« Egunerokoaren atzean | Estilo-ariketa »
Gasolindegian / Yurre Ugarte / Alberdania, 2010
Behatokia ziztrin, begiak zorrotz Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-05-23
Zulo bat, zure ametsetakoa ez, baina zure behatokia dena mundua ikusteko. Lehen pertsonan mintzatzen zaizun narratzaile bera zazpitik sei kontakizunetan, behatzaile berbera segida kronologikoa duten sei sekuentziatan, non eta pertsonaia dezente ere anitz berragertzen diren. Ipuin bakoitza bere autonomian irakur dezakezu, baina osotasun narratibo bat eskaintzen dizu multzoak. Nobela eta ipuin azpigeneroen arteko mugan eratu du Yurre Ugartek irakurriz gozatzeko den bere opera prima hau —irakurtzeko diot, zeren eta bertzela ere esperientziaduna baitugu egilea ikus-entzunezkoen munduan—.
Protagonista unibertsitate tituluduna da, zertan eta Arte Ederretan, hots, begiak eta eskuak mundua ikusi eta haztatzeko bereziki prestatzen dizkizuten ikasketa horietan, eta Behobiako gasolindegian aurkitzen duzu langile xume. Frustrazioa nagusi, jakina. Eta bere begirada zorroztuaz baliatuko da errealitatea antzeman eta bertatik haratagokoa amesteko, Nôtre-Dameko konkordun itsusiarengandik haratagoko ametsetan murgiltzeko: “Badator konkorduna niregana […]. Nôtre-Damera eraman nahi banau, prest nago Ederra izateko. Ederraren errauts besterik izango ez banaiz ere…”.
Liburuaren giroa gaurko errealitate, iraganeko oroitzapen eta irudikapen onirikoen eguratsean elikatzen da. Suteen presentzia suntsitzailea errepikakorra da amets eta oroitzapenetan, azken hauek ere iraganeko errealitate baino gehiago herriko legendak direlarik. Suntsipena amets. Ez, baina, ikuspegi nihilista batetik, bertze ikuspegi katarsikoago batetik baizik: errauts bihurturik amesten du errealitatea, baina katastrofearen erdian, galdera: “Akuriak ondo daude?”. Akuriak, bizitza sanoago bila gure ibileren sinbolo…
Bikain egituraturiko obra dugu hau, frustrazioz beteriko errealitatearen inguru jira biraka dabiltzan hausnarketen gainean eraikia, irudimen dohainez jantzia, erreferentzia sinboliko adierazkorrak begietara ekartzen dakiena, estilo bizian idazteko gai dela frogatzen duena. Poesia ere badario liburuari. Erraz blaituko da irakurlea obraren giro eta sentipenetan, bertan bere burua ere identifikaturik ikusteko moduan.
Zer erranik ez, kontakizun bilduma guztietan bezala, badaude batzuk bertzeak baino lortuagoak. Irakurle honen iduriko, sarrera distiranta egiten du liburuak lehenbiziko bi narrazioekin, Nôtre-Dame du fakir eta Posterterapia, hurrenez hurren. Lehenak ia liburu osoan zehar nagusituko den giroan sartzeko zenbait giltza ematen digu. Bigarrena, aldiz, gainerakoez bertzelakoa da, bai pertsonaietan —protagonista narratzailea ere bertze bat da—, bai agertokietan, liburuaren plan orokorretik aparte sortu izan balitz; baina ez ditu hausten, ene ustez, bildumaren izpiritu eta gauzak begiratzeko modua.
Luzeagoak dira hurrengo biak, eta egiten zait hauetan hari gehiegi erabili duela, ipuingintzan horrek dakarren arriskuarekin: hariak korapilatzekoarekin, alegia. Korapiloarena saihesteko, bizitasun apalagoko informazio-paragrafo batzuk txertatu behar izan ditu egileak, nonbait; sorturiko giroa elikatzen laguntzen ez dutenak.
Bereziki aipagarria deritzot Kuros hilkorra izenburukoari, Cortazarrek hain gustuko dituen identitate ordezkapenen inguruko kontakizunak gogorarazi dizkidana. Fantasia eta eguneroko errealitatea bat egiten, zuzen-zuzen eramaten du irakurlea narrazioan murgiltzera.
Nahiz eta gehiago lan zitzakeen agian ipuin batzuk, guztietan erakutsi ditu bere dohainak. Narrazio-idazle berri bat agertu zaigu, eta bere fruitu berriak dastatzeko irrikan jarri du irakurle hau.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez