kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Itzalaren ñabarduretan / Pello Otxoteko / Hiria, 2001

Argiak, ilunak… nora ezean Haritz Zubiate / Gara, 2002-04-13

Idazle gaztea da Pello Otxoteko Vaquero, gazte baina heldua, sarriegi erabilitako topikoa irudikatu arren. Asko irakurri eta sakon hausnartu duen figura dakarkigu autoreak. Eskerrei eskainitako atalean aitortzen ditu bere inspirazio iturri partikularrak: bertakoetatik, Lete eta Artze, eta urrunagokoetatik, Pessoa, Blake, Whitman, Valéry, Heisenberg eta Dodgson, poesiak mugen araberako zatiketarik onartu ez arren. Heisenberg, bai, autorearen zientziarako zalutasuna argitzen diguna. Astiro lerratzen dira eraginok Otxotekoren poemetan barrena, Valéry eta Heisenbergen arteko elkarrizketan ikus daitekeen legez, mundu ikuskera zientifikoaren eta literario artistikoaren arteko eztabaida, poetaren ahoan “ez al dira sentimenezko quantum neurgarriak?” bortitzarekin bukatzen dena.

Antitesi eta kontraesanez beteta eraiki ditu Otxotekok bere poemak bere bigarren liburu honetan. Lehena 1999an kaleratu zuen (“Haraindiko bidaiaren bila”), bertso paper eta literatur sariketetan uzta oparoa jaso ondoren. Bigarren honetan kontraesanez osatutako bidean barrena garamatza. Argia eta itzala (hortik izenburua), hutsa eta betea. Gizabanako bakartiaren bidea erakusten du autoreak. Deserrotzeak dakarren basamortuko ibilaldia. Ez dauden denbora eta espazioen irudikapena (ukronia utopikoak). Modernitatearen abiadura handiko trenean zorabiatutakoen nora eza. Ilustrazioko proiektu handien porrotak dakarren pentsamendu “biguna”, momentuko erantzunen garrantzia, transzendentalismoaren kaltetara.

Pentsamendu estilo horri eta existentzialismoari zeharo lotuta agertzen zaigu identitateari buruzko gogoeta, deserrotzerako bidea egin behar duen subjektuaren inguruko burutapen antropologikoa. Kezka kolektiboa zeharka agertzen zaigu (“dagoeneko, ez dugu behar / izotz ondoko Eguzkirik / ez eta Euskal Herri / megalitiko, pirolitiko edota paralitikorik”). Gure herriaren harrizko izaeraren (Aresti) eta sentimenduen sublimatzea bitalismo bortitzak astintzen du, zentzuen gozamenaren beharrak baldintzatzen duelarik gure nora eza.

“Zer da gizakia, izanaren eta ez-izanaren arteko mugalaria baino?” galdetzen digu umiltasunez, denbora, heriotza eta identitatea betirako bere estiloan txertatuz. Identitateak existentzialismoaren muinera garamatza, deserrotze bidaiaren dekonstrukziora, nora goazen eta zertara, erantzunik aurkitu ezin duten galderak. Zentzuen baliagarritasuna kolokan jartzen da dudaren printzipioaren agerpenarekin. Egia ote da ikusten, sentitzen, nabaritzen, duguna? Ba al dago Egia maiuskulurik? Autoreak egia minuskulu polifazetikoak dakarzkigu, gerora begirako iraganak eta itzalik egiten ez duten gorputzak. Zentzuak gizakiaren ahultasun eta txikitasunaren ispilu besterik ez dira, inperfektuak beraz, zera edo nora gabeak, espiralezko mugimenduetan inora ez doan bidaian.

Kontzientziari ere, gizakiaren oinarri eta berezko ezaugarriari ere, dudak erasotzen dio, identitatearen galera ekar bailezake gehiegizko arrazionalizazioak. Eroen gorazarrea ulergarriago egiten da orduan, “behar bada beraiek soilik ezagutzen dute Jainkoa”. Gizakia lotzen duten kateen inguruko gogoeta da Itzalaren ñabarduretan, fatalismo eta sentimentalismorik gabea, karta txarrak izanik partida jokatzera derrigortuta dagoen jokalariarena, gauzak datozen moduan etorrita erantzunen bila abiatzen denarena.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak