« Autofikzio bat historiara | Ederra bai, ihesa »
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea / Flannery O'Connor (Itziar Otegi) / Alberdania-Elkar, 2009
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea Mikel Garmendia / eizie.org, 2009-11-26
“Ez da erraza gizon on bat aurkitzea” dio Flannery O’Connor-en ipuin ezagunenaren izenburuak, beste sei ipuinekin batera (Ibaia, Agian zurea izango da salbatuko duzun bizia, Fortunak jotzen zaituenean, Espiritu Santuaren tenpluak, Gezurretako negroa, zirkulu bat suaren erdian, Azken orduko enkontrua etsaiarekin, Landajende zintzoa, Pertsona deserritua), aldi berean Itziar Otegi itzultzaileak euskarara ekarri digun bilduma interesgarri honen izenburu ere badenak.
Gauzak sinplifikatzea bada ere, esan dezakegu XX. mendeko literatura estatubatuarrak bi joera nagusi izan dituela: hiri girokoa (Fitzgerald, Auster, Henry James, Dorothy Parker, Carver, Cheever..) eta landa girokoa, “hegoaldeko gotikoa” ere deitu izan zaiona (Faulkner, Melville, Truman Capote…). Bigarren eremu honetakoa dugu Flannery O’Connor, landa giroko gogortasun, min eta desesperazioak ipuinetara ekarriko dizkiguna. Erlijioaren, esklabutzaren, eta salbazio-bilaketaren oihartzunak aurkituko ditugu etengabe ipuinotan, bai bere estilo eta efektuengatik, bai ipuinen amaiera bortitzengatik, baita istorioak harilkatzeko duen indar eta aberastasunarengatik, Itziar Otegik berak dioenez: “Bere bortizkeria ulertzeko, benetan ulertzen saiatu behar da. Idazle estatubatuarraren ustez, inguruan zuen jendea lozorroan zegoen eta horri aurre egiteko literatura groteskoa egiten zuen; ‘jendea esnatzeko’, alegia”.
Bietatik du O’Connor-en literaturak, errealismotik eta fantastikotasunetik, nahiz eta errealismo magikoaren barruan sartzerik ez dagoen. Pertsonaia berezi bezain errealak aurkituko ditugu, errealitatea bere gordinean azaldu bai, baina haien irtenbideak (edo salbabideak) fantastikotasunetik hurbileko eremura eramango gaitu. Mina, umilazioa sentiarazi egingo dizkigu O’Connor-ek bere idaztankerarekin, idaztankera indartsu, pletoriko bezain detailistarekin.
Aipatu besterik ez dut egin nahi —inork horretaz pentsatu edo are eztabaidatu nahiko balu ere— nik bederen ez nukeela jakingo, ipuinak nork idatziak diren jakin ezean, emakumezko batek ala gizonezko batek idatziak diren. Horretantxe utziko dut kontua.
Berebiziko garrantzia du, nik uste, O’Connor-en ipuin hauen literatur balioaz jabetzeko Itziar Otegik liburuaren hitzaurrean ematen digun pista, O’Connor-en beraren hitzetan emana: “Hegoaldean korapilo eta kontraesan oro loratzen da. Hemengo idazle gazte eta on askok uste dute ondo idazteko egin behar duten lehen gauza zera dela: nabarmen Hegoaldekoa den eta gure hizkera darabilen pertsonaiarik ez erabiltzea. Iruditzen zaie bestela idazle erregional bihurtuko direla. Baina kontua da ezin duzula pertsonaia bati buruz askorik esan, bere gizartetik mozten baduzu. Erabiltzen dugun hizkeran nahasita daramatzagu gure historia eta sinesmenak eta ohiturak eta bizioak eta bertuteak. Ezin duzu ezer esanguratsurik esan pertsonaia bati buruz ez baduzu bere testuinguru sozialean kokatzen”.
Eta begien bistakoa da I. Otegi ere efektu horren bila aritu dela, baita lortu ere, ondo landuta eskaini digun euskarazko bertsioan. Sintaxiari dagokionez, segida naturalean irakurtzen den horietakoa da eta lexikoaz denaz bezainbatean, berriz, behar denean ausart eta konplexurik gabe jokatzen du (negro, mesanotxe, igual, enkontru, deserritua…) eta behar denean euskarak oso bereak dituen formak erabiliz (suhi-gose izan…), baita, sentimendu-maila kontuan harturik, lizentziak hartuz ere (atta, mattagarriena, mattia…). Maila handiko itzulpena maila handiko literaturarentzat.
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Iraitz Urkulo
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Silueta
Harkaitz Cano
Ibon Egaña
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres