kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Jendeen jende / Mattin Irigoien / Alberdania, 2010

Komedia eta komeriak Itziar Gomez / Gara, 2010-10-08

Antzerkia ez da generorik ezagunena, ez da behar bezala estimatzen. Eta nik seguru asko ez nuen izango aukerarik antzezlan hau irakurtzeko baldin eta Mattin Irigoienek Jendeen jende lan honekin Kutxaren Donostia hiria saria irabazi izan ez balu. Bi eserialditan irakurri dut antzerki lana, eta aitortu beharra daukat; bidean hainbat hitz azpimarratu behar izan ditut hauen esan nahia hiztegian bilatzeko. Baina hortik aurrera aitzakiarik ez, irristadan doa kontakizuna, zortzi pertsonaien berriketen koloreek marrazten dute hauxe.

Antzezlan bitxia inondik inora ere, harritu eta harrapatu egin nau ni. Saiatu naiz antzezlan osoa ozenki irakurtzen, hala egitea gustatzen baitzait gero taularatzekoak direnekin. Zer da ba antzezlan bat ez badiogu ematen bizia! Abiapuntua arina da, pertsonaiak festa bat prestatzen ari baitira, ikuslea partaide eginik. Eszenatokia atontzen dabiltza eta gu bitartean pertsonaiak ezagutzen; Añamari, Patxi, Mari, Jenofa eta Ani aurrena. Pertsonaien ahotan entzunda jakiten dugu senideak direla, Agerretarrak guztiak.

Ttantta Añamarik osatu du familiako zuhaitz genealogikoa eta deialdia egin die agerretar guztiei etxean biltzeko. Amatxi Marik laurogei urte ditu eta Jenofak, bilobak, hogei eta bost, belaunaldi desberdinetako senideak ditugu aurrez aurre eta saltsa ugari ekarriko digute haien ikuspuntu anitzek eta gaizki ulertuek. Kontakizunak komedia eta komeria asko ekartzen dizkigu aurrera egiten duen neurrian. Peioren sarrerak, esaterako, irri ugari sortarazten du bigarren agerraldian, erabat kezkatuta sartzen baita bere ardiak larriki jo dituelako agalakzia eritasunak. Peio bera ere kutsatuta ageri da, eta haren eraginez gizonak ezin du ondo hitz egin. Hori dela eta, eraiki ez du ba metro eta erdiko arroila etxearen inguruan! Pentsatzen du horrela mikrobioak beste aldean geratuko direla.

Bosgarren agerraldian heltzen dio antzezlanak mamiari. Añamarik dio familia ikertzerakoan enigma bat topatu duela. Aitatxiren osaba joan zela itsasoaz bestalde misionetan eta ez dakiela non eta nola amaitu zuen. Ameriketan ibili zela, gero Asian eta hortik aurrera arrastorik ez. Marik jakin mina areagotzen die esaten dienean ez harrotzeko familiako kontu zaharrak, uzteko hildakoak bake-bakean. Eta osabari zer gertatu ote bueltaka ari direnean, orduantxe azaltzen dira Shu eta Erlaitz. Hauek zipriztintzen dute ordura arte pertsonaia guztiek mintzatzen duten benafar-lapurtera, Shuk ukitu ameritarra emango dio bere euskarari eta Erlaitzek, berriz, bizkaitarra.

Doinu polita dauka antzezlan osoak, maisuki menderatzen du Mattin Irigoienek hizkuntza, ahozkoa batez ere. Hiztegi eta esamolde aberastasun handia ageri du eta aldi berean gaurkotasuna ematen dio guztiok ezagun ditugun pertsonak eta egoerak aipatuz noiz nahi. Askotan pentsatu izan ohi dut hobe litzatekeela irakurtzea beti jakin gabe zein den egilea. Antzerki honekin, ordea, hori egin izan bagenu, ez genuke izango nahasteko aukera handirik, euskalkiak ederki erakusten baitu autorea iparraldekoa dugula eta idazlea ezezik aktore ere badela. Eta lan hau definitzen duen esaldi bat aukeratzekotan, Añamarik dioen honakoa; “nondik heldu giren jakin behar, nora joan jakiteko”…

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak