« Ereduari jarraituz | Komunezko zerua »
Azken egunak Gandiagarekin / Joxe Azurmendi / Elkar, 2009
Gandiagari esker Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-02-28
Ideia eta erudizio uholdeak ditugu Joxe Azurmendiren liburuak. Eta hitz-jario etengabe mugikorra, bizia, lasterrean doana, euskararen apar adierazkorrak biziberritzen dituena ubide-oztopo bakoitzarekin talka egiterakoan. Ezagunagoa du irakurlegoak Joxe Azurmendi, ziur aski, Espainolak eta euskaldunak gogoangarri hargatik, baina baditu bertze liburu anitz, abstraktuagoak, kontzeptualagoak, gai filosofiko zehatz batzuetan ere espezializatuak. Guztietan harrapatu naute haren euskara biziak, haren adierazmen indartsuak, aho bilorik gabeko haren hizkerak, haren erreferentzia kulturalen zabaltasunak, erudizio itzelak eta ikerketen zorroztasunak. Askotan ez dakizu zehazki zein neurrian zauden ados, baina gutxien axola zaizuna da hori, beti eramaten baitzaitu bide eta galde-ikur berriak irekitzera.
Gaurko honek, ezaugarri horietaz guztiez gain, badu bertze xarma bat, pertsonalagoa. Azken egunak Gandiagarekin liburuak Arantzazun bizi eta hil zen poeta handiaren azken egunak hartzen ditu ardatz eta oinarri. Agian 60-70eko hamarraldiak izan ziren euskal kulturari iraultzarik sendoena ekarri ziotenak, artegintzan, poesian, narrazioan, musikagintzan, filosofian…, eta bai Gandiagari bai Azurmendiri gauza anitz zor die iraultza kultural hark. Azurmendiren lan berri honek bere testigantza eta poetaren ikerketa berezia agintzen digu tituluan bertan. Eta holaxe da: Gandiagaren lau liburu hartzen du bereziki ikergai eta abiapuntu, hots, Elorri, Hiru gizon bakarka, Uda batez Madrilen eta Denbora galdu alde, lauok poetaren bizi-ibilera eta gogo-bilakaera argien markatzen dituenak direla. Ez gaude ikerketa poetiko edo literario baten aurrean, ez behintzat aspaldin komentatu nuen Garzia Trujilloren Herri maitea, herri dorpea liburua izan zen zentzu berean. Badu ikerketa literariorik, baina horretatik bainoago, Azurmendik liburuaren azpitituluan jarri duenetik du: Adiskidearen heriotzaren aurrean bakarrizketak, Gandiagaren heriotzak, bizitzak eta obrak sorrarazitakoak. Gai sakonak, sakonak direnez, ukitzen ditu Zegamako filosofo eta saiakeragileak, berak erabiltzen dakizkien erudizio, ideia-lotura eta euskara sortzailearekin garatuak: mitoak, fedea, erlijiotasuna, Jainkoa, ateismoa, arrazoia, herrikoi eta herritartasuna, natura, “hiria”, kultura, historia, balioak, bizitzaren zentzua, heriotza, bizitzatik haratagoko esperantza…, hainbat eta hainbat gai, Gandiagaren liburuen segidak jarri zituen bidarriei nola edo hala eutsiz.
Azurmendiren bakarrizketak ditugu, bada, funtsean. Ezin egokiagoa generoa egile honen dohainak aske garatzeko, hasieran aipatu ditudan uholdeak sortzeko. Liburuan sarturik, konturatu gabe ibairatzen da irakurlea almadia halako baten gainean bezala, urek eramaten utzi eta ibaia gero eta biziago bihurtzen dela ikusten du, zehazki jakin gabe nora doan, harik eta lasterregi doala iruditzen zaion arte, agian aspaldi saihestu nahi izan dituen bazter eta ustezko amildegietara. Eta orduantxe agertzen zaio almadia gidaria, egilea bera, ibilera bridatuz, parentesi artean honelakoak aitortuz: “(Idatzi, eta neuri ere estrainioa egiten zait idazten ari naizena. […] neuk seguru asko oraindik ez daukat aski pentsatua)” edo “(Hau dena hobeto pentsatu beharra daukat!)”.
Gozamena da liburuaren irakurketa. Nire ezjakinean, pena bat: elebidunok gara euskal irakurle guztiok, baina ez guztiok eleaniztun, ez behintzat Azurmendik suposatzen bide digun bezainbatean.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez