« Mise en abyme | Hustu betetzeko »
Mugetan / Hasier Etxeberria / Elkar, 1988
Schengen aurrekoak Aritz Galarraga / Argia, 2010-09-26
Jurnalista ustez grazios batek, aldizkari serios honetantxe, zera esan zion Hasier Etxeberriari: Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuagatik zela ezagun idazle modura (nota bene: aldizkari honek ez du gisa horretako sasi-kazetaririk merezi). Eta Etxeberriak erantzun zion ezetz, noski, Eulien bazka edo Inesaren balada liburuengatik zela ezagunago, hori uste zuela behintzat, baina tira.
Gaztak ager ditzadan: 1984tik argitaratzen du libururen bat tarteka, etenik gabe. Zerrenda luzea da, genero ezberdinak, halako baieztapen txepelik entzuteko. Baina kontua da, oraingoan ere, iradokizunei kasu egin ez eta hasieretara jo duela jurnalista ustez grazios eta orain kritikari arropak beztitu dituen honek. Mugetan lehen eleberria aukeratu dio kritika arkeologikoa xede duen saila berrabiatzeko.
Labur antzean nobela laburraren haria: Nati eta Mikel harrapatzen ditu poliziak, komisariara eraman, kanta dezaten nork eman zion pistola Tximuri, eraso ekintza armatuen garaiko etakideari. Hori ez, baina ezkutatzeko beste zerbait dute bi atxilotuek, Tximu ere korapilatzen duen zerbait. Eta ezin Mikelek polizia etxekoa jasan: ateratakoak Tximuren arrastoan sartzen du polizia, ezinbestean.
Mugetan honek harrapatzen du garaiko errealitate politikoa, klabe politikoan idatzitako eleberria izan gabe. Konpromisoa, militantzia, sasia. Baina bestelakoa da interpretazioa, pertsonaiak eta haien barrukoak karraskatzen ditu, Nati eta Mikel ziegara eta Tximu zulora daraman motiboa prosaikoa da oso. Ahaire beltz batean dago idatzia gainera, atxilotuen abokatua baino detektibe ez oso abila dirudien Beistegi izeneko pertsonaiak iradokitzen duen bezala.
Schengen aurreko nobela da Mugetan, kronologikoki, baina baita Etxeberriaren bibliografian ere. Ondoren euri ugari egin duela, alegia, eta onerako. Garairako izan zuen meriturik, Olaziregik dio: “Konta-teknika modernoak darabiltza, plano alternantzia azkarrak, zehar estilo askean tartekatutako pasarteak, kameraren begiari jarraiki antolatutako deskribapen objektiboak”. Gaindituak dira, ordea, horiek denak, eta irakurketa xalo xamarra, piperrik gabea da gaur egunekoa. Gorabehera urrikoa, zurrunegia, konparazioz betea.
Zalantza gutxi: beste eleberri batzuekin lehenaren langa gainditu du Etxeberriak, nabarmen. Lerro beltzari jarraiki, eta gomendioari kasu eginez (azkenik!), Eulien bazka, esate batera. Eta bestelako lerro batean, bakanago, Iturrino handia bikaina. Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan ahaztu gabe, noski.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui