« Nitasunetik kontzientziaren eraikuntzara | Etsipena »
Ez obeditu inori / Mikel Peruarena / Susa, 2009
Ez obeditu inori Gari Berasaluze / Beterriko Liburua, 2009-10
Zorionez, zaila da aurten euskaraz liburu bat argitaratu duten idazleen artean bat hautatzea. Bada aukerarik. Beste batzuen artean, ezusteko atseginak izan dira niretzat Uxue Alberdiren Aulki-jokoa (Elkar, 2009), Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori (Susa, 2009) eta Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori (Elkar, 2009). Biribilak iruditu zaizkit hiru lanak, bakoitza nabarmendu beharreko kontu ezberdinekin eta berezitasunekin.
Bizitza, ordea, erabakiak hartu beharra omen da, Anarik abesten duen moduan. Hautatu beharra. Horregatik, Uxue Alberdirena beste nonbait hizpide izan nuenez, eta Irati Jimenezena atal honetan bertan proposatu zuenez Irati Elorrietak aldizkari honen aurreko zenbakian, Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori ederrari helduko diot.
Harribitxia iruditu zait idazle eta kazetari ereñotzuarraren lehen nobela. Ausardiaz heldu dio erronkari, eta hutsik egin gabe, ederki asmatu du irakurlea lanaren estiloagatik, egituragatik eta istorioagatik kateatzen. Kubako gerran maingu geratutako eta inori obeditzen ez dion Sotero Mujika bertsolariaren ahotik kontatzen zaizkigu gertaerak. Soterok, tipografo lanetan aritzen den poeta okzitaniarra eta estudiante bizargabe bat ditu lagun, eta haiekin biltzen da taberna zuloko solasaldietara, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hastapeneko Donostialdean.
Angiolillo anarkistaren itzala hedatzen da protagonisten asmoetara, narrazioa hark Canovas del Castillo hil ondorengo urteetan kokatuz. Suari bizirik eutsi behar zaio, boterearen aurka ekin behar da, eta bide horretan puzzle berezia osatzen dute poeta okzitaniarraren ikasgaiek eta bertsolariaren herri literaturak.
Istorioaren hariak baino gehiago, ordea, istorioa kontatzeko moduak harrituko du irakurlea ia hasieratik. Idazleak egindako dokumentazio lana ez da nolanahikoa, ederki girotu du nobela duela ehun bat urteko Donostialdean, baina batez ere erabili duen estiloak harrapatu eta liluratu nau ni behintzat. Zenbait pasarte behin eta berriro agertzen dira orrialdeetan barrena, narratzailea horiekin jolasean ariko balitz bezala, irakurlea harrituz hasieran, eta ariketa literarioaren konplize bihurtuz ohartzerako.
Estilo ederraz gain, kasualitatetik ezer ez duten izenez eta keinu literarioz beteta dago nobela. Ez dugu ezer asmatuko, beste norbaitek beste nonbait idatzi baitu dagoeneko poeta okzitaniarraren izena Èmile 1885ean Germinal idatzi zuen Èmile Zolari zor zaiola. Germinal aipatuta, gainera, Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) handia ezin bestean gogora datorkigu, gaiagatik, giroagatik eta, batez ere, kontatzeko moduagatik, nobela haren ahaide duina baita Ez obeditu inori.
Angiolillo dute eredu protagonistek, eta haren bidea egin nahi dute. Pareko zerbait iruditu zait nobela hau: maisuaren bideari heldu nahi izan dio ikasleak, eta ez du hutsik gabe.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro