« Anphora baita | Nabarmenagoa da, fokupean »
Abernua: hutsaren oroitzapena / Nerea Beldarrain / Berminghan, 2010
Edertasuneranzko ihesaldia Pello Otxoteko / Egan, 2010-06
Liburu berria da hau. Lehiaketa batean saritutakoa. Iparragirre Literatur Lehiaketan lehen saria irabazi du aurten poesia alorrean. Horretaz gain, egile berria bat jartzen digu literatur panoramaren atarian. Eta egia esateko, ez da nolanahiko egilea lerrootara ekarri duguna, ziur aski etorkizunean zeresana handia izango dute luma berri honek emango dizkigun ekarpenak. Hitz egin dezagun, beraz, Nerea Beldarrainek egiten digun gonbita berri honi buruz.
Poesia ihes egiteko modua da, bai, hala da, baina honek ez du esan nahi poeta ihesean dabilenik. Poetak ihes egiteko modu hau erabiltzen du benetan esku artean duen kezka, arazo edo nolanahikoari zuzen-zuzenean aurre egiteko. Modu bitxia dudarik gabe, baina agian, horregatik, askotan eraginkorra gertatu ohi da, izan ere, bere ihes-bide berezi horretan poetak hitzen bitartez asuntoaren subjektuari bekoz beko begiratzen baitio, eta jarrera horretan hitzen esanahien mamia erabat zukutu. Kezkaren grina horren bila oldoztetan murgiltzean, miragarrizko gogoetak, esanahiak eta doinuak aurkituko ditu. Hitz gutxitan: poesia. Dena den, idazmolde horretan, hitz gogorrek ere asaldatuko gaituzte “Poema garratzez botatzen dute berriro itoginetik edango duten edena” edo “hementxe dauzkat bularreko hutsa estaltzen. Hutsaren oroitzapena janzten”. Bai, egia baita poema liburu honetan oinazeak sortutako izatearen hutsa gainditzeko eta estaltzeko ahalegina aurkitzen baitugu. Baina hau betiere zintzoagoa eta gomendagarriagoa da isiltasunaren kalumnia baino. “Mundua nola mututzen den dakusat, non hitzari hegalak mozten baitizkiote” esaten digu Edmond Jabès-ek, horregatik hitzari bere lekua eman behar zaio, garraztasunez eta sufrimenduz kargatua baldin badator ere.
Nerea Beldarrainen lehen liburua dugu hauxe. Liburu argia eta mozorrorik gabea, eta era berean oinazea, sufrimendua eta ezinegona aldarrikatzen duena askapenezko oihu baten gisa. Liburu gogorra hasiera batean baina sakona bere gogorrean. Abernua: Hutsaren oroitzapena, poesiaren saiakera garbia eta norberaren biluzte leiala. Beldarrainek ez dio muzin egiten isolamenduaren ikarari, “El aislamiento es el acto de desarraigo frente al tú. El estar con todos para no encontrarse con nadie, el decirse en las palabras de todos donde nadie se dice a nadie. Donde todos quedamos solos” gogorarazten digu Hugo Mujicak, eta izpiritu berberaz deserriratze ariketa egiten du Nerea Beldarrainek, norberaren barne deserriratzea, eta irtenbidea eta argia aurkitu nahian kementsu abiatzen dena.
Askotan zaila izaten da barruko garrasí, ahots eta oihuak taxuz kanporatzea. Zaila gertatzen zaigu benetan, geure hots eta minak kanporatzea, behar duen itxuraz, formaz eta izenaz aldarrikatzea oinazearen sakona urruntzeko. Zinez jariatzen ditugu hitzak horrelakoetan, eta hatsean isurtzen den oinazea benetakoa da. Oinazea erreala da, norberaren barne-erraietan zuloak egiten dituena. Ez da soilik irudipenean gertatzen, Munch-en Garrasia-n kasu, eragin nabariak ditu. Eta hitza, horren lekuko da. Liburu honetan, hitza, barne hitza, oinaze horren isla benetakoa da, eta Munch-en Garrasia irudikatzen ez den arren, bere oihuaren notak gauzatzen dira.
Alabaina, bestearen presentzia eta bilaketa etengabea oso nabaria da poema liburu osoan. Norbera izatea, bestea izatea baita, eta bestea izatea, norbera izatea ere badelako, horregatik bilatzen dugu maiz bestearen gertutasuna. Liburu hau oinaze isilaren oihu bat da, oinaze honen askapen bidea bilatzen duen atea; baina era berean lagun hurkoa bilatzen du askapen horren lagungarri gisa. Izan ere, ez baitago hodei ertzik zerurik gabe. Ez dago ezer erreferentziarik ez duena, ez dago zero punturik, ez tabula rasa-rik. “La mismidad es impensable sin la alteridad. Tan impensable como irrealizable”, berriz ere Hugo Mujicaren hitzak.
Sufrimenduaren presentzia bertan azaltzen da eta oso nabaria da. Pathos ikaragarria begitantzen dugu lerrootan, minaren biluztea, umezurtz geratu denaren ikara … eta nonbait, ez dakigu non, aurkitutako indarra. Eta sufrimendua eta lagun hurkoarekin hitz egiteko ahaleginean edertasuna sortuko zaigu. Hala adierazten digu Rene Char-ek, “Edertasuna elkarrizketan sortzen da, isiltasunaren hausturan eta ondoren isiltasun honen berreskurapenean”. Horixe baita Nerea Beldarrainek egiten digun gonbita, oinazearen inguruko elkarrizketa sakona, etsipenetik birjaikitzen denaren indarra eta arnasa berrituaren aldarrikapena, poesiaranzko atxikimendua aireratuz, bereak diren hitzetan “Agur esateko gutuna idatzi zenion begien kliskaz” edo “Istant honetako ene betiereko oroitzapen” edo beste honetan “Fikziozko sufrimendura itzuli nahi izan zenuen, zure bizitza amesgaiztoa bera baino latzagoa zela gogoratu zenuenean”, emaro azaleratzen hasten zaizkigunak. Eta emeki-emeki edertasunaren kimuak begitantzen hasiko gara, orrialdeak pasa ahala sumatuko dugu edertasunaren gezia tristeziaren laino oparoa zeharkatzen lerdentasunaren argirantz bidea egiten, eta azken batean, ituan bete-betean jotzen duela bermatu.
Batzuetan ezkutaketan jolasten ari dela ere irudi dezake, handik eta hemendik, tarteka burua erdizka agerian utziz. Eta Nerea Beldarrainek Ezkutaketan jolasean dabilen moduan, altxor kutxetan sartzen, eskizofrenietan mozorrotzen, musika-kaxen doinuen notetan, matriosketako patriken zuloetan, gu geu ere horrelakoetan bilatzen dugu babesa errealitateari zentzurik aurkitzen ez diogunean. Eta nolabaiteko altzoa topatzen dugu sua berriki piztu zeneko kobazuloko egongelan, Platonen itzalekin hizketan, oheko harea mugikorretan, edo gela baten pertsiana itxiaren begi ezin ñimiñoagoan. Eta berak dioskunez hortxe, hor dago bera, bizitzari zentzurik aurkitzen ez dionean, gu denokin ezkutaketan jolasten denean. Hein handi batean hori egiten du, edo hori bera bilatzen du poesiaren bidez, hitzekin ezkutaketan bere burua adierazi nahi duenean.
Nolanahi ere, ez dio Nerea Beldarrainek esperantzari uko egiten eta aurrera jarraitzen du bere hitzak, benetako hitzak, irmoki zizelkatu egiten duelarik “ukiezinezko izarrek gordeko dizkizuetela eternitateko bizkarrak”. Alferrikakoak ez dira, beraz, Edmond Jabès-en hitzak honako hau dionean, “Badago gugan, besteak baino indartsuagoa den hitz bat, baita beste hitz guztiak baino pertsonalagoa dena ere”. Hortxe azalduko zaigu arnasten Nerea Beldarrainen hitza poema liburu osoko lerroetan zehar. Hitza baita konponbide, sendabide, lasaitzeko edabe, batzuetan erredentziorako baliabide, eta nola ez, errealitate honen zentzurik eza, absurduari eta ezinegon guztien minak gainditu eta kenduko dizkigun ukendu miragarria. Izan ere, nor ez zaio esperantzaren printza ttikienari atxikitzen?
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres