kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Izan bainintzen Nafarroako errege / Aingeru Epaltza / Elkar, 2009

Epaltzaren irakaspena Leire Zubeldia / Gara, 2010-04-23

Noan aitorpen batekin hastera: gure historiaz ezer gutxi dakidala jabetu naiz. Deskubritu dut, Nafarroako Erresuma ez zela 1512. urtean gertatutako konkistarekin bukatu; konturatu naiz, euskaldunok inoiz izan dugun estatu bakarraren historia Noaingo bataila eta Amaiurko gaztelua baino zerbait gehiago dela. Maiz hitz egiten dugu gure historiaz, baina ezer gutxi dakigu. Hipotesi horretatik abiatu zen Aingeru Epaltza Erresuma eta Fedea trilogia idazterakoan. Zinez asmatu duela uste dut. Irakurle honi behintzat, Izan bainintzen Nafarroako errege eleberriak eskolako testuliburuetan aurkitu ez zuen historia ezagutzeko irrika piztu dio.

Gauza “potolo” asko gertatu ziren XVI. mendean. Hein handi batean, geroko (gaurko) historia mamitu zen mendea da. Ezaugarri horiek izanagatik ere, inor gutxi ausartu da bost mende atzera egin eta ordukoa gaurko ikuspuntutik kontatzen. Aingeru Epaltzak maisutasunez egin du hori. Nabaria da egileak egin duen dokumentazio lan eskerga. Horri zor zaio XVI. mendeko gertakizunak, pertsonaia errealen ezaugarriak eta orduan bizi zen giroa hain ongi islatu izana. Era berean, garrantzitsua da idazleak Nafarroako Erresumari lotutako historia Europako testuinguru historikoan txertatzeko egin duen ahalegina aitortzea. Eta zer esan eleberriko protagonista eta narratzaileari ahotik darion euskarari buruz? Bere maila jasoagatik hasieran arrotz xamarra egiten bada ere, orriak aurrera egin ahala gozamen iturri bilakatzen da.

Mailuaren odola bildumako lehen eleberriko haritik, egileak Nafarroako Erresumaren azken urteetako kontakizunarekin jarraitzen du bigarren honetan ere. XVI. mendeko hirugarren laurdenean kokatzen da, Joana Albretekoaren eta Antonio Borboikoaren seme Enrike III.aren garaian zehazki. Nobela Joana III.ren heriotzarekin eta honen ondorengo Nafarroako errege Enrike III.aren eta Margarita Valoiskoaren ezkontzarekin hasten da. Kontakizunaren puntu honetatik aurrera, Parisen garatzen da istorio osoa.

Historia hitza askotan aipatu badugu ere, egileak berak esana da ez gaudela nobela historiko batean aurrean; “fikzio historikoa” deitu zion berak. Izan ere, fikziotik eta errealitatetik, bi uretatik edaten du nobela honek. Hori bai, idazleak argi du non dagoen fikzioaren eta errealitatearen arteko muga: gertakari historikoak historiagileek bildu bezala kontatzen ditu, ez du historia aldatzen. Nobelako bi pertsonaiek islatzen dute historia eta fikzioaren uztarketa.

Epaltzak istorioak sortzeko duen teknikari eutsi dio oraingoan ere, muturrekoak diren bi protagonista aurrez aurre jarriz: bat, Enrike III.; eta bestea, Joanes Mailu “Nabarrenkoxeko zalduna”. Enrike III.a da errealitatearen iturria eta Joanes Mailu fikzioarena. Azken honek islatzen du Nafarroako nazio sentimendua eta erlijio protestantearen indarra. Aldi berean, Frantziako balioetatik gero eta gertuago dagoen Enrike III.aren nafar kontzientzia izango da, bere jatorria gogoraraziko diona.

Geldo irakurri beharreko liburua da, batez ere agertzen diren pertsonaia andanaren arteko loturak ulertu nahi badira. Ahaleginak merezi du ordea. Irakaspen ederra Aingeru Epaltzarena, zentzu guztietan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak