« Lagun baten gonbidapena | Zentzu komuna »
Segundorik luzeena / Bill S. Ballinger (Xabier Olarra) / Igela, 2009
Aurkikuntza Iker Zaldua / Gara, 2010-08-20
Ez dut askotan aukeratzen eleberri beltza, oso bakanetan, egiari zor. Aitortu beharrean nago, halaber, Bill S. Ballinger ez zela nire idazle kuttunen zerrendetan agertzen, are, izen hori ez zen nire burmuineko sare korapilatuko gune bakar batean ere agertzen. Hemendik aurrera, ordea, bere tokia izango du, ez bere liburu hau irakurri dudalako, baizik eta liburu hau gozatu egin dudalako.
Miaketan ibili naiz eta dirudienez, B.S. Sanborn eta Frederic Fryer izenak ere erabiltzen zituen bere lanak sinatzeko XX. mendeko hastapenean jaiotako idazle estatubatuarrak, alferrik ordea, horiek ere ezezagunak niretzat.
Liburu hau ere ez nuen izenburua ezagutzen nuelako aukeratu, nire gogoa behartu nuen eleberri beltza irakurtzera, Igelako Sail Beltza aproposa iruditu zitzaidan, eta bete-betean asmatu dudala esango nuke. Polizia liburu gehienetan bezala, hilketa bat da ardatza. Haren itzalpean ordea ezinbesteko osagaiak, lapurreta, mendekotasuna, mehatxuak, iruzurrak eta gorpu gehiago. Liburua irakurri hala, irakurlea detektibe bihurtzen da, ni behintzat egoera horretan jarri naiz, liburuaren atzeko azala itxi arte ez baita kasua argitzen eta nahiko buruhauste izan ditut nork zer egin duen eta zerk nor harrapatu duen asmatzeko, edo asmatzen ahalegintzeko, aitortu behar baitut detektibe modura etorkizun oparorik ez nukeela izango.
Hogeita hamalau atal ditu liburuak eta bitan banatzen da kontakizuna. Zenbaki bakoitietan protagonista agertzen zaigu, ospitale bateko ohe batean etzanda, hara eraman duen gertaerak oroimena galarazi dio eta nor den ere ez daki, hori asmatu nahian ibiliko zaigu orrialde guztietan eta irakurlea adi, bere mugimendu oro zelatatzen, erabakigarria baita kasua argitzeko. Zenbaki bikoitietan hilketa baten hari guztiak bere tokian jarri ezinik dauden poliziak dauzkagu. Protagonista lehen pertsonan irakurtzen dugu, gu izango bagina moduan, poliziak hirugarren pertsonan aditzen ditugu, norbaitek haien gorabeherak belarrira xuxurlatuko balizkigu bezala. Bakoiti eta bikoiti, banaka hartuta, bi istorio ditugu, eta sumatzen da elkarren artean badutela loturarik, elkartuz gero berresten dugu susmoa, zer oso baten bi geruza ezberdin balira bezala ekartzen dira, ezkutuan dagoena agerraraziz.
Intriga hitza izan daiteke aproposena nik zer sentitu dudan adierazteko, protagonista bera, bi mundutan nahasturik dabil, alde batetik, ospitaleko ohetik altxatzen denean aurrez aurre duena, bere nortasun berriak eskaintzen diona eta, beste alde batetik, atzean ezkutatzen dena, tarteka amesgaiztoetan ikus dezakeena, lausoa izanagatik iluntasuna sortzen duten kolore guztiak dituena.
Intriga azken orrialdeko azken lerroan hiltzen da, edo hor hiltzen da nire moduko detektibe txarren kasuan, hala ere, postura egingo nuke zuek ere irakurtzen jarriz gero askoz lehenago ez diozuela antzik hartuko egiari. Bada esango nuke, nor zein den asmatzeaz gain, Ballinger ere aurkitu dudala eta, arestian esan bezala, badu bere tokia nire gustukoen apalean.
Azkenik adierazteko modukoa iruditzen zait Xabier Olarrak egindako itzulpena; paregabea iruditu zait, ez dago esaldi korapilatsurik, ez egitura beharturik, ez hitzez hitzezko trazaren arrastorik, euskaraz irakurtzeko parada eman digu eta, egiaz, badirudi euskaraz sortua dela.
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi