kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Galerna / Iratxe Esnaola / Elkar, 2010

Nabarmenagoa da, fokupean Nagore Tolosa / Beterriko Liburua, 2010-06

S.S. kostaldeko hiri txikian gaude, abuztuko azken eguerdi sargorian. Ezerezari emanda egoteko aukera eskaintzeagatik, kontinente osoan sona hartu dute hiriak berak eta bertako Hotelak eta apartamentuek. Haiek bahituta izan dituzten udatiar gehienak alde eginak dira, jada. Bertakoei nahiz hirian geratzen diren kanpotar apurrei itxarotea beste zereginik ez zaie geratzen: gaur, bihar, etzi, kanpotarrek noiz alde egingo daude batzuk; itzulerako bidaiaren ordua noiz iritsiko, besteak; eta azken egunetarako iragarria omen dagoen, baina inoiz etortzen ez den galernaren zain bi-biak. “Itxarote hura, azkenerako, itxitura bat zen bere baitan”, ohartarazten digu istorioaren narratzaileak lehen orrialdean bertan.

Kaiola hori sortu du Iratxe Esnaola idazleak Agustin Zubikarai saria irabazi eta Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen Galerna bere lehen nobela laburrean. Erruki-izpirik gabe giltzapetu ditu Nora eta Sebastian senar-emazte udatiar atzerritarrak eta Hoteleko zuzendaria eta bere alaba S.S.ko herritarrak bertako Hotelean, apartamentuan eta hondartzan.

Ainara Gorostizuk Berria egunkarian egin zion elkarrizketa batean, Esnaolak honako hau zioen: “Ez diot esan nahi irakurleari “nobela gai honi buruzkoa da”; bakoitzak egingo du bere interpretazioa. Literatura buruaskia da, ez du behar autorerik bere gainean hitz egiteko”. Bada, Esnaola berak ez digu ezer handirik argitu nahi izan, baina beren irakurketen berri eman digute, besteak beste, Harkaitz Canok liburuaren aurkezpenean, Beñat Sarasolak Berria egunkarian, Marta Luxanek Tas-Tas irratian eta Ibon Egañak Ortzadar kultura eranskinean; eta ezin esan istorio belaxka bat ikusi dutenik; gihartsua eta zer laxatua baduena baizik.

S.S.ko terrazetako plastikozko aulkiak gauez nola, elkarrengana kateatuak daude pertsonaiak, eta halere, edo horrexegatik, bakarrik.

Nora Becheler helduaroan sartzen ari den emakume ederra da; Hoteleko zuzendariaren alaba, berriz, nerabezaroa uzten ari den neskatila xaloa. Bien arteko harremanean ikus daiteke istorioaren korapiloetako bat. Bekaizkeria diote elkarri, batak bestearen gorputzean eta adinean egon nahiko luke. Eider Rodriguezek Katu jendea ipuin-liburuan agerian utzi du edertasunak sor dezakeen morrontza: edertasuna, uste ez bezala, zama denean, abantaila baino. Norak argi erantzuten du, nerabeak dion liluraren aurrean: “Nire gaztaroak festa handia zirudien kanpotik. Nire edertasuna erabiltzen genuen nik eta ondokoek besteei erakusteko”.

Sebastian Noraren senarraren eta neskato adingabearen artean dago beste korapiloetako bat. Erruduntasun sentimendua barrua jaten ari zaio gizon helduari, eta gain hartzen neskatoaganako sentitzen duen desioari. Gizartearen konbentzioek baldintzatzen dute guztiz haren jokaera. Larrituta dago, ikusten baititu jada polizia, medikuak, kazetariak bere atzetik segika, eta, are mingarriagoa dena, entzuten baitu herritarrek berari buruz esango dutena.

Hoteleko zuzendariak, berriz, gauza bakarra omen daki: “zeru-lurrak mugitzeko maitasuna nahi zuen, dena galduta ere berdin zuena; are dena gaitzen hobe zena, zalaparta eta kaosa, ideia bat maitasuna”. Bizkarra agerian uzten dieten soinekoko emakumeak ditu jomuga uda garaian: Nora, aurtengoan. Eta harekin itsututa, erabat ahaztuko du arreta gosez duen alaba.

Bortizkeria barea dario istorioari: ez hainbeste fisikoa, aztoratzaileagoa izan daitekeen bortizkeria psikikoa da. Itxaronaldiak eta eguzki erreak pertsonaiei pentsatzen duten guztia esanaraziko die. Nazka eragiteraino azaleratuko dute beren desesperazioa, galerna lehertzearekin batera.

“Life is a tragedy when seen in close up, but a comedy in long shot”. Hala bedi, Chaplin jauna. Bizitzaren antzerkian, lagunduko ahal digute aurpegi hautseztatuek eta ezpain eskarlata-koloreek gurea (desesperazioa, diot) disimulatzen; eta zeharkako itzalek, disimulua disimulatzen.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak