« “Bizitza bakoitza behin gertatu zen istripu baten emaitza da” | Istorio bikoitza »
Ospitalekoak / Mikel Antza / Susa, 2010
Eguerdiko kafetxoaren mingotsa Beñat Sarasola / Berria, 2010-04-25
Literaturarako talentu fina erakutsi zuen Mikel Antzak duela hogei urte baino gehiago. Pare bat ipuin liburu eta antzerki obra bat idatzi zituen orduan hogeita hamar urte ere ez zen gazteak. Askok egiten genuen galdera zen ea sasian emandako urte luzeetan literaturarako gaitasun hori herdoildu ote zitzaion. Erantzunaren zati bat, hasierako partea, espero dezagun, Ospitalekoak nobelarekin etorri zaigu. Ezetz, ez dariola herdoilik Antzaren idazkerari.
Mikel izeneko euskal presoa kartzela-ospitalera eraman dute, eta handik idazten dio neska-lagunari gertatzen ari zaionaz, iraganaz, etorkizunaz. Irakurlea, beraz, bien artean kokatzen den kuxkuxeroa da, nolabait, eta momenturen batean kartzelazain konplexua sartu zaidala ezin dut ukatu, bi presoen arteko korrespondentzia kontrolatzen ari denaren konplexua, alegia. Ez dut uste, gainera, sentimendu hori kasualitatea denik, Antzak azpimarratzen duen gauzetako bat baita gizarte ustez modernoetako miseria eta kontraesanen erdigune dela kartzela, eta, hala, kanpokook (ere) bagarela barruan gertatzen denaren erantzule. Ez da kasualitatea, alde horretatik, Michel Foucaulten aipu batek irekitzea liburua.
Izan ere, momentu askotan Ospitalekoak ez da batere irakurtzeko liburu erosoa. Ez estilo edo idazkerarengatik, zeina, bidenabar, bikaina baita; baizik eta kartzelako funtzionamendu eta jazoerak deskribatzen dituenekoak barrua iraultzen duelako. Kartzelan sortzen diren botere harreman, hierarkia eta interes zitalek giza kondizioaren alderdi makurrena gogorarazten diote “egunero La Coupole-n, Boulevard-ean edo Zazpi Kaleetako edozein tabernatan eguerdiko kafetxoa hartzeko ohitura duen hiritar” arruntari. Bereziki da gogorra kartzelako suizidioei buruzko zatia, Primo Leviren lanen gordinera gerturatzen dena. Iruditu zait momentu horietan jotzen duela goia nobelak.
Dena den, badaude beste zati batzuk ondo gogoan hartzekoak direnak, orobat. Idaztearen inguruan egiten dituen hausnarketak edo ñoñostiar kultureta progretzat hartuko ote duten beldurrak eragiten dion zama moralaren ingurukoak, esaterako. Parrafo hunkigarriak ere badira. Haren haurtzaro eta gaztaroari dagozkionak fintasun eta sentiberatasun handiz osatuak daude, eta nobelaren amaiera ere beste horrenbeste. Euskal gatazkaren inguruan egiten dituen gogoetaren bat edo bestek moldarazi dit niri, txarrerako, irakurketa. Hainbat oposizio sobera zurrunek (etsaia/eusko gudaria) eta historiaren interpretazio niretzat behartuegiak (Xabierren belaunaldikoen porrotaren osteko erreboltariok itzultzen garenean sendatuko dun zauria, hartuko diten atseden hildakoek, lurperatuko ditinagu gorrotoa eta mendeku gogoa) liburuari literarioki kalte egiten diotelakoan nago, akaso gertutasun handiegiaz eta odol mikatzegiaz idatziak daudelako. Jakina, esan gabe doa, eguerdiko kafetxoa hartzeko aukera dugunok distantziaz mintzatzea erraz dugu, baina egiazki, eremu horietan Antzaren literaturak galtzeko irabazteko baino gehiago duela uste dut.
Edonola ere, nobelan halako momentuak bakanak dira eta arestian aipatutako dohainak nabarmen nagusitzen dira. Fikzioa eta errealitatearen arteko mugaren urratzea ere, egungo literaturan hain presente dagoena, maisutasunez lantzen den kontua da, pertsonaien marrazketa (Dimitri, Xabier agirretara, Veronique, Cristophe…) bezalaxe. Zenbaitek aurreiritziz erraiteraino irakurriko dute nobela, edo zuzenean ez dute irakurriko; Antzaren kalterako izango da, baina batez ere, esango nuke, beren kalterako.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro