kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Ospitalekoak / Mikel Antza / Susa, 2010

Mikel Antzak eta Zubietak elkar topatu zutenekoa Gorka Bereziartua / Argia, 2010-04-18

Bazebilen zurrumurrua, bageneukan jakin-mina eta badator notizia: apirilaren 22an aurkeztuko du Susak Mikel Antzaren liburu berria, Ospitalekoak nobela. Hiru urtez aritu da donostiarra aurreneko eleberria idazten.

Gaian ni baino jantziago dagoen batek esan beharko du liburu hau kokatzen denetz autofikzioaren esparruan. Gauza bat argi dago: baduela zer edo zer autobiografikotik. Mikel Antza preso dago, Fresnesko espetxean izkiriatu du Ospitalekoak. Mikel izeneko euskal preso politikoa da nobelako protagonista eta narratzailea ere. Kartzelako ospitalera eraman dute, puskatutako atzamarra birgaitzeko. Baina ospitalean dena okertuko da, eta gurpildun aulkian bukatuko du; ezinduta idazteaz aparteko zeregin guztietarako. Hori nola gertatu den jakin bitartean, beste istorio batzuk harilkatzen joango dira: arrebaren mutil-laguna hiltzeagatik kartzelan sartu duten Dimitrirena; 1936ko Gerran gudari ibilitako Xabierrena; eta, batez ere, Mikelen beraren iragana. Narratzailearen pentsamenduek ematen diete lotura istorio guztiei.

Teknikoki ondo soluzionatutako lana da, egitura zirkularrekoa, zabaltzen dituen hariak behar den momentuan josten dakiena; eta, topos nagusia ospitale bat izanda kontrakoa pentsa bazitekeen ere, erritmo azkarrekoa. Horrek harritzen du gehien lehen irakurrian: nobela non kokatuta zegoen jakinda adagio bat espero bazitekeen ere, bizia dela Ospitalekoaken tempoa.

Bigarren irakurketa baterako berriz, ariketa posible bat: nobela hau irakurtzen duenak Raul Zeliken Lagun armatua (Txalaparta, 2009) ere leitu badu, nobelak konparazio interesgarri baterako aukera ematen du. Zergatik? Zeliken eleberriko pertsonaietako bat, Zubieta izeneko etakidea, Mikel Antzaren trasuntua delako. Beraz, tarte laburrean, pertsonaia bihurtuta irakurri dugu idazlea, eta idazleak bere buruarekin zerikusia duen pertsonaia idatzi du. Biak alderatzea tentazio handia da.

Egia: Lagun armatuako Zubieta aske dago, sasian; eta Ospitalekoakeko Mikel, kartzelan. Egoerak baldintzatzen du pertsonaien izaera. Baina hala ere, biek badute puntu amankomun bat: literaturarekiko jarrera. Nobela bietan azaltzen da idaztearen eta borrokaren artean hautatu beharra. “Ez al duk antzerki lan gehiago idazten?” galdetzen dio Zeliken nobelako protagonistak Zubietari; eta aurrerago, talentua alferrik galtzen ari dela esaten dio. “Seguru ez zela hainbesteko talentua” erantzuten du Zubietak. Ez da gaiaz gehiago hitz egiten. Ez da horretarako momentua. Ospitalekoaken dator arrapostu zabalagoa. “Halako batean jabetu nintzen idatzizko munduak gugan sortzen dituen hunkiduren katea ez dela benetako bizitzakoen oihartzun apal bat baino”. Hau da, “idazteko, bizi behar da” eta “bizitzeko, idatzi behar da” formulazioen artean, lehenengoaren aldeko hautua egiten du narratzaileak. Ipar bera seinalatzen du nobelaren hasierako zita batek: “Oraindik ez zarenean zutitu bizitzeko, alferrikakoa da esertzea idazteko” (Henry David Thoreau).

Gainontzean, antz handirik ez: Zeliken ekintzaile hotza, pertsonaia barnerakoi eta bukaerarako gozo bihurtuta aurkitzen dugu Ospitalekoaken.

Urte askoren buruan donostiarrak erakutsi du badakiela oraindik nola kontatu. Zer kontatua ez zaio falta. Hurrengoaren zain gaude.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak