« Katu kalekoak | Komedia eta komeriak »
Zelestina / Fernando de Rojas (Jose Antonio Sarasola) / Alberdania-Elkar, 2010
Moderniaurreko moderniaostea Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-10-03
Edozein itzultzailerentzat, aldez aurretik amore egiteko erronka da obra literario bat XV. mendeko gaztelaniatik euskarara ekartzekoa, bai behintzat jatorrizko hizkeraren jite arkaikoari fidel izan nahi badu. Izan ere, ez dugu testigantzarik nolako euskara zen mende hartakoa. Amore egin behar du euskaratzaile zentzudunak jatorrizko hizkera islatzeko ahaleginetan, ez bada jartzen bertze hizkera bat asmatzera, artifiziala, gaur egun ulergarri gertatu eta, orobat, arkaismo-sentsazio eta giroan murgiltzeko modukoa. Amore egin du horretan Jose Antonio Sarasola itzultzaile eskarmentudunak, eta garai hartako Zelestina obra paregabea euskaratzerakoan geure gaurko hizkeraz eskaini digu.
Jatorrizko obraren arkaismoa, euskaraz, hizkeran ez, bertze osagaietan heltzen zaigu: hala nola protagonisten izaeran, haien hitz-jarioan, diskurtsoen ildoetan, argudioetan —ferietako txerpolarienak bezain bihurriak: ile adar mota guztiei heltzeko gai direnak unean uneko erretorikaren komenientzien arabera—, erreferentzia kulturaletan, sintaxi konplexuan, bai eta jatorrizko obra literarioaren kontraerranetan ere, bi gauza bateraezin bateragarri egiteko nahi behartuan. Hain zuzen, zentsura moral eta erlijioso gogorreko garaietan, nola argitaratu obra literario fresko bat, bizia, naturala, orduko ohitura, ?”bizio?” eta bizimoduen mirail kitzikagarria izan nahi duena… obra moralzalearen plantak eginez aldi berean? Hauxe ere badugu Zelestinan bere kutsu arkaikoaren seinale xarmagarria: pertsonaiek euren bizizaletasunean, euren grinei emanik, garaiko konbentzionalismo hertsiei ihes egin nahirik, euren pasioetan, maiteminetan, sexu-harreman libreagoetan bizitzeko eurenak eta bortz egiten zituzten —horixe da obra honen funtsa—, baina tragikoki bukatu behar zuten guztiek —euren bekatuen zigorra—, zentsoreek oniritzia emanen bazioten garaiko bizitzaren fresko ikusgarri honen plazaratzeari.
Eleberri bat da Zelestina. Baina narratzailerik gabea. Elkarrizketen segida hutsa; pertsonaia guztiak, orain hauek, orain bertzeak, solaskide. Deskripziorik batere ez, gertakarien narraziorik batere ez, ez badira solaskideenak —gehienez ere, gida leungarri gisa, atal bakoitzaren aurrean, datozen gertaeren laburpentxoa eskaintzen zaio irakurleari—. Elkarrizketen bidez jabetuko da irakurlea argumentuaren garapenaz, gertaeren segidaz eta logikaz. Antzerki lan bat izanen bailitzan, baina irakurtzeko pentsaturik, eta irakurlea bera obraren gauzapenean parte hartzaile izan dadila gonbit gisa. Argi eta garbi erran zion obraren inprimatzaileak balizko irakurleari, garai haietan gehitu ohi ziren gomendio-bertsoetan: ?”zeuk egin behar duzu pertsona guztien papera // hitz egiteko estilo eta ahots desberdinak jarriz?”. Ez al da horixe Joseba Sarrionandiaren azken obraren izenburua, Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, hain zuzen? Avant la lettre moderniaosteko planteamendua dirudi Zelestinarenak!
Adinekoa nauzuela-eta, ez nituen ezagutu aspaldidanik ohikoak diren gaurko eskola-irakurketa behartu hauek. Txarrerako ala onerako, batek daki! Baina nire fitxa bibliografiko zaharrak arakatuz, lau aldiz gutxienez agertzen zait irakurri dudala obra hau jatorrizko bertsioan 21 urte nituenetik, bakoitzean, jakina, obra berri bat egiten nuelakoan. Hain den aberatsa! Gaurko hau, euskaraz, Zelestinaren nire borzgarren gauzapen/garapen/idazketa izan da, bertze erregistro batekoa, bertze doinu batekoa, eta, horrexegatik, bertze erronka bat izan zaidana are irakurketa aberasgarriago batean murgiltzeko.
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez