« Bilakaera baten arrastoak | Eskarmentutik idatziak »
Carlos esaten zioten gizona / Pedro Alberdi / Alberdania, 2009
Mario Onaindiaz Javier Rojo / El Correo, 2010-02-06
Frankismoaren azken urteetako eta trantsizio garaiko gertakariak azaleratzen berebiziko harrobia aurkitu du Pedro Alberdik literatura egiterakoan. Garai ilunetara bueltatzen da behin eta berriro bere idazkietan, beste liburu baten izenburuan aipatzen den bezala, satorrak baino lurperago bizi zen garaietara. Carlos esaten zioten gizona izenburuko liburu hau bide horretatik abiatzen da, bertan Mario Onaindiaren bizitza kontatzen baita 60ko hamarkadaren amaieran atxilotu zuten arte, hau da, Onaindiaren bilakaera azaltzen zaigu kartzelatik atera ondorengo ibilbideaz ezertxo ere kontatu gabe. Hiru ataletan dago banatuta liburua eta atalen arteko mugarriak bi gertakari garrantzitsu hauek dira: klandestinitatean sartzea eta ETAk “Arabako herrialdeburu” izendatzea.
Liburuak, dena dela, generoaren aldetik arazo bat planteatzen duela ematen du. Izan ere, liburua saiakera sari batera (Unamuno saria, hain zuzen) aurkeztu eta irabazlea gertatu zen, baina argitaletxearen arduradunek liburuaren azalean narrazioa dela adierazten dute. Badakit ez dagoela kontraesanik, saiakera bat narrazioa ere izan daitekeela, baina ohartuta eta ohartu gabe jarri dioten izendapen horrek adierazten du nondik nora doan bertan agertzen zaiguna: liburuan irakurriko ditugunak gertakariak dira gehienbat, denboraren lerroan ordenatuak. Praktikan ez da inolako iritzirik ematen. Interpretazioak alde batera utzi direnez, analisia irakurlearen esku gelditzen da.
Edonola ere, irakurleak aspaldian utzi du atzean ingenuitatea, eta jakin badaki ikuspuntua bera eta gertakarien hautaketa iritzia ematearen parekoak izan daitezkeela. Hala ere, iritziak egon badaude, baina ez dagozkio idazleari, pertsonaiari baizik. Funtsean Pedro Alberdik bi oinarri izan ditu liburu hau idazterakoan, Mario Onaindiak gazteleraz idatzitako memoriak batetik, eta Gran Placen aurkituko gara liburua bestetik. Eta iritziak eman behar direnean, testuak bi liburu horietatik transkribatzen dira.
Nire ustez, erakusten duen koherentziagatik liburuaren ikuspuntua da bere baliorik handiena, baina baita bere mugarik handiena ere: pertsonaren bila dabilena Mario Onaindiak bere buruaz esaten zuena baino ez baitu aurkituko.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi