kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

On Casmurro / Joaquim Machado de Assis (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2009

Denbora galduaren bila Beñat Sarasola / Berria, 2009-12-06

Bento de Albuquerque Santiago, txikitan Betinho eta zahartzaroan On Casmurro izenaz ezaguna, bizitzak nola aurrera egiten duen jabeturik eta akorduak ez galtzearren, idazteari ekiten dio, iraganari errepasoa eginez. Horixe da Joaquim Machado de Assis idazle brasildarrak duela mende bat baino gehiago idatzi zuen istorioaren muina. Literatura portugaldarreko klasiko handienetakoa da egun Machado de Assis, eta seguruenik, XIX. mendeko idazle brasildar garrantzitsuena. Errealismoaren korrontearen barne kokatu ohi da maiz, baina egiazki, errealismoaren oinarri ugari kolokan jartzen ditu bere kontamolde bereziaren bidez, eta On Casmurro horren adibide garbia da.

Esan bezala, liburuko protagonista Betinhok, batez ere Rio de Janeiron —Engenho Novoko auzoan— pasatakoak kontatzen dizkigu bere zahartzaroan. Txikitako lagun eta geroko emazte Capitu, eta apaizgaitegian ezagutzen duen adiskide min Escobar dira beste pertsonaia nagusiak, eta hiruko horretan zertzen da liburuko gai nagusia: adulterioa. Literaturaren historiako, eta bereziki XIX. mendeko nobelagintzako gai aski jorratua da —besteak beste, Balzacen La femme de trente ans edo Flauberten Madame Bovary—, baina On Casmurro-ren berezitasuna gaian bainoago, istorioa formalki lantzeko moduan dago.

Hasteko, XIX. mendeko tradizio errealistaren kontra, istorioan parte hartzen duen pertsonaia bat —protagonista— da narratzailea, lehenengo pertsonan kontatua. Oroz gain, ostera, Machado de Assisen kontamoldea hain berezi egiten duen ezaugarria lehenengo graduko kontaketatik —istorioaren narrazio zuzena— bigarren graduko kontaketara —kontaketari berari buruzko narrazioa— egiten dituen etengabeko jauziak dira. Era honetan, maiztasun handiz topatzen dira narrazio zati metadiegetikoak, zeinak sarritan irakurlearekin harremanetan jartzen baitira; adibidez, istorioaren balizko norabidearen inguruan hausnartzeko edo bere laguntza eskatzeko: “Liburu honetan familia horretako kasuren bat aurkitzen baduzu, jakinaraz iezadazu, irakurle, bigarren argitalpenean zuzen dezadan”. Baliabide narratibo hauek, esan gabe doa, ez dira Machado de Assisen asmakuntza, aitzitik, tradizio luzea dute. XVIII. mendeko Laurence Sterneren Tristram Shandy jartzen da halakoen aitapontekotzat, eta ez da harritzekoa beraz, idazle brasildarrak bere beste nobela famatuenean, Memórias póstumas de Brás Cubas-en, Sterneren “forma librea” jasotzen duela onartzea. Zenbaitentzat, biraketa horiek jukutria literarioak dira funtsean —Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan-en amaiera irakurri— , kontaketaren ahuldadeak zuritzeko aitzakia-edo, baina ezin ukatu tradizio luzea dutela —bidenabar esanda, gaur egungo literaturan eragin nabaria— eta sarritan ahots bereziak osatzeko balio izan duela. Interesgarria da, alde horretatik, XIX. mendeko narratzailea ezkutatzeko joera nagusiaren aurrean Machado de Assisek hartutako bide propioa, narratzailearen halako exhibizionismo honekin.

Baina, bestalde, Josu Zabaleta itzultzaileak sarreran adierazten duen legez, urte batzuk geroago etorriko zen literaturarekin lotzen da liburua orobat, bereziki Marcel Prousten denboraren eta memoriaren tratamenduarekin. Izan ere, On Casmurro zaharra jabetzen da nerabezarora itzultzeko bide bakarra idaztea dela, hots, idaztea dela denbora galduaren bila —À la recherche du temps perdu— abiatzeko modua: “Horrela, berriro biziko dut bizi izan nuena, eta hats handiagoko lanen baterako trebatuko dut eskua”.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak