« Ez da erraza gizon on bat aurkitzea | Krisiaren parodia »
Ihes ederra / Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia / Alberdania, 2009
Ederra bai, ihesa Iban Balerdi / Gara, 2009-11-27
Nobela bat denbora-pasa hutsa izan liteke, eta funtzio bera izan lezakete, esaterako, komiki batek, film batek edota telebistarako egindako serie batek. Baina badira horretarako soilik sortuak ez direnak ere, eta hauen artean legoke Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak dakarten Ihes ederra irudi eleberria. Interesa pizteko, pentsarazteko, gogoetara bultzatzeko nahia antzeman daiteke bertan, baina formatu berritzaile eta entretenigarri batean. Izan ere, komikitik asko baitu liburu honek, baina poesiak ere azaltzen dira tartekatuta, eta lantzean behin, hiztegi estiloko zatiak ere irakurri ahal dira behealdeetan. Gainera, hainbat eta hainbat esteka agertzen dira, liburu, musika edota Interneteko erreferentziekin. Beraz, hauei guztiei jarraiki, desio duenak badu nora jo istorioan gehiago murgildu edo, zergatik ez, istorio propioa osatzeko.
Bestalde, bi ardatz nagusi ditu liburuak. Lehenengoa Joanes Apaolaza eta Olga Perls bikotearen ingurukoa. Hemen komunikazioa/inkomunikazioa, desioak, monogamia eta beste zenbait gairi buruzko gogoetak egiten dituzte protagonistek. Bigarren planoak, aldiz, ukronia baten aurrean jartzen gaitu. Frantzia eta Espainiaren arteko Argien Gerraren ondorioz gertatu zen lurralde egituraketa desberdina litzateke, euskal probintzia oro Estatu frantsesaren barne bailegoke, Euskal Errepublika Askea deitutakoan. Hari honi tiraka, euskara, kolonialismoa, militarizazioa edota gaur egungo euskal lurraldeetako “hegoaldezentrismoa”-ri buruzko aburuak agertzen dira, batzuetan modu kritikoan eta beste batzuetan hausnarketa gisa.
Bi ardatzek badute, hala ere, loturarik. Historiako detailetxo bat aldatzeak, pertsona bakar baten erabakiak akaso, kasualitateak nahiago izanez gero, edozein lurralderen antolaketa edo egitura administratiboa alda dezakete; herri bat, hizkuntza bat, indartzera ala desagertzera eraman. Baina era berean, tamaina horretako deliberazio batek agian uste baino garrantzi txikiagoa izan dezake. Irudi eleberri honetako euskal jendea egungo gai bertsuen inguruan bueltaka ageri zaigu. Beraz, historia beste era batera izan balitz ere, herri gisa zer garen edo zer izan nahi dugun jakin gabe jarraituko al genuke?
“Gorputz gutxirekin biziraun dezakegu luzaroan, haien topatzea ez dago gure esku”. Giza harremanetan oro har eta bikote harremanetan zehatzago, badu halabeharrak zerikusirik. Honekin lotuta, konkistaren gaia ere interesgarria iruditu zait. Konkistaren parekoa omen bikote harremanen hasiera, baina “bikotea erasoaren bidez eraikitzen bada, parekoaren makurtzearekin, zuhaitzak erreta eta ibaiak pozoituta gelditzen dira…”. Honek, noski, pertsonetatik haratago, komunitateetara ere bagaramatza.
Gai sakon hauen artean, dena den, ironiarako eta irribarrea sortzeko tokirik aurkitu dute autoreek. Haize fresko zaflada batentzat derrigorrezkoa dena, ene iritzian. Sortzaile gazteak, formatu berritzailea, liburuaren aurretik ere existitzen zen pertsonaia (Joanes Apaolazaren bloga), hitzaurre ederra… emango du zeresana, are gehiago nonbait irakurri dudan moduan beste hizkuntzetara itzultzen bada. Gainera, badirudi nolabaiteko jarraipena ere izango duela, irudi eleberriak bere bidea egiten segituko duela. Oraingoz, “the balde” aldizkarian behintzat, zenbait bineten berrikusketa ikusi ahal izan dugu. Ea hala den.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui