ipintzearen parekoa litzateke, entzungor egiten jarraitzea litzateke. Horrenbestez, literatura errealista pegatinaz apaindutako apalean ere koka dezakegu. Baina orduan, orain arte eraiki dugun puzzle guztia guk nahi dugun piezekin osaturik dagoen pentsatu beharko dugu. Pospolo bat ere pitz dezakegu eta gar txikiak 451 graduko tenperatura hartzen duenean, liburuan barna barreiatu…, ez, horretarako beranduegi da.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak