kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Atsekabe zaitut / Irati Jimenez / Txalaparta, 2010

Katu kalekoak Ibon Egaña / Deia, 2010-10-02

Zail da esaten, edo nik neuk behintzat ez dut asmatzen formulatzen, zertaz diharduen Irati Jimenezen hirugarren eleberriak; zein den argumentua eta gai nagusia, ez baitirudi istorioa eta hari narratiboa izan direnik liburua idazteko abiapuntu eta gidari nagusiak. Esan dezagun, sinplifikatuz, Eme eta Hamarren arteko adiskidetasun harremana dela gai nagusia, Emek bizitzaren aurrean hartzen dituen erabakiekin eta haien ondorioekin batera. Funtsean, adiskidetasunaz, bizitzan gertatzen diren apurketez eta zoriontasunaren bilaketa alferrikakoaz gogoeta egiteko markoa eskaintzen du Hamar eta Emeren arteko harremanaren narrazioak. Zertaz diren esaterik ez dagoen liburuak soilik interesatzen zitzaizkiola entzun nion ez dakit zein idazleri; ez dut nik narrazio lineal eta piruetadunen apologiarik egingo, baina liburu honetan galduxe sentitu dut nire burua, kontakizuna nora doan, zer kontatu nahi duen asmatu ezinik bezala, euskarrien faltan.

Narrazioaren gorabeheretan bainoago, irudiak sortzen nahiz giroak marrazten jarri du arreta, izan ere, egileak, eta agian horregatik, irudi bisual eta estetika jakin bat papereratu nahi zelako dator Jimenezen testua Iratz Intziarteren ilustrazioez lagunduta. Biek bat egiten dute giro ilun, dekadente, etsi eta bortitza irudikatzerakoan (irudiak testua baino harantzago doazen arren alderdi horretatik). Bilbo postindustrial deprimituaren nostalgiatik abiatzen da idazlea “beste” hiri bat irudikatzeko (zinemak edo literaturak hainbestetan mediatizatua), non fantasia eta errealitatea nahasten diren, ezen, Hamar eta Eme aldian katu, aldian gizon-emakume direla ohartuko da irakurlea orriak pasa ahala. Nora ez dakizun hori-n landutako bideetatik darrai, beraz, Atsekabe zaitut honek fantasia ulertzeko moduari dagokionez. Ordukoan banpiro edo gizotsoei buruz hitz egitean bezala, oraingoan ere badirudi metaforikoki eta poetikoki ulertu behar dela pertsonaien “katu” izaera. Beraz, liburua ez da narrazio erabat fantastiko izatera heltzen, ez da errealitatearekiko eta errealismoarekiko etenik egiten eta zeharka eta metaforikoki sartzen da fantasia kontakizun errealistan. Izan badu erakargarritasunik errealitatearen eta fantasiaren arteko jokoak, baina iruditzen zait erdibidean geratzen dela nobela eta no (wo)man´s land horretan, Jimenezen aurreko lanean bezala oraingoan, ez direla ustiatzen fantasiak ireki ditzakeen bide zabalak eta, aldi berean, erdizkako fantasia errealitaterako hurbilketa lausoagotu eta goxatzeko bidea dela.

Bilbo abiapuntua izanagatik, orokortasunera, “unibertsaltasunera” jotzen du narrazioak, pertsonaiak izenik gabe aurkeztuz, lekuei izen generikoak emanez edo kontakizuna testuinguru sozialetik at kokatuz, gakoa pertsonaietan eta haien sentimendu unibertsaletan kokatu nahian bezala. Agian horrexegatik, orokorregiak eta naif xamarrak begitandu zaizkit narrazioak planteatzen dituen gogoeta zenbait; diskurtsiboegiak eta horregatik hotzak sentimendu bortitzen gaineko pasarteak.

Giroa sortzean bezainbat, estiloan dago kontakizun honen indargune nagusietakoa. Aurreko bi nobeletan abiatutako bidean harantzago joan da Jimenez liburu honetan, estilo berezko eta identifikagarria lortu arte: ahozkotik hurbileko idazkera, perpaus batetik bestera jauzi handiak egiten dituena, surrealismora hurbilduz zenbaitetan, eta hizkuntzarekin jolas egiteari, hitzak bihurritu eta asmatzeari beldurrik ez diona. Ezin uka daiteke mintzaira propioa duela Jimenezen literaturak, estetika, estilo eta mundu-ikuskerari dagokionez; horretaz harantzago, errealitatera hurbiltzeko modu horrekin (nire gusturako azaleko eta xaloegia) bat egiten duen neurrian asebeteko du irakurlea Atsekabe zaitut-ek.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak