kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Anphora baita / Pello Otxoteko / Alberdania, 2010

Anphora baita Julen Azpeitia / Egan, 2010-06

Anfora baita da Pello Otxotekoren azken lana.

Anfora hautsi baten aurrean, Otxotekok, sentimen eta bizipenez betetako hausnarketen erakustaldi irudimentsuari bide eman dio.

Berehala, Anforak ezkutatzen duen sekretuak jakinahia sorraraziko du irakurlearengan.

Anfora hautsita dago.

Egilea, hala ere, ez da tentaldi ezkorrean erori eta, zorionez, ezta sadismoan ere: ez ditu bere pentsamenduak erabili Cioranek bezala irakurlea etsipenean itotzeko. Amets hautsien aurrean, zera dio: hautsiak bai, amets ordea! Otxotekok Anfora berreraikitzea proposatzen digu: “Anphorak bere desirak bete zituen lortezinak zirela ez zekielako”.

Zorionez, berriro ere, egileak, dibanaren ordezko izan nahi duten liburuetatik ihes egin du. Anforaren piezak (bai Anfora fisikoarenak, bai liburua osatzen duten poemak) ez dira pildorak. Otxoteko da den bezalakoa, ez du irakurlearen zerbitzariz mozorrotu nahi errezetategi adeitsua idazteko. Hainbat poematan, idazlea, gogorra izan arren, ez da ezkutatu, eta gure adiskide onenarengandik isiltasuna baino askoz gehiago jasoko ez genukeen egoeratan, zuzen eta garden, ideia lortuenak konpartituz, busti egin da, bide batez, irakurlea blaituz: “Garenaren eta ez-garenaren arteko ezberdintasuna estetika baten itzalpean bizitzea besterik ez da.”

Baina zer da Otxotekok berreraiki nahi duen Anfora? Eztanda egin duen eta barneko ehunak dardarazten dizkigun sentimenduen urtegi bat? Hutsalkeria, azalkeria eta txatxukeriaren aurrean, gure laberintuko minotauroari aurre egiteko duintasuna eta gizatasuna aldarrikatzen dituen asaldura ikonoa? Gaurko munduan disfrutatzea eta gordetzea merezi duten balio, amets, ideia, gogo eta errealitatez eraikitako Noe-ren bigarren ontzi moduko bat? Hondorik gabekoa izan daitekeen, koba zulo beltz baten tankerakoa ere eta lokatzez egindako entelekiaren metafora, Pandora kutxa deitu zutena?

Artisautza lan errubensiarra, jatorrietara garamatzana, existentziaren esanahi poliedrikoetara, non oraindik imajinatzeko aukera dugun, bizia bizitzea posible dela inozentzia galdu izan ez bagenu lez?

Gizakiok uharte bakarti garen neurrian, poesiaren itsasoan bidaiatuz, gure bihotzaren ispiluan begi berriz bilatzeko mezua bere baitan dakarkigun botila arkaikoa?

Irakurleak erabakiko du.

Irakurlea bera bihurtzen baita poema liburu honen protagonista. Irakurleak erabakiko du, puzzle bat osotzen duen gisa berean, Anforaren pieza bakoitzak proposatzen dizkion galdera eta hausnarketen aurrean, zer erantzun eta pieza desberdinak nola elkartu, bere Anfora propioa eraikitzeko.

Ez pentsa ariketa hain erraza denik: Pieza hauek, puzzlearenek ez bezala, hunkitu egiten dute, barnea ukitu egiten dute, bizia dute.

Azken finean, idazleak, irakurlearen konplizitateaz, nahi duena da hitzek hura gizaki izatearen zerizanaren mamiraino eraman dezaten.

Lortu ala ez, zalantzarik gabe, Anphora baitak, bere baitako hoberenarekin elkarrizketa sakona izateko aukera emango dio irakurleari.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak