kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Lurraren mugarria / Pablo Antoñana (Jose Luis Padron) / Bermingham, 2001

Zaldun bakartia soslaiz Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-03-23

Bere txikitasunean handi den liburu baten aurrean gara. Handia bezain bitxia. Mehea bezain mugagabea. Ate-leihoak zaldun bakarti baten jarrera etikoei eta bizi ezinegonari zabaltzen dizkielako. Gaztelaniaz idatzi arren, egilea, Pablo Antoñana, gure ingurukoak ez diren literatura exotikoetako egile batzuk baino gutxiago ezagutzen du-eta euskal irakurle arruntak. Nafarra bada ere. Egia da, bai: euskal idazle gehienak ere guztiz ezezagunak dira kantabres erdaldunen artean. Euskal itzulpengintzan sarritan eztabaidatu izan da ea zenbateraino xahutu behar diren (berez ahul diren) indarrak euskal irakurle gehienek gaztelaniaz ederto batean ulertzen dituzten testuak euskaratzen. Bizpahiru zergatiko aipa litezke, baina utilitarista bi nabarmenduko ditut: egile guztien diskurtsoek, berbaldiek, hizkuntza hartzaileari beti zer edo zer berria emendatzea; bigarrenik, hurbil eta eskura izan arren, euskal irakurleak bestela ezagutuko ez lukeen nafar kultura heterodoxoaren adibide argiz bete bat aditzera ematea.

Baina liburua bitxia da argitaratzaileari gagozkiola ere. Bermingham argitaletxeak, orain artekoan gaztelaniaz baino agertu ez bada plazara, liburu honen bitartez euskal bilduma bat ere hasi du, hain suertez, ‘Zaldun bakartia’ deritzona. Berezitasunean lagun, aipagarri da liburuak estilo-zuzentzailea ere izatea, nor eta Felipe Juaristi bera. Hori ez da dena, barren. Editoreak berak aldarri esanguratsu eta ausarta egiten du literatura integratzailearen alde, literatura integratzailea ez bada, literatura ez ei delako, bizitza izateari ere uzten diolako. Boneta kentzeko moduko esana_ eta izana, argitaratzailea, Felix Maraña, etengabe ari delako zeregin hori bete guran. Harrogarri du, halere, berak plazaraturiko liburuetan akatsik ez agertzea, perfekzio erabateko horretatik hurbil dabil, bai, baina ez du guztiz erdietsi euskarazko saio honetan. Etorriko dira etorri berriak…

Barruan, liburuaren barnean, orrion baitan, bost ipuin. Bost bizi zati. Bost harlauza. Bost aldarri. Bost salaketa. Bost etika lezio. Eguneroko gertaeretatik eta istorioetatik magia eta literatura ateratzen gutxik legez dakielako Antoñanak. Bizi eskarmentu eta literatur ibilgu luzeak daroatza lepoan. Eta hori oso nabarmena da testuetan. Ahozkoaren hurbiltasuna eta gogoeten sakona nahastuta, adimenerako bazka behar-beharrekoa gertatzen digu lumaren sukaldean idazlariak.

Liburu mehea izan arren, bost ipuinok erronkaz beterik daude. Toki exotikoetatik nafar lurren sakonera edo literaturakoa baino ez den eremura han-hemenka ibiltzen da etengabe Pablo. Jose Luis Padronek bizkarreratu duen lantokia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gaitza da ahots epel bezain garratz hori euskaraz ematea: hizkera indartsua, lexiko aberatsa, ñabarduraz betea, gaur egungoenetik anakronismora ezari-ezarian doala. Baina beztidura formal hori ezer ez litzateke euskarri, bermagarri ideiak ez balitu. Eta horrelakoez gainezka agertzen dira lerroak. Idazleetatik biografoek, normalean, alderdi erromantikoak edo lazgarriak nabarmendu ohi dituzte, baina ia inork ez du hizpidera ekartzen nondik lortzen dituen idazleak materialak, nola lantzen dituen lehengaiak, are gutxiago, zer-nolako borroka latzak izan ohi dituen eleekin. Gatazka horren zantzuak, zauriak eta orbainak etengabe azaltzen zaizkigu irakurri ahala, letra, berba eta lerroen artean ostenduta dauden arren.

Antoñanaren literatur unibertsoan koherentzia, sendotasuna eta zabaltasuna bat eginda daude mundu bere-bere eta itxi batekin, baita boterearen ustelkeria salatzeko jarrera etengabe eta nekaezin batekin ere.

Horrekin guztiarekin lehiatu behar izan du itzultzaileak. Ezin uka daiteke Jose Luis Padron (1998an Euskaltzaindiaren Arrese Beitia saria eskuratu zuen) poeta denik. Jatorrizko hitzen magia, soinua eta erakarmena, hau da, poesia, bikain eman ditu. Egia huts eta borobila. Lexikoaz adierazitakoaren aldera, ez da guztiz berdin jazotzen joskerari gagozkiola. Antoñanaren mintzoa etenez betea dago, ia barne pentsamendu hutsa den aldetik. Horrek oso joskera itzultzen zaila, adabakiz beteriko modukoa sortzen du, nahiz eta irakurtzerakoan irakurlea ia ezari-ezarian horren gainetik igaro daitekeen. Itzultzerakoan, oso tentuz ibili ezean, jatorrizkoaren zailtasuna, gura barik ere, ilundu egin daiteke. Itzultzailearengandik bi indarrek tiratzen ei dute: idazlearenganako fideltasunak eta irakurlearenganako zorrak. Nago honetan irakurleari gauzak zer edo zertxo erraztu edo behar zizkiola itzultzaileak. Guztiarekin ere, Jose Luisi esker zaldun bakartiari ate bikaina zabaldu dio Bermingham editorialak euskal etxera sartzeko. Oxala hasiera baino ez balitz eta zaldun bakarti guztiak lau oin bizian sartuko balitzaizkigu elkar hartuta!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak