kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Herria / Marie Darrieussecq (Xabier Paya) / Alberdania, 2009

Zer gara gutariko bakoitza? Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-04-25

Fantasia, fabulen baliagarritasuna, begirada zorrotz, eguneroko gertaera eta portaeren azpian zerbait gehiago ikusteko adina sakon, adierazpen zuzeneko eta sarkorrak… izan ziren Marie Darrieussecq Baionako eta frantsesezko idazleak bere lehen eleberrian erakutsi zizkigun dohain batzuk. Aukera izan du euskarazko irakurleak hori ezagutzeko, Ahardikeriak izenburukoarekin. Gero, egile honen nobelagintza jada luzeko bigarren bat irakurri ahal izan dugu: Tom hil da, pertsonalistagoa, halako kontu autobiografiko baten gainean eraturiko fikzioa, amarengan seme baten heriotzak sorturiko obsesioen segida errepikariak hari. Horretan ere, idazkera adierazkor eta bilaturiko giroari egokitua. Gaur, hirugarren bat dugu, Herria, argitaletxe berberari baina hirugarren itzultzaile bati esker, Xabier Payari esker, ongi eskertzeko ere. Berriro, lehenean bezala fantasia hegalaria, sinbolo euriteak, begirada sarkorra; eta aipaturiko bietan bezala, perpaus sintaktikoki sinple, motz eta ikuspegi narratiboaren zerbitzuan landuak.

Kontu autobiografikoen gaineko bertze fikzio bat dugu hau, Tom hil da kasuaren antzera, baina dimentsioa askoz kolektiboagoa da, komunitarioagoa, hezur-haragi-gogozko indibiduo batengandik ikusarazi nahi duena. Drama familiarrak, jaioterritik alde egitea, mundu zabalean zeharreko ibilerak eta une batetik aurrera itzulera, jaioterrira, erroetara, euskaldun nahi duen adoptaturiko seme bat eskutik eta alaba batez, Epifania ez kasualki deituko dionaz, erditzera. Gogoeta pertsonalista eta herri zein hizkuntz identitatearen ingurukoez beterik, auzi antropologiko anitz azpitik, baina era guztiz literario eta askotan poetikoan adierazita.

Protagonista bakarra, emakume bat berriro ere Darrieussecqek ohi duen bezala, baina bi planotan eraturiko narrazioa. Bata, lehen pertsonan, bizitzen ari den esperientzia (eta bizi izandakoak) liburu bihurtzeko kaierean isuria. Bertzea, hirugarren pertsonan, autofikzioan distantziamendu maila bat lortu nahian, eta hainbat gako osagarri eskaintzen diguna narrazioaren hariak lotzeko. Izan ere, ezarian-ezarian doaz gorpuzten esperientziak narrazio gisa. Amatasuna, sorkuntza literarioa, alabatasuna, arrebatasuna, hizkuntz komunitatea, arroztasuna, herrikidetasuna…, dena elkarri loturik oinarri errealista baina giro fantastiko batean: Baiona da hiria, erraz identifikagarria, baina inoiz izendatzen ez duena; euskalduna da hizkuntz komunitatea, baina yuoangiarra da hizkuntza eta herria, “izenik gabeko herria, adjektibodun herria”; independentzia lortu berria; lurzorua, lur azpikoa, itsasoko urak, zuhaitzen erroak, mendiak, hondartzak, kutsadura, mehatxu nuklearrak, eromena, hildakoekiko bizidunen lokarriak, jaiotza…, sinbolismoez beteriko elementuekin lorturiko ehundura, nortasun eta identitate pertsonal eta kolektiboei buruzko eleberri honetan. Euskal Herria abiapuntu, baina dimentsio unibertsalagoa ematen die horrela bere gogoeta konplexuei.

Ez gaude, ezta hurrik ere, eleberriz mozorroturiko tratatu filosofiko baten aurrean. Oroz gainetik, narrazio bat da, bere geldotasun eta idazkera landuaz —lehen begiradan ematen duen baino askoz landuagoa bere bakuntasunean— gozatzeko prest baldin bagaude. Eta horrezaz gain, badu ematen zer pentsa banakoaren nortasuna nola doan eratzen, zeren gainean eta erdian, zer munduaren aurrean, partikulartasun eta unibertsaltasunaz, hainbat giza arazoz; bai eta ere Euskal Herriko ospe handiko idazle frantsestu batek nola bizi d(it)uen bere hizkuntz eta herri identitatea(k).

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak