kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Barre algarak infernutik / Migel Angel Mintegi / Erein, 2009

Ereduari jarraituz Javier Rojo / El Correo, 2010-02-27

Migel Angel Mintegi Larrazak gustuko du nobela beltza. Bere idazkietan behin baino gehiago azaldu da zaletasun hori, eta, kontuan hartuta bere nobeletan agertzen diren erreferentziak, badirudi argi dagoela zein den bere eredua: Raymond Chandler-ek idatzitako liburuak eta, pertsonaiei dagokienez, Philip Marlowe, idazle amerikarraren irudimenetik sortu den ikertzaile pribatua. Betiko loa idatzi zuen idazlearen jarraitzailea da Mintegi, eta Chandler-en liburu honetan agertzen diren planteamenduak euskal idazleak egiten duen lanaren oinarritzat har daitezke. Esate baterako, aberastasunaren atzean ezkutatzen den ustelkeria azaltzen da bere nobelan. Ereduan bezalaxe, Mintegiaren nobelan ere, itxuraz aberatsak eta gizartearen aurrean eredutzat har daitezkeen pertsonaiak agertzen dira. Beren bizitzetan sekretuak dauzkate, eta, sekretu horietan, sagar ikusgarri baina barrutik ustelaren irudiarekin topo egiten dugu. Halaxe da erakusten duen mundua. Chandler-en nobelan, Sternwood jeneralaren alabek erakusten zuten endekatze moduko hori. Mintegiaren nobelaren argumentua Euskal Herrian kokatzen dela kontuan hartuta, askoz apalagoak dira aberastasunaren marka horiek (kasu honetan bidaia agentzia baten jabea eta honen seme-alabak), baina antzeko irudiarekin azal daiteke bertan agertzen dena.

Planteamenduaz gain, pertsonaiengan ere antzekotasunak ikusi ahal ditugu. Edozein biziotarako joera (drogak, sexua… Chandler-en nobelan jokoa ere agertzen zen) aurkezten duten pertsonaiak ikusi ahal ditugu nobelan, diruak ematen duen babesaren atzean arazoa lehertzen ez den bitartean gorde daitezkeenak. Femme fatal baten presentzia ere aurkitzen dugu nobela honetan, ederra, erakargarria, baina aldi berean guztiz arriskutsua. Baita kaleko jende gisakoak ere, delitu txikiak eginez aldez edo moldez bizitzan aurrera ateratzen direnak, nahiz eta batzuetan beraiek baino handiagoa den trama batean sartuta gertatu. Eta ikertzailea, jakina, kasu honetan nahi gabe ere anaia gaiztoaren heriotza argitu nahi duen bigarren mailako abokatua, anaiaren heriotza argitu nahirik zaborra mugitu eta espero ez dituen ondorioetara helduko baita. Argumentua, jakina, korapilatua da, eta testua oso ondo idatzita dago… ondoegi agian, nobela beltza izateko.

Ereduari guztiz lotuta dago liburua, baina dudarik gabe gustura irakurtzen den nobela entretenigarri horietakoa da, denbora pasarako liburu interesgarria.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak