kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Carlos esaten zioten gizona / Pedro Alberdi / Alberdania, 2009

Autofikzio bat historiara Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-11-22

Ez dut uste Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean eleberriko protagonistak, “Carlos esaten zioten gizonak” —nobelaren hasierako hitzak—, Pedro Alberdiren kronika honen izenburuko Carlos esaten zioten gizona-rekin, hots, Mario Onaindiarekin, zerikusirik duenik. Salbu-eta protagonista bi-biak ETAkoak izana. Eta salbu-eta bi-biak fikziozko pertsonaiak izatea, belaunaldi bateko hainbat kideren bizipenei atxikiak.

Ez nuke nahi irakurleak ikaratu eta inorengan morboa piztu, Pedro Alberdiren Carlos, klandestinitateko Mario, fikziozko pertsonaiatzat neuk jotzeagatik. Izan ere, ez dut erran nahi, ez Carlos hau gezurrezko Mario denik —are gutxiago Alberdik faltsutu duenik—, ez Mario geroago ezagutu nuen honek, dezente ongi ezagutu ere, agerian jarriko dituenik auskalo zer sekretu kilikagarriak. Gogoeta literario soil bat egin nahi dut liburuaren harira, baliagarri izanen zaiolakoan inori.

Lerro hauen irakurle batzuek dakiten bezala, hemen idazten dudan honek hiru izaera biltzen du Pedro Alberdiren lanaren aurrean: iritzigile literarioarena, historialari batena eta hainbat urtetan Mario Onaindiaren burukide izanarena. Lehenengo biek edonoren Memoriak prisma batetik irakurtzera naramate: alegia, narrazioaren prismatik, ea mundu koherente eta sinesgarri bat lortu den, berdin duela mundua fikziozkoa ala ustez historikoa den. Hirugarren izaerak, memoriadunaren bidaide gisakoak, bertze prisma batera narama: ikertzera, alegia, noraino fikzionatu dituen memoriadunak bere ibilera eta norabideak, harekin konpartitu nituen gertaeren ene oroitzapenetatik. Haren memoria luzeen bigarren liburukia bakarrik, Mario ezagutu nueneko istorioak dakartzana, irakurri dut; nahikoa, baina, aspaldiko ene uste batean sakonago errotzeko: memorien genero literarioak autofikziozko sorkuntzatik duela gehiago, historiazkotik baino. Adin aurreratu bateko talaiatik bere memoriak idazten dituenak, areago politikaria izan bada, eta are gehiago narraziorako dohainak baditu, interes gutxi izan ohi du bere oroitzapenen hutsegiteak zuzentzeko; eta are gutxiago bere burua oroitzapenen garaietan kokatzeko, erran nahi baita, garai bateko esperientziak garai hartatik bertatik biziberritzeko: kontari dezente ona baldin bada, testuinguru sinesgarria pinta dezake, baina hor txertatzen duena ez da garai hartako bere burua, idazten dueneko talaiatik berreraiki nahi duen pertsonaia baizik. Horrela, inguruko jendeak —berdin du lagun, lehiakide edo etsai izan diren— protagonistaren konpartsak baizik ez dira, auto-erretratuaren zerbitzuan birdiseinatuak, berrukituak edota sinpleki, laino ala maltzur, faltsutuak: autofikzioa, mundu koherente bateko bilbean kasurik onenean.

Pedro Alberdiren liburua, testigantza edo autobiografia bainoago autofikzioa diren memoria horietan dago oinarriturik. Mario haur eta gaztea marrazten du, Eibarren eta Bilbon, haren bidaia iniziatikoa, kartzelan sartu arte 1969.ean. Horixe iturri nagusia, baina ez bakarra; bertze iturri bat, hau bai formalki autofikziozkoa, du Alberdik Carlos hura pintatzeko: Gran Placen aurkituko gara eleberria, Onaindiak ere idatzia 1983.ean, bertze adin-talaia batetik. Hori guzti hori aldakuntza sakonak, sozio-ekonomiko, kultural eta politikoak, gertatzen ari zireneko testuinguru baten barnean.

Itxuraz erraza du Alberdik idazkera, erosoa beti ere, badaki gertakariak eta giza paisaiaren pintzeladak elkarlotu eta narratzaile gisa distantziak gordetzen, pertsonaiarekiko sinpatia estali gabe bertzalde. Erranak erran, merezi du irakurketa.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak