« Malenkoniazko testigantza fidela | Mikel Antzak eta Zubietak elkar topatu zutenekoa »
Haiek zergatik deitzen diote Euskal Herria eta guk Ithaka? / Marc Biosca (Antton Olano) / Alberdania, 2010
Nazioaz musikaren bideetatik Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2010-04-18
Ez dugu euskaraz musikari buruzko liburu askorik. Gai horren gainean irakurtzea gustuko dugunok kanpoko hizkuntzaren batera jo behar izaten dugu liburuen bila, gehienetan ingelesera. Hala ere, badira salbuespenak. Gaztelupeko Hotsak etxeak lan eskergarria egin du bide horretan, batez ere bertako nahiz kanpoko zenbait talderi buruz argitaratu dituzten liburuen bidez; musikaren teoriako liburu garrantzitsuren bat ere itzuli da —esate baterako, Jakinek argitaratutako Adornoren Musikaren filosofia—, baina kasu bakanak baino ez dira.
Bestela, 60-70eko hamarkadetako euskal musika izan da arreta gehien piztu duena, testu gehien sorrarazi dituena, bestelako gaiekin gertatu izan den bezala. Marc Bioscak ere sasoi hartako kantagintza hartu du bere saiakera idazteko oinarri gisa, baina ez euskarazkoa bakarrik, katalanez eta euskaraz sortutako kanten arteko konparazioa erabili baitu bere liburua osatzeko.
Dena dela, idatzi duena ez da kantagintzari buruzko liburu bat. Izan ere, sasoi hartan idatzitako zenbait hitzen bitartez, katalanek eta euskaldunek beren nazioari begiratzeko duten modua aztertu du Bioscak, baita hizkuntzaz nahiz identitate politikoaz duten ikuspegia eta kontakizun nazionalez zein mitoez egiten duten erabilera ere.
Liburua ondo egituratuta dago, azterketa sakona egiten du egileak, eta argi geratzen da herri bietako kantariek nazioaren gaia haien hitzetara eramateko orduan bide ezberdinak hartu zituztela, euskaldunek katalanek baino modu zuzenago batean hitz egin baitzuten hari buruz, bataren eta bestearen testuinguru soziopolitiko ezberdinaren ondorioz. Euskaldunek itzulinguru gutxirekin kantatu zioten Euskal Herriari; katalanek, berriz, modu lausoan hitz egiten zuten haien herrialdeaz. Iradoki egiten zuten, zuzenean esan beharrean. Kontakizun nazionalak ere sarriago agertzen dira euskal abestietan katalanetan baino, eta mitoak sortzeko orduan osagai ideologikoak konplexurik gabe erabili zituzten euskarazko hitzen egileek, katalanek ez bezala.
Ondorioak ateratzeko orduan, euskarazko hitzen egileek hartutako bidea aldeztu du, identitate nazionala sendotzeko orduan eraginkorragoa omen delako. Ez diot kantagintzari baliorik kendu nahi, baina ez dakit zein neurritan eragin dezakeen pertsonen ikuspuntuan. Sasoi bateko hitzek garai hartako jende baten pentsamoldearen berri ematen digute, baina eragiteko indarra galtzen dute forma ankilosatu bihurtzen direnean. Interesgarria izango litzateke nazioari buruzko hitzak ankilosatu zireneko prozesu hori aztertzea.
Faltan sumatu dut garai hartan idatzitako hitzei buruzko ikuspuntu kritikoagoa, batez ere Euskal Herrian idatzi zirenak aztertzerakoan; idazlea katalana izaki, kritikoagoa baita han egin zirenekin. Horrez gainera, musikak duen garrantzia gutxietsi duela iruditu zait, hitzetara mugatu baitu bere azterlana. Egia da errazagoa dela nazioarekin lotura hitzetan aurkitzea musikan baino, baina musikak berak ere informazioa eman diezaguke orduko musikariek nazioarekin zuten harremanari buruz.
Ezin dugu esan liburu hau musikari buruzkoa denik, ez hori bakarrik; izan ere, esan dugun bezala, musika bera gainetik baino ez du aipatzen eta hitzak naziotasunaren gainean hausnar egiteko erabiltzen ditu. Dena den, hitzak izanik azterketaren ardatza, musikarekin zerikusia duten liburuen produkzioa handitu, eta musikari beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen digu.
Ez dut testua bukatu nahi Antton Olanoren itzulpen lan ona aipatu gabe, baina faltan bota dut katalanezko kanten hitzak euskaratu ez izana.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo