« Komunezko zerua | Amets baten bila »
Zenbaki lehenen bakardadea / Paolo Giordano (Koldo Biguri) / Alberdania, 2009
Zure ondoan, bakarrik Iker Zaldua / Gara, 2010-03-05
Bakardadea aukeratu egiten da ala berez etortzen da? Garbi dagoena zera da, izan badela, eta gurekin bizi dela edo gugan; apika, bereizketa hori da bakardadea bakartasunetik bereizten duena, gurekin edo gugan.
Horratx Paolo Giordanok proposatzen duen eztabaida. Horretarako, bi pertsonaia sortzen ditu, Mattia eta Alice, bakarrik izatera kondenatuak, bizimodu hori batak munduari uko eginez jaso du, besteak munduaren ukoa jasanez. Baina nola ukatzen da mundua? Eta nola ukatzen zaitu munduak? Hori da, kapituluz kapitulu kontatzen dena. Kapitulu batean jarrera bat eta bestean bestea, bi istorio ezberdin bailiran agertzen zaigu azalpena. Dena den, badirudi agertokiaren atze-oihalaren babesean ezkutaturik gidoilaria dagoela, istorioak bi txotxongilo bailiran hartuta, hariak mugitzen, eta gu, irakurleok, txotxongiloak noiz besarkatuko diren zain, bakartasuna eta bakardadea noiz batuko diren, esperoan, orririk orri irrika, jakin-mina, sabeleko korapiloa estutzen zaigula.
Aipatu bi protagonistak oholtza gainera igotzen direnean, gazteak dira oraindik, ia haurrak artean, eta bakoitzak bakarrik izateko bere modua agertzen du. Testuinguru horretan, haur-jolasen, maltzurkerien eta bekaizkerien zurrunbiloak harrapatzen ditu eta orduko gertaera bik eraikitzen dute bataren bakardade nahia, bakartasuna eta bestearen bakarrik izateko patua, bakardadea.
Michelak adimen-ezgaitasuna du eta anaiak zaintzen du, baina behin, bakarrik utzi eta betiko galduko du; ordutik erruaren zama bizkarrean hartuta, bakartasuna bilatzen du, penitentzia modura. Aliceri, aldiz, istripu batek sekula osatuko ez den zauri bat eragin dio, gorputzean iltzatutako marka batetik harago doana.
Narratzailea goran kokatzen da, goitik begiratzen du dena, gertatu ahala kontatzen ditu jazoerak, baina tarteka feedbackari ere uzten dio lekua, egoerak justifikatzeko, gauzen zergatien iturria gogora ekartzeko. Aurrez aipatu bezala, kapituluz kapitulu eraikitzen da liburua eta horrek erritmoa ematen dio liburuari eta, aldi berean, pausa, arnasa, gogoetarako beta.
Gogoeta eragiten baitute hainbat gertaerek, zurean eta nirean gertatzen direnak, zuk eta nik ikusi ditugunak. Haurtzaroko jolasek eta helduaroko jokoek, tartean Mattiaren matematikarako grina eta Aliceren argazkilaritza zaletasuna, gerora, ogibide bilakatzen dena, edo familia-harreman ahulak. Bide batez, merezi du familiari buruzko aipamen laburra egitea. Bi protagonistek, “munduari uko egin, munduaren ukoa jasan” esaldia irudikatzen dute giro horretan, bakoitzak bere esaldi zatiari dagokiona, betiere, harreman hotza eraikiz, liburuan bertan esaten denez, “inoiz ere egiten ausartu ez ziren hizketaldien ore gogortu baten gainean”, eta bada, bitxikeria bat, ziur asko egileak berariaz barneratu duena, Aliceren gurasoek neskamea dute, Ekuatorekoa, Soledad izenekoa, ironikoa guztiz.
Eskuekin orrialdeak pasa eta ohartzeke 24 urte pasa dira, dena antzera dago, gidoilariak ordea, berriro hurbilarazten ditu txotxongiloak, galdutako arrebaren printza aitzakiatzat hartuta, beti bakarrik baina beti elkarren ondoan dantzatu direnak besarkarazten ditu, baina, berandu da, bakoitzak aspaldi egin du bere aukera, zenbaki lehenak dira, bakardadea eta bakartasuna ezingo dira inoiz bateratu.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi