« Idazle ezezaguna | Ez obeditu inori »
Urre urdinaren lurrina / Jurgi Kintana / Pamiela, 2009
Altxor eskas baten notarioa Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-10-11
Altxor bilatzaile profesional zintzo izan behar, aurretik sinetsiz zerbaitekin topatuta ere balio gutxikoa izanen dela zera hori, eta halaz ere promesa eskaseko lurralde batean neke gabe bere horretan jarduteko! Baina historia kontuetan, dela historia arkeologikoa, dokumentala edo literarioa, hutsuneak ere hustu behar, dokumentazio falta ere dokumentatu, erregistratu behar. Horrelako altxor baten bila abiatu da Jurgi Kintana euskal literaturaren bere historia honetan, Urre urdinaren lurrina izenekoan alegia, 1810-1940 artekoan. Urdina, “kolore nahasi hotza” definitu zuen Patziku Perurenak Koloreak euskal usarioan saiakera gogoangarri hartan, eta “kolore indarge, kolore ahula” bezala ikusi zuen Sarrionandiak ere bere Ni ez naiz hemengoa bertze hartan, oroigarria ere bai. Urrezko altxor baten bila abiatu zaigu, bada, Jurgi Kintana euskal literaturaren lurralde mugatu honetan, eta gehienez ere urre urdinaren lurrinarekin baizik ez du topo egin.
Saiakerarentzat ongi asmaturiko izenburu honek badu bertze kutsu bat, egokia baino egokiagoa ere: poeta sinbolistek bilatzen zuten efektua sortzen digu tituluko hitz joko politak. Hain zuzen ere, altxor bilaketan, arrazoimen zorrotzaz baliatuz, zentzudun, alboratu egin ditu XIX. mende erdialdeko euskal nobelagile errealista, eskolak eskatzen zuen “nobelatzar” baten egilea, aurkitzeko aukerak —zein irakurlegoarentzat idazteko nekea hartu? nork argitaratzeko?—, eta idazki laburren peskizan jarri: poesia arloan, 1870etik aurrera garatuz joan zen sinbolismoaren korronte estetikoan. Hortaz, bada, saiakeraren izenburu guztiz (eta maltzurki?) sinbolista.
Euskal idazle galduaren bila (saiakeraren azpititulua) abiaturik, XIX. mendeko poeta frantsesen, edo giro kultural urratzaile hartan mugitzen zirenen profil soziologiko, mental eta kulturala (les poètes maudits) marraztu ondoren, Euskal Herriko idazleengan ezaugarri haietako alerik falta erregistratu behar izan du. Halaz ere, temati ibili da ikerlaria mundu zabalekoak izan eta Euskal Herriari nolabait atxiki zitzaizkionen bila, ea garaiko izpiritu kreatzailearen zerbait utzi ziguten idatzirik euskaraz. Edwar Spencer Dodgson idazle xelebreari erreparatu dio polikiago, baina, honengan ere, nahiz poema batzuk euskaraz utzi, “bere poesien maila zein modernotasun urria” erregistratu baizik ezin izan du egin berriro ere gure notarioak.
Azkue, Broussain, Jean Etxepare hartu ditu gero lupa azpian, XX. mendean jada. Lehenbiziko biengan, sinbolismo izpirik ez. Interes handiagokoa suertatu zaio Jean Etxepare, Aldudeko “mediku hits eta eztia”, nahiz eta prosaz idatzi. Prosa ederra, sen poetikokoa sarri, eta horrengan bai aurkitu duela sinbolismoaren lurrina. Aipagarri eta eskergarria, gaurko irakurleontzat Etxepare berreskuratzeko Jurgi Kintanaren ahalegina, bertze batzuenei gehitzekoa.
Geroko poeta eztabaidaezinengan pausatu gabe (Lizardi, Lauaxeta, Orixe), ahaztuago edo ikertu gabe dauden bertze askoren bila doa segidan, garaiko aldizkari eta artxiboetako hautsa astinduz. Merezi du “neskatxa bihurriak” bezala memoriara ekarri dizkigutenen ikerketak, nazionalismoak bultzaturiko giro euskaltzalean: Tene Muxika, Sorne Unzueta Utarsus eta Pantzeske Astibia Onintze bezalakoak, poemak egiten ausartu zirenak.
Altxor bilaketaren fikziopean, gure poesia sinbolistaren zantzuen ikerketa polita egin du Jurgi Kintanak, dibulgazio tonuan plazaraturik, gure poesia haren urritasun eta berantiartasuna, alde soziokulturalek baldintzatuak, erregistratzeko baizik ez izanda ere.
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro
Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi
Mikel Asurmendi
Lakioa
Josu Goikoetxea
Irati Majuelo
Poesia guztia
Safo
Aritz Galarraga
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Maddi Galdos Areta
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Hasier Rekondo
Akabo
Laura Mintegi
Jon Jimenez
Akabo
Laura Mintegi
Asier Urkiza
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya
Nagore Fernandez
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria
Jon Martin-Etxebeste
Hitzetik ortzira
Ana Urkiza
Mikel Asurmendi