kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Anphora baita / Pello Otxoteko / Alberdania, 2010

Lagun baten gonbidapena Jose Luis Padron / Bilbao, 2010-08

Anphora baita (Alberdania, 2010) Pello Otxotekoren bosgarren poema-liburu da. Ez da etorri berria, beraz, plaza honetara. Bere lehen hiru liburuen ildo nagusitik dator oraingoan ere. Gizakiaren galdera sakon iraunkorrak plazaratzen ditu, eta ohi bezala irakurlea gonbidatzen du hausnarketa horietan murgiltzera. Kontzeptu sakonak iruditu arren erraz ulertzen dira eta forma aldetik dinamikoa da liburua; gehienak poema laburrak dira, aldioro gaiak edo motiboak etengabe aldatuz doaz poema batetik bestera eta gainera ilustrazioak liburuaren irakurketari arnasa ematen saiatzen dira.

Otxotekok Anphora hartzen du metafora gisa gizakiaren zerizana adierazteko eta bere barne sakon bihurrietara ahal den moduan iristeko: “Anphorak ez du bere burua ezagutzen, / ez eta imajinatzen ere. / Eta bere aurpegia ikusten saiatzen den orotan / barruko barrunbearen oihartzuna / jasotzera iristen da besterik ez”. Era berean, gizakia goraipatzen du eta bere garrantzia nabarmentzen saiatzen da behin eta berriz, gaur egungo gizartean hain gutxi goraipatua dagoen estetikaren bitartez, gauza guztien gainetik gizabanakoa lehenetsiz: “Anphora bakarra da beti, / eta bere bakartasun horretan / lortzen du izatea eta izaera”. Halaber, zeharka zein zuzenean ari zaigu errealitatearen ikuspegi anitzen inguruan. Horretarako, maiz erabiltzen ditu irudi kontrajarriak, askotan oximoron delakora hurbilduz, modu honetan irakurlea kontraesanen mugetara eramaten du, norbere burua oldoztetan murgilaraziz.

Horretaz gain, gizartearen azalkeriari eta ahuleziari aurre egin nahi dio humanismo antzeko bati helduz. Ezinbestekoak dira lerrook gogoratzea: “Euria munduaren kontzientzia da, / eta badakigu; hala ere, / guardasola erabiltzen dugu / bere isuria gugan eragozteko / behin eta berriz”. Edo bestelako hauek ere bai: “Besteak epaitzen dituenak hantuste puntu altua dauka, / baina besteak epaitzen ere jakin behar da / norbere burua epaitzen jakiteko”.

Nolanahi ere, Otxotekok ez du inor konbentzitu nahi. Aise nabaritzen da bere lerroetan nolabaiteko gonbita dagoela, batez ere estetikoa, ondoren norberak bere barnean murgiltzeko eta bere baitan erantzunak aurkitzeko eta norberaren ondorioetara iristeko: “Garenaren eta ez garenaren / arteko ezberdintasuna / estetika baten itzalpean bizitzea / besterik ez da”. Saia zaitez, irakurle, gonbidapen horri eusten, eta liburu honen orriotara hurbiltzen.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak