kritiken hemeroteka

8.607 kritika

« | »

Eskarmentuaren paperak / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2009

Eskarmentutik idatziak Mikel Ayerbe / Berria, 2010-02-07

Anjel Lertxundi literatur gaiak oinarri dituen saiakera berri bat ateratzekotan zela jakin nuenean harritu egin nintzen. Izan ere, egile berak 2001ean kaleratutako Mentura dugun artean saiakera oso eta bikainak ere literatur gaiak zituen oinarri. Egia da orduko hartan idazlearen baitan bizi den irakurlearen prisma gailentzen zela, liburu eta liburutegiek duten garrantziaz gogoeta egiten zela, irakurketetako azpimarra eta erreferentzietatik abiatuz. Formari dagokionez, Mentura dugun artean saiakerako gaiak egoki sailkatu eta antolaturiko diskurtso narratibo batean garatzen ziren.

Oraingo Eskarmentuaren paperak saiakera berrian, aldiz, zatiz, adabakiz, teselez, zirriborroz eta oharrez osaturiko kontakizunaren aldeko hautua egin du Lertxundik: “Gai literario baten inguruan antolaturiko glosek, fragmentariotasunak, testu laburrek, hausnarketek, dietarioak, han-hemen bildutako aipuek, ohar eta albo-markek lasterbideen aukera ematen dute. Batetik bestera jauzi azkarrak egin, flash laburrak bilatu, irakurleari bide propioak bilatzeko aukera eman, material heterogeneoon bidez aukera berriak lapurtu…”. Eta, hala ere, liburuak ez du collage erraldoi eta kaotikoaren trazarik, ez bada bateratasun zatikatu batena. Hain zuzen, gai jakin batzuen inguruko kontu eta azalpen dosifikatuak biltzen direlako idazki hauetan. Baita etengabe moldaturik errepikatzen den Herioaren hurbiltasunari buruzko kontakizunaren haria ere, edota idazlearen idazle kuttunen zita pilaketak eta ateraldi ingeniosoak. Gainera, aurreneko orrialdeetatik azkenekoetara bada bilakaera argumental orokor bat ere, lehenengoetan haurtzaroaren inguruko oroitzapen eta gogoetak ugariak baitira, eta amaiera aldera heriotzaren presentziak fragmentu ia guztietan baitu lekua.

Idazlearen lana den idazketaz hausnartzen du Lertxundik, idazlea irakurle saiatu eta zorrotzak egiten duela ahaztu gabe, baina idaztearen ekintzaren atzean dauden elementu eta faktore guztiei punta atereaz (hizkuntza, tradizioa, irakurgaiak, aholkuak, ipuinak, literatur erreferentziak…). “Eskarmentuz bildutako paperak, eskarmentuak iradokitakoak, eskarmentutik idatziak” dira orriotan irakurleak aurkituko dituenak.

Ia 300 orrialde ditu saiakerak, 8 kapitulu eta post scriptum labur batean banaturik, eta gezurrik esan gabe, hasierako irakurraldi nahiko azkar baten ondoren ia 37 orrialde markatu ditut, haietan zerbait interesgarria aurkitu dudan seinale. Eta ziur asko, hurrengo irakurraldietan beste zenbait orrialde azpimarratuko ditut, Eskarmentuaren paperak gau-mahaian izateko liburu aproposa delako, behin eta berriz berrirakurri eta gogoeta egiteko. Bestalde, aitortu behar dut Lertxundiren kezka eta hausnarketa batzuk urrunak egin zaizkidala, hizkuntzaren ingurukoak edo amaierako heriotzari buruzkoak kasu, nolabait idazlea beste adin eta belaunaldi eta, azken finean, eskarmentu batekoa dela berresten dutenak.

Azkenik, saiakeran bertan dauden autokritika ariketak azpimarratu behar. Lertxundik gure egungo literaturaz nik nahiko nukeena baino gutxiago hitz egiten badu ere, bere idazkerari, behintzat, lupaz erreparatzen diolako: “Gaztea nintzenean nire testuak freskoak ziren, baina oreka falta zitzaien. Orain, oreka lortu dudala uste dudanean, freskotasuna falta”, aitortzen du egileak. Baina nago saiakerari eman dion egitura eta antolaketarekin freskotasun falta hori saihesten asmatu duela, eta zatikako eta saltokako irakurketa fresko eta orekatu bihurtzen dela.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak