« Unibertsoa eskuan | Poetaren ofizioa »
Autokarabana / Fermin Etxegoien / Pamiela, 2009
Bizitzaren erritmo sinkopatua Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-10-25
Adin bakoitzak bere krisialdia dakarkigu: bizitza etengabeko krisi zaigu. Baina haurtzaroa pasatuta, non gure kezkak ezin ditugun krisi ideiarekin lotu, eta nerabezaroko lokaldia aparte utzirik, gure (lehen) gaztetasuna ahitzen ari zaigula konturatzen hasten garenetik, badugu joera hamarnaka urtetan neurtzeko geure krisialdiak. Zenbakien magia, agian, sistema hamartarreko kultura hauetan. Berrogei urtetako adinean dugu krisialdi topikoenetako bat. Erran gabeko egiatzat hartu ohi dugu gure bizitzak dagoeneko bere ibilbidean aingurak nonbait bota dituela, edo nonbaiteko errailetan sartu dituela gurpilak. Alta, berrogei urte betetzen duguneko goizean konturatzen gara, kasurik onenean ere gure aingurek ez dutena hondo ziurrik topatu eta ez dakiguna errailek noraino, ezta norantz ere, bideratuko dituzten gure bizitzaren gurpilak. Eta berdintsu berrogeita bat urtetan, eta berrogeita bitan, eta berrogeita hamahirutan…
Fermin Etxegoienen Autokarabana eleberrian, berrogei urtetako adinaren krisialdian dago, bete-betean, protagonista narratzailea. Gainera, haren bizi ibilerak inon ez ditu bota oraindik aingurak, ez du inolaz ere lortu gurpilak errailetan sartzea (autokarabana, bizitzaren mugikortasun etengabearen eta leku finkorik ezaren metafora dugu). Apurturik du familia, banandurik dago, baina alabatxoa dela kausa ezin askatuz lotura guztiak; sexuaren beharrak bereak eskatzen dizkio; bakardadean, bere “pisu handiegian” ezin kabituz bizi da, gurasoenera lehen baino gehiago joan beharrean, edo kalera, erretzera itzuliz erdi lotsaturik eta aitortu ezinean; alabatxoarekin lerdea dariola, baina ongi zaintzen ez dakiela, bere txandan; amodio berri baten zurrunbiloan, gorabeheratsua berau ere. Gutxi izanen balitz bezala, sigi-sagan ibili da bizitza profesionalean: publizista makala ez izanik ere, agentzia askotatik pasatu behar izan du ogibide bila —baina adin horretako galdera, aingurarena: “Zergatik ez naiz, orduan, aberastu?”—, lanik gabe gelditu zen emazte ohiaren haurdunaldian, orain kooperatiba batean dago, euskal, are euskaltzalea ere, kooperatiba batean, publizista gisa eta proiektu itxaropentsu bat esku artean, baina, nola ez, kolokan duena bideragarritasuna… Desastre arrunta.
Bere krisialdian dena korapilatzen du: kooperatiba mundua, publizista gisako sormena, euskaltzaletasuna, amodio berria… Egiten duena egiten duela, pentsatzen duena pentsatzen duela, ezin ditu bereizi arlo desberdinak, maitasun egarriak, dudek eta jelosiek markatzen dizkiote lan harreman eta proiektuen inguruko ekimenak, ezontsa du nagusi euskararekiko maitasun eta ardura/kezka neketsuen artean, kooperatibako euskara teknikaria izanik, hain zuzen ere, kontalaria maitemindu eta leloturik duena.
Fermin Etxegoienen lehen eleberria dugu. Orain arte, artikulu eta saiakera egile gisa ikusteko aukera izan du irakurleak. Narrazioan, ezagutzen dizkiogun ikuskerak eta galderak barreiatzen ditu, ongi ere ongi txertatuak kontakizunen bilbean, eta bere ohiko estiloan: erranaldi motzak, paragrafo labur-laburrak, puntu eta apartez josiak orrialdeak. Inpresio, intuizio, uste, egiaztapen bakoitzari leku nabarmena eman nahian bezala, publizista bati dagokion moduan. Erritmo sinkopatua nagusitzen da irakurketan; ulerterraza hau, eta arina zentzu horretan, baina bere luzeran halako ezinegona sor diezagukeen erritmokoa. Estilo performatibo baten adibidetzat jo dezakegu, bizitzak berak, are gehiago krisialdietan, erritmo sinkopatuan eramaten baikaitu egunez egun.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi