kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Haragizko amoreak / Omar Nabarro / Susa, 2010

Amodioa eta denbora Javier Rojo / El Correo, 2010-05-01

Poetaren papera egiten duenean Omar Nabarro sinatzen duen idazleak Haragizko amoreak izenburua duen poema liburua plazaratu berria du. Ezin esan daiteke idazlea, haragi eta hezurrezko idazlea, pertsona alegia, heteronimo horren atzean ezkutatzen denik. Beste gauza bat gertatzen da izen hori hartzen duenean: pertsona, idazlea poeta bihurtzen da, izen horrek egilearen izana markatuko balu bezala. Beraz, pertsona poeta eginda ikusten dugu liburu honetan, eta poeta den aldetik ikusten du errealitatea.

Esan genezake amodiozko poema liburu baten aurrean gaudela. Baina poesiaren historian amodioak izan duen trataera ikusita, definizio honekin argitu beharrean nahastu egingo litzateke liburuaren izaera. Bai, liburuan amodioaz hitz egiten da, baina hain ohikoa ez den ikuspuntu batetik begiratuta, gorputzek elkar maite dutenekoa azaltzen baita, liburuaren izenburuak berak iradokitzen duen moduan. Baina Omar Nabarrok ez du gorputzen sentimenduen deskribapen hutsa egiten. Harantzago doa bere planteamenduan, gizakien izaerarekin topo egiten duelarik. Izan ere, liburu honetan amodioaz bezainbeste hitz egiten baita denboraren igarotzeaz. Gizakiaren izaera mugatuaren aurrean sexutik ezin banatu daitekeen amodioak berebiziko garrantzia hartzen du, gorputzek elkar maite duteneko instante laburrean denbora gelditu eta infinituraino luzatu ahalko balitz bezala. Gauzak honela, haragizko amodio hauek gizakiak denboraren aurrean izan dezakeen larridura arindu ez ezik gainditu ere egiten dute, momentu horretan gizakiak mugagabea dela senti bailezake.

Amodiozko poema hauen ondoan hiriari eskainitako beste batzuk ere ageri dira. Altzairuzko hiriaren nostalgia du poetak, hiri horretan titaniozko hiri postmodernoan aurkitzen ez den epika ikusten baitu. Idazkeraren aldetik, liburua pixka bat berezia dela esan behar da, baina duintasun osoz aurkeztu daiteke irakurleen aurrean, arrunkeria gainditu eta benetako poesia egiten jakin baitu Omar Nabarro sinatzen duen poetak.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak